Ainara Lertxundi
Interview
Luz Marina Monzon
abokatu kolonbiarra

«Desagertuak Bilatzeko Unitate Berezia osatu izana senideen lorpena izan da»

Kolonbiako gatazka armatuarekin lotutadesagerrarazitako lagunak bilatzeko sortuberri duten Unitate Bereziko zuzendaria daLuz Marina Monzon abokatu kolonbiarra.

Habanan Kolonbiako Gobernuak eta FARC gerrillak adostu zuten Egia, Justizia, Erreparazioa eta Ez Errepikapenerako Sistema Integralak bost zutabe ditu: Egiaren Batzordea; Desagertuak Bilatzeko Unitate Berezia; Bakerako Jurisdikzio Berezia; biktimen erreparaziorako neurriak eta azken hamarkadotan herrialdean gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak.

2016ko irailaren 26an hautatu zituzten Bakerako Jurisdikzio Berezia osatuko duten epaileak Kolonbian eta Luz Marina Monzon abokatua Desagertuak Bilatzeko Unitate Bereziko zuzendari izendatu zuten. Aldiz, oraindik ez du kargua hartu eta oraindik ez daki zein izango den unitatea sortu ahal izateko aurrekontua ezta zeintzuk izango diren izango dituen finantzazio iturriak. Izendapena jakinarazi ziotenetik, erakundearen azpiegitura diseinatzeko finantziazio proiektua zehazteko eskatu dio Gobernuari, Unitate Berezia Justizia Ministerioaren mende baitago. Hori guztia arautuko duen dekretuaren zain dago baina Monzon.

Villavicencion jaioa, abokatua da ofizioz Monzon. Eskarmentu handia du giza eskubideekin eta desagertutako pertsonekin lotutako gaietan. 1997tik 2009ra, Kolonbiako Jurista Batzordeko kide izan zen. Kolonbian oso ospetsuak izan diren auziak izan ditu esku artean, horien artean 1987an 19 merkatariren desagerpena Magdalenan; Jaime Garzon komikoaren heriotza 1999an edota Union Patriotica alderdiaren kontrako genozidioa. Memoria Historikoko Zentroaren ikerlari ere izan da.

Ehun talde baina gehiagok proposatu zuten Monzon Unitate Bereziko zuzendari gisa, giza eskubideen alde, gatazkaren ondorioz biolentzia sexuala jasan duten emakumeen alde eta desagertuen egoera ikustarazteko egindako lanagatik. Behartutako desagerpenak agenda politikoaren parte ez direla salatzen du.

Kolonbiatik GAUR8rekin telefonoz eginiko elkarrizketan, Monzonek Unitate Berezia sortzea lorpen handia dela nabarmendu du, eta Habanako Akordioak testuinguru politikotik babestea eskatzen du. Hauteskundeen hurbiltasunak giro politikoa are gehiago nahastu du, eta aurrekontuak izoztuta daude. Unitatea Bereziaren azpiegitura finkatzeaz gain, bilaketak hasteko plangintza metodikoa osatzea da lehentasunetariko bat.

Habanako Akordioetan idatzita dagoenez, Unitate Bereziak izaera humanitarioa izango du eta judizioz kanpokoa. Ondorengoak dira zehazki bere ardurak: gerraren ondorioz edo gerraren testuinguruan desagerrarazitako herritarren errealitatearen berri zehatza jasotzea, horretarako beharrezko informazio guztia bilduz; hamarkadotan aurkitutako gorpuen identifikazioa bizkortzea Medikuntza Legaleko eta Zientzia Forentseko Institutu Nazionalarekin batera; gorpuen bilaketa, identifikazioa eta entrega koordinatzea; eta iturri desberdinetatik lortutako informazioa gurutzatu eta baieztatzea.

