Xabier Izaga Gonzalez

ANDIKONAKO SARRASKIA, «AHAZTEN ITZI EZIN DANA»

1936ko uztailaren 18a, Santa Marina eguna; Otxandion, Santa Maña, herriko zaindariaren jaiak. Estatuko hainbat hiriburutan altxamendu faxista egon zen eta hiri horietako askotan faxistak nagusitu ziren; esate baterako, Otxandiotik gertu, Iruñean eta Gasteizen. Aurreko hilabeteetan hainbat karlista matxinoekin bat egiteko prestatzen jardun zuten Durangon, eta pentsatzekoa da haien artean otxandiarren batzuk ere izango zirela. Donostian egoera nahasia zen, baina Bilbon berehala eragotzi zuten matxinada; horrenbestez, estatu kolpearekin bat egiteko asmoa zutenek Gasteiz aldera edo ezkutura jo zuten.

Hurrengo egunean, 19an, hegazkin batek Otxandio gaineko zerua zeharkatu zuen, altxamenduaren aldeko propaganda botatzeko. Herri hori, Arabako mugan, leku garrantzitsua zenez, hainbat militarrek eta boluntario abertzale eta ezkertiarrek osatutako zutabe bat hara abiatu zen Bilbotik 19ko goizaldean, eta 21ean bigarren bat ere iritsi zen.

Egun berean, indar horiek Legutio hartu zuten, tirorik bota gabe hartu ere, zutabe bat Otxandiotik eta bestea Barazartik hurbilduta. Haien helburua, dirudienez, Gasteizeraino iristea zen, Gipuzkoatik abiatutako beste zutabe batekin batera; hala ere, gipuzkoarrek Donostiarako bidea hartu zuten, han ere militarrak matxinatu zirela jakindakoan. Hartara, Legution ziren indarrek Gasteizera iristeko asmoa bertan behera utzi eta Otxandiora eta Ubidera itzultzea erabaki zuten, Molaren indarrei aurre egiteko Legution gotortu beharrean.

Otxandion, bitartean, kezka gorabehera, jai giroa zegoen. Baina 19an bezala, 21ean zenbait hegazkin txikik matxinatuen panfletoak bota zituzten, honako mezu hau helarazteko: «Ochandianeses, rendíos». Egun berean, Gasteiztik falangista eta errekete zutabe bat abiatu zen Legutiorantz, baina Gasteizen faxistek ez zuten egoera guztiz kontrolpean, nonbait, eta Arabako hiriburuaren defentsa lehenetsita, haraxe itzuli ziren. Gau hartan, Legutioko herritar askok Otxandiora eta altxamenduaren aurka zeuden beste zenbait lekutara jo zuten.

«Papelak die! Papelak die!»

Uztailaren 22an, ordu arte ikusi gabeko hondamendia eragin zuten faxistek Otxandion. Goizeko bederatzietarako jende asko zebilen herriko kaleetan zehar, batez ere Andikona plazan, herriko erreferentzia gunea zenez gero: aurreko egunetan iritsitako soldaduak eta milizianoak, otxandiar ugari eta jaietara joandako beste asko. Umeak iturriaren eta bertako errekaren inguruan jolasean, emakumeak iturrira uretan zihoazela edo erreka bazterreko harraskan arropak garbitzen... Plaza huraxe aukeratu zuten Logroñoko Recajo-Agoncillotik irten ziren hegazkinek sabelean zeramatzaten bonben jomuga. Zigor Olabarria historialariak “Gerra Zibila Otxandion” lanean dioenez, ez dago argi hegazkin batek edo bik egin zuten triskantza, ezta bonbardatu aurretik panfletoak bota zituzten ala ez; edonola ere, lekukoek diotenez, paperak botako zituztela uste zuten denek, eta hegazkinek hegoetan Errepublikaren bandera margotuta ei zeukaten. 09:30ak baino lehen hasi eta ordu erdiz, Andikona eta inguruak heriotzaz erein zituzten. «Andikonako errekatxoan laster gorritu zan ura», diote Unai Iturriagaren bertsoek, lekukoek kontatu dutena deskribatzeko, eta irudi hori ez da inondik inora gehiegikeria.

