Mikel Zubimendi Berastegi
ARRAINAK SENDATU DITU HARTZAREN ERREDURAK

Benda moduan jarrita, tilapia azalak salbatu ditu Kaliforniako hartzen hankak

Hartzen eta tilapia arrainen arteko elkarkidetzak erredura handiekin zauritutako animalia eta pertsonak azkarrago eta hobe sendatzeko esperantzari leihoak zabaldu dizkio. Albaitaritza klinikoan lehen aldiz frogatu den teknikari esker, Kaliforniako basoetako suteek erretako hartz beltzen hanken sendaketan aurrerakuntza izugarriak lortu dira.

Hartzak eta arrainak ez dira elkarren oso lagunak. Nork ez ditu dokumentaletan ikusi grizzly hartzek, kreatura maiestatetsu horiek, izokinak arrautzak errutera doazenean egiten dituzten banketeak ? Hartzak eta arrainak, baina, apurka-apurka, elkarrekin arituz, oso bestelako aukerak ematen hasiak dira eta pertsonentzat osasun arazo global bat dena konponbidean jartzeko aukera ere ireki dute.

Kalifornian guardia zibilik ez dagoela bagenekien, RIP talde arrasatearraren kantu mitikoak hala erakutsita. Notizia, baina, notizia on-ona, Kaliforniatik dator. Duela aste gutxi eman da jakitera. Hain zuzen, iazko abenduan Kaliforniako sute ikaragarriek, eskualde hark historian izan dituen handienak, larriki erretako lau hartz beltz naturara, Los Padres erreserba naturalera, libre bueltatu dituztenean.

Erredura oso larriekin erreskatatu zituzten lau hartzok, horietako bi hankak erabat erreta, haragi bizian, zutik jartzeko gai ere ez zirela. Gainera, hartzetako bat, emea, kumea izatekotan zen. Arazoa gaiztotzen zuen horrek: tratamendu luze batek sortzen duen estresak eta itxitura baten barnean egon behar izateak hartz amak kumeak errefusatzeko arriskua handitzen du.

Kaliforniako Arrantza eta Basabizitza Departamenduko albaitariek ez zekiten erredura larri horiek sendatzerik bazegoen, eta, egotekotan, hartzak eta bere kumeak salbatu eta naturara bueltatzerik egongo ote zen ala ez.

Brasiletik heldutako inspirazioa

Brasiletik hartu zuten Kaliforniako albaitariek hartzaren erredurak arrain azalarekin tratatzeko ideia. Tilapia arraina aspaldidanik erabiltzen da pertsonen erreduren tratamenduan Hego Amerikako herrialdean. Tilapia azalak kolageno asko ditu, eta, hala, erreduren sendatze prozesua azkartu eta mina gutxitzen du.

Beste herri aurreratuago batzuetan ez bezala, Brasilen ez dituzte giza-azala, zerri-azala eta beste alternatiba artifizial batzuk hain eskuragarri. Tilapia azal esterilizatua, baina, bigarren eta hirugarren mailako erredurak sendatzeko benda bezala oso erabilia da. Sendatzeko denbora laburtu, kostu ekonomikoak merkatu eta mina txikiagotu, perfektua da!

Brasildik ideia hartuta, lehen aldiz animalia basatiekin probatzea erabaki zuten Kaliforniako albaitariek. Denbora irabazi eta mina txikitzea xede, mina arintzeko akupuntura, tratamendu kiropraktiko eta laser hotzezko terapiekin batera, arrain azalarekin egindako bendak jarri zizkieten hartzei. Beste benda mota batzuk ez bezala, tilapia azala zaurietan presio iraunkorra egin eta azal artifizial bezala erabili zen zauriak sendatzen ziren bitartean.

Hein batean, abentura bat izan zen, albaitari medikuntzan sekula probatu gabeko zerbait. Eta izandako arrakasta ikusita, etxeko animalien eta animalia basatien erredurak tratatzeko bide berri bat zabaldu da. Aurkikuntza garrantzitsua da, animalia basatiak sendatzeko teknika azkarrak zenbat eta gehiago garatu, orduan eta denbora gutxiago egon beharko baitute itxituretan gatibu. Horrek, noski, izugarri areagotzen du animaliok naturara itzultzeko aukera.