Gatazkan esku hartzea izan dutenekin eta desagertuen edo hobi komunen gaineko informazioa izan dezaketen pertsonekin egindako elkarrizketak sekretupekoak izango dira. Lekukotasunak, estrajudizialak. Informazioa ematen dutenek tratamendu berezia jasoko dute justiziaren partetik.

Unitateak lana modu integralean egin ahal izateko, funtsezkoa da Egiaren Batzordea martxan jartzea eta batak bestearekin informazioa trukatzea. Era berean, Estatuaren datu-base ofizialetara sarbidea izango du eta biktimen nahiz giza eskubideen aldeko erakundeekin hitzarmenak sinatu ahal izango ditu informazioa partekatzeko. Aldi berean, bai Gobernuak bai FARCek ere beraien jardunbidearen ondorioz desagertutako pertsonei buruzko informazioa emateko konpromisoa hartu zuten.

Ahal den neurrian, familia bakoitzari bere senitartekoaren desagerpenari buruz lortu duen informazioarekin txostena emango diote. Ahal bada, gorpua ere entregatuko diote, betiere familia bakoitzaren ohiturak eta jatorri etniko-kulturala errespetatuz. Kopia bat Egiaren Batzordeari emango zaio.

Bilaketa prozesuan senideen parte hartzea bermatuko du Unitate Bereziak. Gorpuak norenak diren jakiterik ez denean, gorde egingo dira etorkizunean identifikatu ahal izateko helburuarekin. Sei hilabetero, egindako lanaren berri emango dute publikoki, betiere biktimen pribatutasuna errespetatuz. Legez kanpoko hilerri, hilobi eta hobi komunen erregistroa osatzeko agindua badute.

Unitate Bereziko langileak ez daude behartuta prozesu judizialetan deklaratzera, ezta salaketak jartzera ere. Bakerako Jurisdikzio Bereziak edo Egiaren Batzordeak deitzekotan, egindako txosten forentseak berretsi eta horien gaineko azalpenak besterik ez dituzte eman beharko.

Zer suposatzen du zuretzat jasotako ardura berriak?

Erronka benetan handia da niretzat gatazkaren testuinguruan desagertutako pertsonak bilatzeko Habanako Akordioek aurreikusitako unitatearen zuzendaria izatea. Ardura handia da. Kolonbia zorretan dago desagertutakoen senideekin eta nire onena emango dut lan honetan.

Nondik hasi lanean?

Epe motzera begira, lehentasuna hobi komunetan aurkitu diren gorpuzkiak identifikatzea da. Horietako asko gorputegietan pilatuta daude, norenak diren ere jakin gabe. Hori urrats garrantzitsua izango litzateke senideei erantzunak emateko bidean. Era berean, egun desagertuen inguruan dugun informazioaren araberako lan plangintza sistematikoa osatu behar dugu. Hori da, hain zuzen, dugun erronkarik handiena. Baina, lanean hasi aurretik, lehenengo unitatea bera osatu eta finkatu behar dugu. Erakundea zerotik hasten da, orain arte ez da horrelakorik egon Kolonbian. Nire lantaldearekin batera, oinarriak adostu behar ditugu, hau da, etxearen egitura bere osotasunean eraiki.

Noiz egongo da martxan?

Zoritxarrez, ezin diot zure galderari zehaztasunez erantzun. Justizia Ministerioaren behin-behineko dekretuaren arabera, lantaldea 260 lagunez osatuta egongo litzateke gutxi gorabehera. Batetik, lantalde administratiboa, eta, bestetik, gorputz teknikoa. Bogotan eta eskualdeetan lan egitea da asmoa. Eskualdeak jasotzen dugun informazioaren arabera zehaztuko ditugu. Baina ez dakit hori guztia noiz jarriko den martxan.

