Laura Mintegi

«Me too»

Umetan ikasi genuen neska izatea ez zela negozio ona, mutila izateak bazituelako abantailak neskatoa izanda eskuraezinak zirenak. Egitate hori modu sotilean baina etengabe transmititzen zitzaigun, eta sotil eta etengabe gureganatu genuen belaunaldiko neskatook. Mutikoen balentriak txalotuagoak ziren, beren trebezia miretsiagoa eta beren kontaketak entzunagoak. Burbuila txiki baten modukoa zen mundu hartan, mutikoa epizentroan zegoen eta neskatoa hor nonbait, alderen batean.

Nerabezarora heltzen ari ginela, gure burua “emakume” deitzeko oraindik ere ausardiarik ez geneukanean, konturatu ginen neska izatea desabantaila izateaz gain, arriskutsua ere izan zitekeela. Gogoratzen dudan lehenengo erasoa Algortako Portu Zaharreko jaietan izan zen. Hamabost urte genituen, gaua zen eta portutik Usategirako bidexkatik igotzen ari ginen lagun bat eta biok. Gure adineko mutil kuadrilla zabala agertu zen tupustean eta dozenaka esku igurtzika sentitu genituen gona azpitik eta gorputz osotik, iraintzen gintuzten bitartean. Ostikoka lortu nuen askatu eta korrika ateratzea, baina laguna kikilduta eta negar batean ikusi nuenean, haren bila itzuli nintzen infernura. Minutu gutxi pasatuko nituen berriz ere erasopean, laguna askatzea lortu arte, baina orduak bailiran bizi izan nituen. 47 urte geroago oraindik gogoan dut.

Uda hartan au pair eman nuen hilabetea Londresen. Etxeko gizonak edozein aitzakiarekin aterarazten zuen emaztea etxetik nirekin geratzeko eta lizunki laztantzeko. Buruaz beste egitea pasa zitzaidan burutik, hain zen jasanezina egun bat gehiago ematea haren teilatupean.

Hamazortzi urte oraindik bete gabe neuzkala, autoeskolako irakaslea baliatzen zen bolanteari heldu behar niola, ukitzeko eta musukatzeko, ni saiatzen nintzen bitartean errepidetik ez ateratzen.

Ordutik hona beste eraso batzuk bizi izan ditut, baten bat larria. Zenbatzen jarri naiz. Zortzi. Zortzi eraso sexual, gehienak ezagutzen nituen gizonek eginda: gaztetako mutil-lagun ohia, harremana mozteagatik; lankide obsesiboa, gau “dibertigarria” pasatzen ez uzteagatik. Gizon haiek ez ziren estrainioak, ezagutzen nituen. Eraso batzuk galduta nituen memoriaren izkin batean, erdi ahazturik. Baten bat ez dut ahaztu bizitzaren egun bakar batean ere.

Ez dut emakumerik ezagutzen, ezein adinetako emakumea izanik ere, bizitzaren uneren batean ala bestean beldurrik sentitu ez duenik emakume izate hutsagatik. Emakume jaiotzeagatik. Beldurra bortxatua izateari, beldurra kolpatua izateari, beldurra erabilia eta uxatua izateari.

Emakumea truke-txanpona izan da mundua mundu denetik. Ondasunak erosteko eta saltzeko erabili izan da.

Emakumea gerra-arma izan da mundua mundu denetik. Etsaia umiliatzeko etsaiaren emakumeak umiliatu dira.

Emakumea botere-tresna izan da mundua mundu denetik. Zenbat eta botere gehiago adierazi nahi, are eta emakume-objektu gehiagoz inguratzen du bere burua gizon handinahiak.

Bidea ez da erraza izango, baina bada garaia emakumea emakume izateko.

Haatik. Emakumea baino ez. Andre eta jabe. Balioaren neurria bere buruak emango baitio, ez beste ezerk, ez beste inork. •