Unai Fernandez de Betoño
Arkitektoa

Errekaleor inguruko hirigintza

Hanka sartze urbanistikoa izan zen 1950eko hamarkadaren amaieran Errekaleor auzoa Gasteizko hiri-bilbetik hain urrun eraikitzea. Baina beste hainbeste esan daiteke Abetxuku herrixkaz, Armentiako San Prudentzio taldeaz, Ehariko Imosa langile-koloniaz eta Aretxabaletako Bustaldea etxe-multzoaz, eta ez da eskatu horiek eraistea. Argi izan dezagun: EAJ-PSE-PP troikak Errekaleor eraitsi nahi du 3.561 etxebizitza berri eraikitzeko operazio erraldoi baterako oztopo bihur daitekeelako, indar gehiago hartuz gero.

Egia da etxe horiek ez dituztela bihar edo etzi egingo, urte batzuk pasa beharko direla. Baina ez bat-batean lurzoruaren erabilera zentzudunago bat sustatu nahi delako, baizik eta, urteotan edonola eraikitzearen poderioz (aski da Arkaiate edo Larrein ikustea), Gasteizko etxeen salmenta erabat geldirik dagoelako oraingoz. Hau da, adreiluaren burbuila berria ez delako soilik bi egunetan berriz puztuko, eta, ondorioz, gainbalioen jolas urbanistikoa ez delako sobera etekingarria une honetan. Hala ere, badaezpada, Errekaleorren 300 edo 400 «antisistema» (EAJren esanetan) bizitzen gotortu baino lehen, komeni da hondeamakinak hara bidaltzea, 14. sektoreko lursailetako jabe diren Gasteizko eraikitzaileen (Berriaga Gestión Inmobiliaria, Yarritu, Centro Urvasco, Zadure, Construcciones Fernández de Nograro, Izkiz Promociones, Yorralde, Fergose 1…) interesak ongi babesteko.

Zeren eta EAJk xisteratik atera duen ortu ekologikoen proiektua aitzakia hutsa da, eta ekologiaren enegarren erabilera interesatua. Ez dago inolako plan seriorik ortu ekologiko horiei dagokienez: dagoen gauza bakarra da jelkideen Power Point propagandistiko bat, zeinetan, bitxia bada ere, Errekaleorren dauden 20 eraikinetatik 17 zutik mantentzea proposatzen baitzuten. Baratze ekologikoena benetako proposamena balitz, Errekaleor inguratzen duen 14. sektore urbanizagarrirako planteamendu urbanistikoa aldatzeaz arduratuko lirateke, abian den Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenean. Sektorearen desklasifikazioa, urbanizaezin gisa berrizendatuz, zentzu horretan, aukera sinesgarriena litzateke.

Errekaleor inguratzen duen sektorearen desklasifikazioaren kontra, ordea, troikako politikariek diote milaka milioietako kalte-ordainak eska litzaketela lursailetako aipatutako jabeek, indarrean dagoen hirigintza-plangintza aldatuz gero. Baina ez da egia. Udalak ius variandi baitauka, alegia, bere eskumena den hirigintza modu zentzudunean aldatzeko eskubidea. Eta, Alfonso Alonsok Plan Orokorra 2000n onetsi zuenetik egoera sozioekonomiko eta urbanistikoa erabat aldatu denez, logikoena litzateke Gasteizko hiri-eredua egokitzea, esandako 14. sektorea, besteak beste, desklasifikatuz. Lursailetako jabeek soilik eska litzakete orain arte edukitako benetako gastuak itzultzea, eta ez irabazteko asmo dutena, 8/2007 Espainiako Lurzoruaren Legeak argi utzi moduan; hots, urbanizazio-lanak hasi ez direnez, plan eta proiektu teknikoak idazteko sustatzaileek gastatu duten dirua soilik. 712.000 euro baino dezente gutxiago dena, ziur. Alegia, Errekaleor eraisteko Plan Bereziak aurreikusten duen kopurua baino gutxiago. Gasteizko Eraztun Berdea ere, kasualitatez, Errekaleorren gainetik pasa behar dela iragarri du orain EAJk. Ahaztuta, akaso, alboko Elurretako lursailetatik pasatzea adostua zegoela. Eta arraroa da hori ahaztu izana, lursail horien erosketa, Alfonso Alonsoren udal-gobernuak sortutako Cosubapre pantaila-enpresa ilunak lehen aipatutako eraikitzaile batzuekin batera 2006an egindakoa, «Gasteizko hirigintza-pelotazorik handiena» izan zela esana baitzuen Urtaranek, alkate izan baino lehen.

Argi dago EAJ eta PPren arteko ituna Errekaleor eta haren inguruetatik ere pasatzen dela. Eta eraitsi nahi duten gauza bakarra ez dela diru-sarrerak bermatzeko errenta. •