Ziurgabetasun handiak daude. Unitatea arautzeko dekretua Auzitegi Konstituzionalaren esku dago. Eta epaileek oraindik ere ez dute beraien azken hitza esan. Konstituzionalak Habanako Akordioek Unitate Bereziari emandako manamendua eta bilaketa humanitarioaren izaera bera ere alda dezake. Oso larria izango litzateke horrelakorik gertatuz gero. Unitateak duen berezko izaera hori galtzeko arriskua dago eta horrek asko kezkatzen gaitu. Izan ere, berezkotasun horrek egiten du unitatea aitzindari gatazka armatuaren testuinguruan desagerrarazitakoen bilaketan.

Nabarmendu nahiko nuke ere hauteskunde kanpainaren bezperatan gaudela. Martxoan Legebiltzarra hautatzeko hauteskundeak egingo dira, eta, maiatzean, berriz, presidentea hautatzeko lehen itzulia. Hilabete horietan aurrekontuak izoztuta gelditzen dira, eta, beraz, jendea kontratatzeko baliabideak murritzagoak dira. Ez dakigu ze bitarteko aurreikusi dituzten Bakerako Jurisdikzio Bereziaren barruan dagoen Desagertuak Bilatzeko Unitate Berezia martxan jartzeko. Nik behintzat ez dut informazio hori.

Habanako Akordioak bloke konstituzionalaren barruan sartuta daude. Sinaduraren ostean, Suitzako Kontseilu Federalean utzi zuten FARCek eta Gobernuak akordioaren testua. Juan Manuel Santosen Gobernuak Nazio Batuetan ere aurkeztu zuen Estatuaren Aldebakarreko Adierazpen gisa. Halere, Akordioaren inplementazioa uste baino mantsoago doa eta legebiltzarkideek emendakinak egin dizkiote, hasierako sakoneko esanahia aldatuz. Hortaz, Akordioa hautsi egin daitekeela esan al daiteke?

Baietz esango nuke, batez ere hauteskunde testuinguruan buru-belarri sartuta gaudelako. Fiskal nagusiak Akordioari kritika asko egin dizkio eta oztopoak ere jarri dizkio, ez baititu eskumenik galdu nahi. Justizia arruntaren arabera, desagertuen bilaketa berari dagokio, baina Bakerako Jurisdikzio Bereziak bestelako bitartekoak aurreikusten ditu, Unitate Berezia eta Egiaren Batzordea kasu. Espero dut Auzitegi Konstituzionalak akordioen edukia errespetatuko duela.

Eta Konstituzionalak akordioen letra aldatuko balu, zer-nolako testuinguru politikoan egongo ginateke?

Itxaropenari eta konfiantzari dagokionez, oso larria izango litzateke. Inondik inora erraza izan ez arren, itxaropena piztu duen bake prozesuari sona kentzea izango litzateke. Auzitegi Konstituzionalak Kolonbiak beste hainbat esparrutan aurrerapauso demokratikoak ematea ahalbidetu du. Baina, arestian aipa bezala, asko kezkatzen gaitu testuinguru politikoak epaileen erabakiengan nolabaiteko eragina izatea, eta, ondorioz, bakegintzan funtsezkoak diren mekanismoak desitxuratzea. Horrelakorik gertatzekotan, gehien sufrituko luketenak biktimak eta gatazkak gehien kolpatu dituen eskualdeak izango lirateke. Desagertuak Bilatzeko Unitate Berezia biktimen lorpen historikoa izan da eta beraiekin zorretan gaude herri gisa.

Informazio iturri batetik bestera izugarri aldatzen da desagertuen kopurua. Ba al dago jakiterik zehatz-mehatz zenbat desagertu dauden Kolonbian?

