Ion Salgado
VASCO-NAVARRO TRENA

Gasteizetik igarota Bergaratik Lizarraraino zihoan trenbidea

Duela 50 urte egin zuen azken bidaia Vasco-Navarro trenak, Bergara, Gasteiz eta Lizarra lotzen zituena. Bada, egunotan irekita dago Arabako hiriburuan trenaren historia gogoratzen duen erakusketa: «Trena ziztu bizian. 1889, Vasco-Navarrotik Orient Expressera». Askok gogoratuko dituzte bertan egindako bidaiak.

Helduen oroitzapenetan bizi-bizirik dago Bergaratik Lizarraraino, Gasteizetik igarota, zihoan trena. Vasco-Navarro zen bere izen ofiziala, baina herritarrek trenico ezizenarekin ezagutzen zuten. Egunotan Vital Fundazioa aretoan ikusi ahal den erakusketan azaltzen den bezala, «trenbide estuko trena zen eta itxura hauskorra bazuen ere, garraio ezin hobea zen euskal orografia malkartsurako». Izan ere, herri bokazio argia zuen trenbide horri esker, «milaka gipuzkoar, arabar eta nafarrek izan zuten bere 143 kilometroetatik azkar eta merke bidaiatzeko aukera, eta elkartasun eta senidetza elementu bilakatu zen».

“Trena ziztu bizian. 1889, Vasco-Navarrotik Orient Expressera” erakusketak gogoratzen du trenaren historia, 1878an hasten dena. Urte horretan aurkeztu zuen Juan Jose Herran ingeniariak Durango eta Gasteiz lotuko zituen trenbidearen proiektua. Egitasmo hori bertan behera geratu bazen ere, 1889ko otsailaren 17an, eragozpen ugari gainditu ostean eta kapital ingelesari esker, Joaquin Herran de Ureta bere lobak Arabako hiriburua eta Leintz Gatzaga batzen zituen bide estuko trena martxan jartzea lortu zuen. Anglo-Vasco-Navarro izenaz bataiatu zuten trena. Konboi txikia bultzatzeko Falcon markako bapore-lokomotorra jarri zuten, Euskalherria izenekoa.

Hiru urte ondoren, konpainia ingelesak bertan behera utzi zuen trenean zuen parte-hartzea eta Estatuko Trenbideen Lehen Dibisioak hartu zuen bere gain. Arazo ugari sortu ziren, baina Gipuzkoa eta Araba batzen zituen trenak hazten jarraitu zuen Eduardo Dato diputatuaren laguntza eta gogo biziari esker. Herritarrek Vasco-Navarro deitzen zuten tren hori 1918an heldu zen Eskoriatzara, Arrasatera, Bergarara eta Mekolaldera. Guztira 60 kilometroko ibilbidea egiten zuen. Hurrengo urteetan Gasteizko Iparralde tren-geltokia eraiki zuten eta hiria eta Lizarra lotuko zituen trenbidea egiten hasi ziren. Hala, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetatik hiru, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa zehazki, trenbide hari esker lotuta geratu ziren.

Primo de Rivera diktadoreak inauguratu zuen Gasteiz-Lizarra trenbidea 1927ko irailaren 23an, eta bi urte gehiago besterik ez ziren behar izan linea elektrifikatuta geratu zedin. Alejandro Mendizabal ingeniaria egin zen asmo handiko azpiegitura horren kargu. Mendizabalek zailtasun ugari gainditu behar izan zituen 72 kilometroko trenbidean, esate baterako, Laminoria eta Acebedoko tunelak eraiki behar izan zituen, edo Arkijasko zubibidea Ega ibaiaren gainean.

Juanjo Olaizolak idatzitako testuen arabera, trenbideko gainerako linea guztiak 1938rako elektrifikatu zituzten. Eta 1936ko gerra amaitzerakoan egin zuten trenbidearen azken luzapena, hau da, Andollu eta Estibalitzeko santutegiaren artekoa, 1948an inauguratu zena.

Milioika lagunek erabili zuten Vasco-Navarro trenbidea, merkantziak eramateko ere erabiltzen zena. Nabarmentzekoa da Arabako herriak Gasteizekin lotzeko zuen garrantzia, herri txiki askotan baitzegoen geltokia. Tamalez, askoren atsekaberako, 1967an azken bidaia egin zuen Vasco-Navarro trenak, hogei urtez jarraian galerak izan ostean.

Gaur egun, trenbidea betiko itxi zutenetik 50 urte igaro diren honetan, Vasco-Navarro trenaren ibilbidearen zati handi bat bide berde bilakatuta dago. Oinez edo bizikletaz, asko dira trenbidea zihoan lekutik ibiltzen direnak, eta paisaia ikusgarrien edertasunarekin gozatzeko aukera dute. Oraindik zutik dauden tunel eta zubiak erabiltzen dituzte. Izan ere, Olaizolak dioenez, trena itxi zutenetik 50 urte igaro diren arren, «Arabako lurraldean oraindik ere desagertutako trenbidearen aztarna ugari kontserbatzen dira». Horien artean daude historialariak aipatutako Santa Cristina eta Atauri biaduktuak eta San Saturnino eta Peñasala zubiak.