Honela gogoratzen zuen Koldo Pildainek iaz: «Andikona plazatik zehar pasatu ginen, hilda zeuden denak, besoak, hankak nahinon... Oso gogorra izan zen». Aurten hil da Pildain, hondamen hura gogoan, baina gertatuaren memoria berreskuratzeko ekarpen ezin baliotsuagoa eginda. Jose Antonio Marulagoitia Otxandioko medikuak bonbardaketaren ostean “Euzkadi” egunkariari kontatutakoa ere benetan ikaragarria da: «Gorputz puskatuak, gorputz adarrak erauzita zeuzkaten umeak, burua moztutako emakumeak...». Ez dago zalantzarik zibilak zirela hegazkinetako karga hilgarriaren jomuga, jausten utzi zuten lekua eta emaitza ikusita. 61 lagun hil ziren, gehienak emakumeak eta umeak. 45 zibilak ziren; bost, milizianoak; lau, soldaduak, eta ez dago beste bosten gaineko daturik. 24 adin txikiko; horietatik 16, hamar urte baino gutxiagokoak.

Altxamendu faxistaren laugarren eguna zen. Harrezkero, ez zegoen zalantzarik gerra piztua zela, gerra luze eta ankerra, Otxandioko bertako gerra frontea, Legutioko zein Intxortako gudak, Durangoko, Gernikako zein Bilboko bonbardaketak, okupazioa... lekuko.

Nork jaurti zituen bonbak?

Bat datoz historialariak eta ikertzaileak Andikona bonbardatu zuen edo zuten pilotuetako bat Angel Salas Larrazabal izan zela. Besteak beste, haren anaia Jesusek hala kontatu zuelako. Angel Salas Urduñan jaio zen. Estatu kolpearen egunean, abiazio militarreko kapitaina zela, Madrildik Iruñera ihes egin zuen. II. Mundu Gerran Sobietar Batasunean izan zen naziekin, Eskuadrila Urdina delakoaren buru. Ondoren agregatu militarra izan zen Erroman, Berlinen eta Lisboan. 1972an, dibisio jenerala zela, erretiroa hartu zuen. 1977 eta 1979 bitartean senataria izan zen Madrilgo Gorteetan, errege espainolak izendatuta, eta 1991n ohorezko kapitain jeneral izendatu zuten.

Haren anaiak “Guerra aérea” liburuan honela kontatu zuen Andikonako bonbardaketa: «Uztailaren 22an Logroñoko Breguet XIX hegazkinek Gasteizera gerturatu nahi zuten zutabe bilbotarren borrokarako adorea suntsitu zuten. Salas kapitaina Agoncillotik aireratu zen goizean goiz [...]. Otxandiotik igarotzean soldaduz eta milizianoz betetako zenbait kamioi idoro eta bonbardatu egin zituen; hainbat tiro jo zizkien eta hondamen handia eta erabateko nahastea eragin [...]». Bilboko prentsak argitaratutako hildakoen zerrenda aipatzen du: «Zazpi hildako eta 23 zauritu agertzen dira. Hildakoetatik, bat soldadua eta hiru milizianoak ziren, seguru asko. Emakume batek eta bi neskatok osatzen dute zerrenda (...)».

Gero eta gehiago dira urte luzeetan isilpean gorde diren gertaeren gaineko lanak, orduko eta ondorengo bilakaera historikoa ulertzeko ezinbestekoak. Otxandiori dagokionez, gomendagarriak dira oso arestian aipatutako “Gerra Zibila Otxandion”, Zigor Oleaga historialari gasteiztarraren ikerketa (Eusko Ikaskuntza eta Otxandioko Udala, 2011), eta Gerediaga elkarteko kide Jon Irazabalen “Otxandio Gerra Zibilean” (Gerediaga Elkartea eta Otxandioko Udala, 2003 eta 2006).