EHU
Interview
Emma Teeling
IKERLARIA

«Gizakion bizitza luzatzeko eta hobetzeko gakoa saguzarren genoman egon daiteke»

Conway Institute of Biomolecular and Biomedical Research zentroko eta Bat 1K plataformako kide da. Saguzarren berezitasunei buruz eta berezitasunok gizakien bizitzan izan ditzaketen onuren inguruan mintzatu da aste honetan Donostian izan den saguzarren inguruko nazioarteko sinposioan.

Saguzarrak bereziak dira». Horrelaxe baieztatu du Emma Teeling ikerlariak asteon, Donostian. Conway Institute of Biomolecular and Biomedical Research zentroko ikerlaria da Teeling eta bertan eboluzioaren eta genetikaren inguruan irakasle aholkularitzan dihardu, bereziki saguzarrak ikertzen. Izan ere, adituak nabarmendu duenez, «saguzarrek oso bereziak egiten dituzten zenbait ezaugarri dituzte. Denborarekin eboluzionatuz joan ahala, haien organismoa beste espezieena ez bezala aldatzen joan da, arazoen aurrean soluzio oso bereziak emanez». Ikerlariak berezitasun horiek zerrendatu ditu, horietatik aipagarriena «benetan hegan egiteko ahalmena duen ugaztun bakarra» dela nabarmenduz. «Kontraesankorra dela irudi dakigukeen arren, saguzarrak txoriek baino azkarrago hegan egitera irits daitezke, eta hori harrigarria da».

Oso ezaugarri bereziak

Bestalde, «igortzen dituzten soinuen arabera saguzarrak haien ingurunearen mapa bat egitera irits» daitezkeela aipatu du, hau da, «ekolokazioa». «Alabaina, badira saguzar espezie batzuk antza ekolokatzeko ahalmena galdu egin dutenak. Ikertzaile talde bateko kideok fenomeno hori ikertu dugu geneen eta fosilen laguntzaz, eta gure hipotesi nagusietako bat ekolokazio ahalmena ‘galdutako’ ahalmen bat izan ordez, denborarekin garatutako ezaugarri bat dela da. Era horretan, ekolokaziorako abilitaterik gabeko saguzarrek ez lukete ahalmen hori galduko, baizik eta besteengandik ezberdin eboluzionatu baino ez. Hala ere, egun ez daukagu hipotesi hori baieztatzeko ez adina froga ez adina ikerketa».

Soinuen ildoari jarraiki, Emma Teeling adituak saguzarren komunikaziorako eta aho komunikaziorako gaitasunei erreferentzia egin die, «ugaztunon komunikazioaren konplexutasuna» nabarmenduz. Teelingen esanean, «saguzarrek ekosisteman izugarrizko onurak ekartzen dituzte». Esaterako, «Ameriketako Estatu Batuetako saguzarrak desagertuko balira, Gobernuak hiru bilioi euro inguru inbertitu beharko lituzke intsektizidetan, saguzarren funtzioa ordezkatu zezaten».

Urte luzez bizi dira

Azkenik, ikerlariak «animalion hibernatzeko gaitasuna» aipatu du, «hilabeteetan mugitu eta jan gabe izateko gai dira, geroago, bat-batean, mugitzeko. Abilitate txundigarria inondik inora ere».

Baina hori guztia gutxi ez eta saguzarrek badute bestelako dohainik: «betirako gaztaroaren iturrirako gakoa dutela dirudi». Emma Teelingek azaldu duenez, «normalean korrelazio zuzena izaten da animalien tamainaren eta biziraupenaren artean. Zenbat eta gorputz handiagoa, orduan eta denbora gehiagoz bizi ohi da. Alabaina, lege hori ez da saguzarrekin betetzen. Beren gorputz tamaina txikiari eta metabolismo azkarrari begiratuta, urte gutxiz bizitzen den animalia dela esan daiteke, baina, aitzitik, urte luzez bizi dira».

Teelingen ikerlari taldeak arlo hori ikertzen eman ditu bost urte. «Urteak igaro ahala izaki bizidunon kromosomen telomeroak laburtzen doazela aski jakina da, baita fenomeno horrek izakion zahartzearekin korrelazio zuzena duela ere. Hori dela eta, hasieran saguzarren biziraupen luzea haien kromosometako telomeroak laburtzen ez joaterekin lotuta zegoela pentsatu genuen».

Ikerketa hori burutzean, Myotis izeneko saguzar espezieak haien telomeroak babesteko eta denborarekin txiki daitezen ekiditeko ahalmena duela ikusi zuten. «Telomeroen laburtzeak kromosomak gaizki kopia daitezen eragiten du, eta efektu hori minbiziarekin erlazionatzen da zuzenean. Horrenbestez, telomeroak ongi babesteak minbizia ekiditea ekar dezake».

