Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Diru gehiago behar da Hezkuntzan

Ergel eta gaixo nahi dute jendea. Horregatik inbertitzen dute diru gutxi Osasunean eta Hezkuntzan». Gure pentsioak ordaintzeko dirua izango ote den da lagunarteko hausnarketaren abiapuntua: egon ba omen dago, nola banatzen den kontua, Espainiako Errege etxea eta atal militarra defizitarioak diren arren ez dela murrizketarik egiten... ezer berririk ez!

Datuetara jo dugu. Frantziako Estatuak 2015ean bere barne produktu gordinaren %5,5 bideratu zuen Hezkuntzara. Espainiakoak, berriz, %4,1. Europan, atzetik, Errumania (%3,1), Irlanda (%3,7) eta Bulgaria eta Italia (%4) zituen, soilik. Urte berean, Danimarkak %7 gastatu zuen; Suediak, %6,5; Belgikak, %6,4; Finlandiak, %6,2; Estoniak, %6,1, eta, Letoniak eta Portugalek, %6.

Eta euskaldunok? EAEn, 2015ean, barne produktu gordinaren %3,7 gastatu zen; Nafarroan, %3,2. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoko datuak Frantziakoetatik bereizezinak dira, artean. Herri gisa normaltzeko dugun bide luzearen beste adierazle bat.

Agintariek beren politiketan eta aurrekontuetan Hezkuntzari gastu trataera ez, baizik eta inbertsio trataera ematen ez dioten bitartean jai dugu. Ekonomian aditua den jende ugarik aspaldi esana du Hezkuntzan inbertitzen den euro bakoitzeko etorkizuneko jendartearentzat zortzi euroko irabazia izango dela.

Bestalde, “Hezkuntza=osasun handiagoa+biziraupen handiagoa” ekuazioa frogatu dute ikerketek. Beraz, begiratu ekonomiaren ikuspuntutik, bizi kalitatearenetik, begiratu aukera berdintasuna eskaintzetik, hartu kontuan jendea pobreziatik ateratzeko behar genukeen ahalegina eta abar, eta ikusiko dugu Hezkuntza dela guztiei erantzuna emateko giltzetako bat. Ikerketek mahai gainean ipini dute dagoeneko zein den gaur egungo jendarteak dituen gaitz sakonenetako batzuen soluziobidea: Hezkuntzan diru gehiago inbertitzea.

Gurera etorriz, zoritxarrez, gutxienetan entzuten ditugu eragileak diru gehiago eskatzen Hezkuntzarako. Gehiagotan jarduten dute esleitutako diru horretatik sare bakoitzari zenbat bideratu zaion kalkulatzen. Eta nago gehiegitxoetan norberarentzat diru gehiago eskatzeko formula aldamenekoari kentzea izaten dela. Beste behin, elkar hartu eta indarrak batu beharrean Euskal Herriaren beharrei egokiago erantzungo dion hezkuntza sistema sendoagoa aldarrikatzeko, aldentzen gaituenean sakontzen dugu. Eta hor pizturik eta bizi-bizirik mantentzen dugu “publiko/pribatu” eztabaida, esaterako.

Hezkuntzari esleitutako diruak kontrol herritarra, gardena eta zorrotza behar du, dudarik ez. Ildo horretan, proposamen interesgarriak egin dira azken urteetan, Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa eta Hik Hasik egin zuena, adibidez.

Egin dezagun herri gisa koska bat aurrera. Zenbat eta diru gehiago inbertitu Hezkuntzan, orduan eta jendarte osasuntsuagoa, bizi kalitate handiagokoa, ekitatiboagoa eta bidezkoagoa. Ez badugu jende ergel eta gaixoa nahi diru gehiago behar da, Unescoren arabera barne produktu gordinaren %6 da desiragarria. Horretan behar genuke ados.

Eska dezagun diru gehiago herri honen hezkuntza beharrei erantzuten dieten heziguneentzat. Nonbaitetik kendu behar bada, gakoa hor dago, jakingo genuke nondik! •