Hori da beste desafioetariko bat. Orain arte ez dugu lortu fitxategi bateratu bat edukitzerik. Erakunde bakoitzak bere fitxategi propioa du eta horren arabera egiten du lan. Bakoitzak bere irizpideak jarraitzen ditu eta, hori dela eta, zifra oso desberdinak ditugu. 2000. urtean, Bilaketa Batzorde Nazionala sortu zen desagertutakoen erregistroa egiteko. Erregistro horrek gabezia asko ditu, gainontzeko erakundeek ez dutelako berarekin informazioa partekatzen. Fiskaltza da desagerpenen inguruko salaketak bideratzeko ardura duena. Fiskaltzak, ordea, ez dio kasu guztien berri ematen Batzorde Nazionalari, hortaz, erregistroa osatu gabe gelditzen da eta ez dago jakiterik zein den gatazkaren ondorioz desagertu diren pertsonen kopuru erreala. Informazioa partekatzeko borondate falta horri aurre egin behar diogu; hori da beste erronka handietako bat. Iturri batzuk kontuan hartzen baditugu, desagertuak 60.000 dira; nire uste apalean, ordea, askoz gehiago dira.

Bilaketarekin batera, Unitate Bereziaren konpromisoa familia bakoitzari bere senidearen kasuari buruzko txosten bat ematea da, nahiz eta gorpua ez agertu. Konpromiso hori gautzerik ba al da?

Une honetan ezin diot galdera horri erantzun. Hori lortzen saiatuko gara, baina ez dakit lortzeko gai izango garen, denbora ere gure kontra dugu.eta. Adibidez, 80ko hamarkadan desagertutako askoren kasuan ez zuten salaketarik ere jarri, beldurragatik; askok isilpean gorde zuten senideen desagerpena eta sekula inork ez ditu bilatu. Horrek zailtzen du bai informazio fidagarria izatea bai horren araberako plangintza bat egitea. Kasu askori buruz ez dugu inolako daturik sokatik tira egin ahal izateko. Horrekin ez dut esan nahi, halere, bilaketa posiblea ez denik. Desagertu guztiak bilatu behar ditugu eta hori da, hain zuzen ere, Desagertuak Bilatzeko Unitate Bereziari eman zaion manamendua.

Orain arteko bilaketak plangintzarik egin gabe egin dira,eta hori ezin dugu errepikatu. Bilaketak modu planifikatuan, ordenatuan eta koordinatuan egin behar ditugu; hori da neure buruari jarri diodan erronka. Biktimei azalpenak ere eman behar dizkiegu. Informazio faltaz gain, erakundeen arteko koordinazio eza gainditu behar dugu; erakunde bakoitzak bere lan eremua mantendu nahi du eta ez du eskumenik galdu nahi. Biktimei erantzunak eman behar dizkion Estatu baten parte sentitu behar dugu guztiok honek funtzionatzeko. Erakundeen arteko lan protokolo bat egitea gustatuko litzaidake, eta honakoa guztion zeregina dela aditzera eman. Desagertuak bilatzea ez dagokio soilik honi edo besteari; guztiok dugu ardura bat eta elkarlanean jardun behar dugu. Estatu gisa jardun behar dugu.

Unitateak lan egin ahal izateko behar-beharrezkoa du Egiaren Batzordea martxan jartzea. Dagoeneko aurkeztu dituzte bertako kideak eta zuzendaria.

Bai, horrela da. Gatazkan esku hartu duten aktore guztiek Egiaren Batzordean azaldu beharko lukete egindakoa edo behintzat dakitena. Emandako informazio hori ez da helburu juridikoekin erabiliko. Guk datu horien beharra dugu desagertuak bilatzen hasteko edo behintzat beraiekin zer gertatu zen zehazten hasteko. Informaziorik gabe ezin dugu deus ere egin.

Hitz egindakoaren ostean, zein diagnosi egiten duzu?

Nire ustez, aukeraz eta itxaropenez beteriko momentu baten aurrean gaude. Testuinguru politikoak ez oztopatzea eta Habanako Akordioak gauzatu ahal izatea espero dut. Ez zen erraza izan Akordioa sinatzea. Kolonbia aldatzeko esperantza dugu, baina baita gerrak utzi dizkigun zauriak sendatzeko ere. Beldurtzen nau norberaren eta sektore jakin batzuen interes zikoitzek guztion esperantza zapuztea. Hau ez da bake prozesu bat egiten den lehen aldia, ez da gero betetzen ez diren akordioak sinatzen diren lehen aldia. Hori berriz gertatuko ez den esperantza dut. Habanako Akordioak Kolonbiarentzat dira; espero dut kolonbiarrok, horien onuradun izanik, testuinguru politikotik babesteko gai izatea.