Azken batean, Kaliforniako hartzen kasuan ez zegoen soilik animalion biziraupena jokoan. Horrelako tratamendu esperimentaletan pilatzen den jakintza ere jokoan zen, ikasitakoak gerora erredurak tratatzeko izango duen balioa.

Arto-hostoa eta arroz-papera

Kaliforniako albaitariek irudikatu gabeko itsasgarritasuna demostratuz, eta hesgailu konbentzionalekin ez bezala hartza etengabe anestesiatu, benda zaharrak kendu, sendaketa egin eta benda berriak jartzeko premiarik, tilapia azalari esker hamar egunetan ikaragarrizko hobekuntza izan zuten erretako hartzek. Egunetara beren hanken gainean jartzen hasi ziren, eta, orduan, albaitariek kezka eragiten zien beste demontre bat konpondu behar izan zuten: animalia basaren senak, hots, arraina jateko hartzek duten berezko joera naturalak ez ote zituen bultzatuko hanka azpi zapalak miazkatu eta jatera.

Eta nola lortu zuten demontre hori zuzentzea? Nola lortu zuten hartzek hanketan bilduta zuten arrain gozo-gozoa ez jatea? Hori lortzeko albaitariek irudimenez betetako irtenbidea aurkitu zuten: arrain azala esterilizatu, sikatu eta arto-hosto edo arroz-paperean biltzea, horrela arrain usaina erabat galduko zela ziurtatuz.

Izandako arrakastaren erakusle, hartzak jada libre dira Kaliforniako basoetan. Garaiotarako hibernaziorako zuloak eginda edo arroketako kobak bilatuta izan ohi dituztenez, basoan propio egindako gordelekuetan askatu zituzten. Beren habitat natural kiskalitik ez oso urruti, lepokoekin eta gordelekuetan kamerak jarrita. Kamerek eta lepokoek igorritako irudi eta datuek erakusten dutenez, ondo sendatu dira, aurrera egin dute.

Lortutako emaitzek animalien erredura larriak sendatzeko bide berriak zabaltzen dituzte. Pertsonekin ez bezala, animalien erredura larrientzat ez daude “azal-emaile bankuak”, eta, oraindik orain, inor ez da gai izan haientzat benda biologikoak sortzen.

Eta pertsonentzat, berdin. Brasilgo medikuntzako ohiko praktika zena, aurrerantzean, batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan, salbaziorako aukera izan daitekeelako.

Esperantzarako bidea zabaldu

Albaitarien meritua aitortuz, hartzen bizi nahi eta indarrarena bezala, tilapia arrainari ere eskerrak eman behar zaizkio, noski. Arrain honen haztegiak ugaltzen ari dira etengabe. Arto eta sojarekin egindako bolatxoak pozez eta azkar jaten dituzte, pisua erraz irabazten dute eta aise bihurtzen dute jasotako dieta merkea eroslearentzat oso merkea den arrain haragi gozo. Gainera, orain, haragiari tilapia azalari emandako erabilera berria gehituta, arraian preziatuaren balioa biderkatu egin daiteke. Hori, eta baita tilapia haztegiek hainbat herrialdetan eragiten dituzten jasangarritasun eta kutsadura arazoak ere.

Argi dago tilapia azala ez dela berehalakoan herrialde garatuetako ospitaletara helduko, demagun Gurutzetako Erredura Handien Unitatera. Baina garapen bidean diren herrietan kanpoan egiten diren suak eta keroseno sukaldeak hain ugariak izanik, erredurekin zauritutako ehunka mila lagunentzat (Indian urtero milioi bat direla dio Osasunaren Mundu Erakundeak) esperantzarako bidea zabaldu dute Kaliforniako basoetan erretako hartz beltzek eta haren sendagarri izandako tilapia arrainek.