Halaber, trenbidean zehar zeuden geltokietako asko ere zutik dira egun. «Geltokiok hiru fasetan daude eraikita, eta horrek euren arkitektura baldintzatzen du. Lehen aroan, trenbidea ustiatzeko emakidaren jabe zen Britainia Handiko The Anglo-Vasco-Navarro Railway Company Limited konpainiak solairu bakarreko eraikin apalak egin zituen, eta horietatik Urbinakoa bakarrik dago zutik, egun etxebizitza pribatu bihurtuta. Ondoren, Estatua Gasteiz eta Lizarra arteko tartea eraikitzen hasi zenean, Alejandro Mendizabal buru zuen ingeniari-taldeak geltoki bakoitzerako proiektu zehatza diseinatzea erabaki zuen, hala, Espainiako trenbide gehienen serieko eraikinen ohiko praktika –guztiak berdin berdinak egitea– baztertuz», nabarmendu du Olaizolak.

«Ildo horretatik, ekimen publikoko beste trenbide baten arrastoari jarraitu zioten, Urolako trenari, hain zuzen, garai berean eraikitzen ari zirena Gipuzkoako Aldundiak sustatuta. Dena den, euskal estilo berria hautatu beharrean, old english estiloan inspiratu ziren; deigarria da silueten mugimendua, eraikinei profil irregularra eman baitzieten, tren arkitekturaren forma komun soiletatik urruti. Hala, geltokiek ikuspegi anitz eskaintzen dituzte, eta, ondorioz, ezinezkoa da guztiak multzokatzea. Gehien erabilitako baliabide estilistikoetako bat inklinazio handiko estalkiak izan ziren; teilatu-hegal handien gainean daude bermatuta, eta, teilatu-hegalei, berriz, besoek eusten diete», azaldu du Olaizolak.

Denbora edukiz gero, edonork har dezake bizikleta eta Vasco-Navarro bide berdean oraindik ere zutik dauden geltokiak bisitatu. Arabako Foru Aldundiaren edota Lakuako webgunean topa daiteke etapen gaineko informazioa. Lehen etapa Gasteiztik Arlabanera doa, bigarrena Gasteizetik Laminoriako tunelera, eta, hirugarrena, Santo Toribio baselizatik Santikurutze Kanpezuraino. Bide osoa egin nahi dutenak, Nafarroan sartu eta Lizarraraino joan daitezke, trenbide zaharraren linea osorik amaitzeko.

Bi trenen historia

Denbora ez dutenak, aldiz, Vital Fundazioa Gasteizeko erdigunean kokatutako aretora hurbildu daitezke. Fernando Martinez de Viñaspre da bertan jarritako erakusketaren komisarioa. Erakusketa ere berak diseinatu du, eta piezak hainbat artxibategi eta bildumagilek lagatakoak dira. Guztira 800 pieza daude ikusgai, tartean maketak, argazkiak eta askotariko bestelako elementuak. Vital Fundazioak nabarmendu bezala, «Europako tren-bildumarik onenetakoa da eta bertaratzen direnek Euskal Herrian pentsatu eta fabrikatutako trenekin gozatzeko aukera izango dute».

Orient Express trenaren maketa ere ikusgai dago. Izan ere, Istanbul eta Paris lotzen zituen tren mitikoa 1889an jarri zen martxan, Vasco-Navarro trena bezala. «Tren hartan, bidaiari aberatsenek ametsetako bidaiak egiten zituzten, txanpan kopa eta kabiar kanapeen artean. Baina horrek ez die zirrarik kentzen Vasco-Navarro tren apalagoan euskaldunek egiten zituzten bidaiei», nabarmentzen du Vital Fundazioak. Honakoa ere gaineratzen du: «Garraiobide bat izateaz gain, trena ametsetako ibilgailu bat ere bada, arte sorkuntza, anaitasuna eta munduko herri guztietako emakume eta gizonen arteko lotura bultzatzen duena».

Trena funtsezko elementua izan da Euskal Herriaren historian. Industriaren garapena ahalbidetu zuen eta herritarren mugikortasuna sustatu. Vasco-Navarro trenaren kasuan, Arabako Mendialdeko herri txikien etorkizuna bermatu zuen. Olaizolak azpimarratu duenez, «deigarria da bertako zenbait geltokik zuten tamaina handia. Izan ere, herri txikiak ziren, ez zituzten mila biztanle ere, eta, beraz, bidaiari kopurua ezin zen handiegia ere izan». Hurbiltasunari lehentasuna ematen zion garraio ereduaren adibidea zen Vasco-Navarro trena, eraiki nahi duten abiadura handiko trenaren kontrakoa.

Duela 50 urte egin zuen azken bidaia Vasco-Navarroak, baina nahi dutenek iragana gogora ekartzeko aukera dute “Trena ziztu bizian. 1889, Vasco-Navarrotik Orient Expressera” erakusketan. 18.00etatik 20.30era dago irekita astelehenetik larunbatera, eta, jaiegunetan, 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.30era.