Joxean Agirre

Banderak

Espainiar askok dute banderarekiko obsesioa. Puigdemont piper potoari bi musu ematen ikustean soldaduskan eman genionarekin gogoratu nintzen, guk bibotea garbitu edo mukiak kentzeko egiten den imintzioa erabili bagenuen ere, antzezpen bat alegia. Kuartelean teniente bat genuen goizetan bandera altxatzen zenean kalera atera, jendea geldiarazi eta koadratzen zuena.

Geu ere ikurrinarekin obsesionaturik ibiliko ginen 13 urterekin gau batez lau ikaskidek seminarioko areto nagusian ikurrin txiki bat jarri genuenean. Egia esan kartulina bat zen, baina Radio Pirineicak bi dorreen artean zintzilikatu genuela esan zuen eta zarata pixka bat eragin zuen. Modu xume horretan hasi genuen kalera eramango gintuen ekintzaile curriculuma.

Garaitsu horretan gobernadoreak ere obsesionaturik egon ziren kolore zuri-gorri-berdearekin. Bizkaian Guillermo Condon izeneko bat erabat asaldatu omen zen behin Begoñako Amari buruzko deskribapen batean hiru kolore horiek deskubritu zituelako. Gure auzoko mutil zahar batek manta zuri-gorri-berdearekin eramaten zuen aharia entrenatzera. «Hi, manta hori nazionalistena duk», esaten zioten eta «ez, nirea duk, Tolosako sariketa batean irabazitakoa», erantzuten zien.

Espainiako banderari buruzko metaforarik ederrena fraide batek asmatu zuen Berako plazan gerra piztu berritan Gipuzkoara zihoazen erreketeen bihotzak altxatzeko antolatu zuten ekitaldi batean: «Emakume baten ezpain gorriak irudikatzen ditu erdian urrezko hortzekin». Julio Caro Barojak kontatzen du. •