Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Gizateria 2050 (I): Elikadura burujabetza edo barbariea

Kasualitateak nahi izan du «Euskal Herria 2050» iritzi artikulua idatzi nuenetik hamabi urte zehatz betetzen direnean berrartu izana 2050. urtea gai gisa. Orduan ETBk eskainitako “Euskadi 2050” izeneko saioa kritikatzeko izan zen –Euskaldunak etxe domotikoetan bizi eta Gasteizko bizilekutik Donostiako lantokira abiadura handiko trenean joango ginela aurresatera soilik heltzen zen dokumentalez mozorroturiko saio publizitario hura–. Gaur gaia berrartzeko aitzakia “Mundua 2050ean” izenpean “El País” egunkarik aditu hainbatekin antolatu eta zabalduriko eztabaida izan da, kasu honetan zorroztasun zientifiko apur bat gehiagorekin. Nonbaitetik hastearren, munduko biztanleriaren eboluzioaz Nazio Batuen aurreikuspenak jaso dituzte, 2050. urterako honako zifrak uzten dituena: ia hamar mila milioi biztanle izango gara munduan. Erdia baina gehiago (5.200 milioi, egun baina 800 milioi gehiago) asiarrak izango dira eta India izango da munduko herrialde populatuena, gizaki guztien %17 bertakoak izango direlarik.

Dena dela, Afrikako biztanleriak izango duen hazkuntza da deigarriena, egungo 1.200 milioiak 2.500 milioi izatera igaroko baitira. Ozeaniak ere, bere txikitasunean, %40ko igoera bat jasango du 57 milioi biztanle izatera heldu arte. Amerikaren kasuan, igoera apalagoa izango omen da. Iparraldean %34ko igoera aurresaten bada ere, Kariben eta Hego Amerikan %24koa izango da igoera, hurrenez hurren 435 eta 780 milioira heldu arte. Europa da biztanleria handituko ez den herrialde bakarra, eta 35 milioi biztanle galduta, 715 milioi europar izango ei gara XXI. mendearen erdian.

Aurreikuspen horiek bizi itxaropenaren handitzearekin batera datoz, Nazio Batuen arabera, herrialde aberats eta pobreen arteko aldea txikituko delarik. Hori bai, gaur Sierra Leonan jaiotzen den haurra 2070 aldera hilko den bitartean, gaur Japonian jaiotakoak XXII. mendea ezagutzeko itxaropena izango du. Haurren heriotzen eta giza immunoeskasiaren birusaren ondoriozko heriotzen jaitsiera handiaren ondorioz gertatuko omen da, batez ere, bizi itxaropenaren handitzea. Jakina, gaixotasun berriak ere agertuko dira eta gizateriaren zahartze orokortuak dementzia bezalako gaitzak hirukoiztea ekarriko du. Kezka iturri nagusiena, dena den, superbakteriak izango omen dira, antibiotikoei erresistenteak diren infekzioak.

David Attenborough zientzialariak esaten duenez, gizakia bere eboluzioaren mugara heldu da hautespen naturala ekidin duen unetik, eta prozesu ebolutiboa orain kulturala dela baieztatzen du. Hurrengo artikuluan sakonduko dut gai hori, baina gizateriaren elikadura eman beharreko eboluzio kulturalaren erakusgarri ona da. 2050. urtean biztanleria asetzeko elikagaien ekoizpena %70 igo beharko dela aurresaten dute “El País”-ek bildutako adituek, baina ez dutena esaten da egun 12.000 eta 14.000 milioi lagun artean elikatzeko lain ekoizten dela, eta erdia galtzen uzten dugula, 850 milioi lagun gose utziz. Alegia, logika kapitalista mantenduko dela zalantzan jarri gabe ateratako ondorioak barbaridade hutsa dira.

Eboluzio kulturala emango dela aurresango dut nik, bada, eta hain zuzen, elikadura izango dela abiapuntuetako bat. Elikadura burujabetza izango da gizateria elikatzeko ardatza, eta gurera etorrita, jomuga argia jarriko dut 2050erako: euskaldunok hobe elikatuko gara, inori lapurtu gabe eta zakarretara txintik bota gabe! •