Gaitasun immunologikoa

Emma Teelingen taldeak ikerketarekin aurrera jarraitu du, eta, deskubritutakoaz gain, saguzarren kromosometan haien DNAko akats edo malformazioak hautemateko gene batzuk ere identifikatu dituzte. «Gene horiek izan daitezke bila genbiltzan gakoa». Gene horiek, gainera, «saguzarren gaitasun immunologiko handiaren erantzule izan daitezke». Izan ere, saguzarren beste ezaugarri esanguratsu bat ugaztunok gaixotasunen aurrean dituzten erantzun eraginkorrak dira. «Ez dira ia sekula gaixotasunekin hiltzen, eta oso litekeena da gene horiek dituzten gaitasun moldatzaileengatik izatea. Hau da, posible da saguzarrek gaixotasunak eragiten dituen kalteak konpontzeko ahalmena izatea».

Hala ere, «oraindik argitzeko misterio asko dago», eta horrexegatik espresuki, Emma Teeling ikerlaria Bat 1K ekimenaren inguruan mintzatu da. «Plataforma honen helburua saguzarren 1.300 espezieen genoma sekuentziak dokumentatzea lortzea da, informazio horrek guztiak gizakiengan eta beste animaliengan sekulako aplikazioak izan ditzakeelako». Horretarako, ordea, «ikerlarien, boluntarioen, ikasleen eta interesa duen edonoren laguntza lortu behar da. Saguzarrak eta genomak dira aurrerabidea».

 

Saguzarra, komunikazio sofistikatuko sistema duen animalia lagunartekoa

Emma Teelingek, besteak beste, saguzarren komunikaziorako eta aho komunikaziorako gaitasuna aipatu zuen Donostian. Izan ere, saguzarrek “solas” egiten dute elkarrekin, urte askoan auzotar berberekin bizi diren animalia erabat lagunartekoak dira. Ikergai garrantzitsua da animalien arteko komunikazioak ulermen semantikoa duen, alegia, “hitza” –hotsa– bere esanahiarekin lotzeko gaitasuna, eta duela zenbait hilabete arte ezezaguna zen saguzarrek igortzen dituzten hotsen esanahia; izan ere, ordu arteko ikerketen arabera, saguzarren komunikazio gehienak oihutan oinarrituta zeuden, baina jakinkizun zegoen oihu horiek zenbat eta zer motatako informazioa igortzen zuten. Joan den urte amaieran, aditu talde batek gai horri buruz egindako azterlan bat argitaratu zuten “Scientific Reports” eta, geroxeago, “Nature” aldizkariek.

Saguzarrak zer harreman mota sortzen ari diren jakiteko asmoz, aditu horiek komunikazio patroi batzuk ezarri zituzten, eta haien bitartez jakin zuten, esate baterako, sesioan ari diren edo beste sexuko laguna erakarri nahian dabiltzan.

Giza entzumenak ezin ditu soinu horien berezitasunak sumatu, eta zientzialariek algoritmo bidez lortu zuten atzematea. 75 egunez etengabeko audio eta bideo grabazioa egin zuten, saguzarrak bi kaiolatan banatuta zeudela. Bideo irudien bidez, “solas” bakoitzeko parte-hartzaileak identifikatu eta bi edo saguzar gehiagoren arteko hartu-emanaren bilakaera ikusi ahal izan zuten.

Saguzarraren deiak dei egiten duenaren eta deiaren hartzailearen identitateen gaineko informazioa duela idoro zuten. Horrek esan nahi du ezagutze faktore bat dagoela. Algoritmoen bidez jakin zuten, esate baterako, zein saguzar zeinekin ari zen liskarrean eta liskarraren motiboa. Liskarrerako lau motibo ohikoenak identifikatu zituzten: logura, jana, pausatzeko lekua eta aldeko erantzunik jaso gabeko estaltze ahaleginak.

Saguzarrek, halaber, komunikazio sofistikatuko sistema dutela idoro dute ikertzaileek, berezkoa edo sortzetikoa ez den gaitasuna, komunitatean ikasia baizik. Eta uste osoa dute animaliok are informazio gehiago identifikatzeko gai direla.

Kate Jones, University College London unibertsitateko Ekologia eta Biodibertsitate irakasleak “The Guardian” egunkariari esan zionez, aurkikuntzok saguzarren jokaera ulertzeko “Rosseta harria” dira, Egiptoko hieroglifoak ulertzeko bidea eman zuen harri hark bezala animalion komunikazio patroien deskodetzeak erakutsi baitu haren baitan zientzialariek aurreratutakoa baino askoz informazio handiagoa zegoela. Eta, Jonesek dioenez, beste espezie batzuen komunikazioa argitzeko eredu gisa erabil daiteke. Nekez egin liteke konparazio borobilagorik; izan ere, ikerketarako bildutako hotsak Rousettus aegyptiacus frutaren saguzar egiptoarrarenak dira. Saguzar mota hori oso arrunta da Afrikan eta Ekialde Hurbilean, eta ezin lagunartekoagoa da.