 

Gizarteak desagertuei bizkarra ematen dienean

Luz Marina Monzonek desafio handia du esku artean: desagertutako pertsonen inguruan Kolonbian hedatutako axolagabetasuna gainditzea. «Ez dut jendearen ezaxola deitoratzen, luzaroan bizirauteko estrategia baten parte izan baita. Baina bada garaia hortik ateratzeko», helarazi du.

Kolonbiako Memoria Historikoaren Zentro Nazionalak 1970 eta 2015 artean herrialdean 60.000 desagertutik gora egon zirela eman du aditzera “Aurkitu arte. Behartutako desagerpenaren drama Kolonbian” izenburua duen ikerketa txostenean. «Pertsona bat desagerrarazi egiten dugunean, bere nortasuna ezabatu nahi dugu errotik. Argazkiak errebelatzeko erabiltzen denaren alderantzizko prozesua da; desagertutako pertsona belatzea da helburua, ikusezin bihurtzea», nabarmendu zuen Gonzalo Sanchezek, Memoria Historikoaren Zentro Nazionaleko zuzendariak, txostenaren aurkezpenean.

«Desagertutako pertsona bat ez dago ez bizirik ezta hilda ere. Izaera hori hartzen du familiaren diskurtsoan. Lurperaturik gabeko hildako bat da, eta, gizaki bizi bat bailitzan, beti irain eta torturen biktima da. Bi egoerok benetan gogorrak eta gordinak dira senideentzat. Batzuetan lehen egoera dute buruan, eta, besteetan, bigarrena. Bi hipotesi horien artean bizi dira etengabe. Ezjakintasun horrek pertsonaren galera fisikoarengatik pairatzen duten mina jasanezinago egiten du». Sandra Milena Zorio Bogotako Unibertsitate Nazionaleko ikasleak “Ez bizirik ez hilik ez dagoen norbaitegatik sentitzen den mina. Irakurketa freudianoa bortxazko desagerpenaren doluari” graduko lanean jasotako hausnarketa da.

«Amaierarik gabeko dolua pairatzeaz gain, desagertutakoen senideek galdu duten hori berreskuratzeko borroka egiten duten aitak, amak, seme-alabak... dira. Beraien irmotasunari eta lanari esker, bortxazko desagerpena delitu gisa tipifikatzea lortu zen, 2000 arte ez baitzen delitu ere. Desagerpena bahiketarekin nahasten zen. Egun desagertuak bilatzeko eta gorpuzkiak identifikatzeko baliabidek badaude, senideen borrokari esker da», esan zuen aurkezpenean Sanchezek.

«Senideek aldarrikatzen duten egia eta justizia gizarte osoaren aldarria izan beharko litzateke. Argentina, Txile eta Uruguaiko diktadura militarretan egondako desagertu guztiak batuta ere, Kolonbian daudenak baino gutxiago dira. Eta pentsa, hori Kolonbian formalki demokrazia izanda! Hala ere, oraindik orain, gizartearen gehiengoak bizkarra ematen dio biolentzia mota honi», salatu zuen Sanchezek. Behin baino gehiagotan, «zigorgabetasunari, estigmatizazioari eta jendearen axolagabetasunari esker», desagertuaren senideak eurak ere desagerrarazi dituztela esan zuen Sanchezek. «Behar-beharrezkoa dugu gizarte bezala desagerpenak mahairatzea, desagertuei izen eta abizenak jartzea, anonimatutik ateratzea, desagerrarazi dituzten gizon-emakume eta haurren istorioa kontatu behar dugu ez, baitira zifra soilak», amaitu zuen.