Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Eguraldiaz

Pasealeku Berrian egin dugu topo, aspaldiko partez. Urteak dira elkarrekin azkenekoz hitz egin genuenetik eta armiarma sareak dauzkagu eztarrian eta memorian. “Bukatu ote zituen ikasketak”, edo “zertan egiten zuen lan” edo “nondik ezagutzen ote dut hau” bezalako berunezko zalantzek astundu dute gure jarioa. Eta esatekorik ez daukagunean egiten duguna egin dugu: eguraldiaz jardun. Mutur-hezur ederra dauka Igeldo gainak, haizea hezurretaraino sartzen da eta harrotuta dago itsasoa. Zuk Kataluniako borraska aipatu duzu zure parte meteorologikoan. Nik, eguraldi aditu izateko hainbeste falta zaidan honek, borraskak lehenago presioa altuago ote zuen ustea aipatu dizut, ez ote dagoen jaitsia; zalantzak dauzkadala Belgikara zabaldutako isobarak ze sakontasun ote duen, eta zuk erantzun didazu Madrilgo antizikloia baino hobea behintzat badela. Baiezkoa erantzun dizut; antizikloi galanta dagoela Madrilen, haizerik ere ez dela altxatzen, hotz egiten duela, geroz eta hotz handiagoa.

Zure berokiko azkeneko botoia lotu eta ekialderantz begira esan didazu eskuinetik Fronte Nazionala datorrela eta nik hotzikara bat nabaritu dut nire hezur muinak mindu dizkidana. Mendebaldera begiratu dut bake bila, baina han ere hodei laranjak eta kaio harrotuak baino ez ditut ikusi. Elurraz hizketan hasi zara orduan; lurra elurpean ezkutatuta dagoela, errepide ertzetako izenik gabeko hobiak eta intxaurrondoaren adarrak, denak daudela elurpean oraindik. Badela jendea elurpean bizi dena erantzun dizut nik; jende asko dela bere pausuak elurraz ezkutatuta bizi dena oraindik, eta badirela elurraz bestaldera bizi direnak ere. “Haizea dator iparraldetik” bota didazu eta “hego berotik ekaitza” erantsiz nire sorbalda eroria animatu nahi izan duzu. Mutu geratu gara. Ezker-eskuin jendea dabil lurrera begira, eta hizketan ari direnen ahotik hego haizea usaindu dugu. Zerbait esan nahi nizuke baina hoztutako nire eztarriak kea baino ez du bota. Nire ezinegona sumatu eta lasaitzeko esan didazu, ez tematzeko, haizea kontra dugula, eta MTV aipatu dugu; epaitegiak, zerrenda bikoitzak, konplexuak eta elebidunoi diskriminatzaile deitzen diguten agintari elebakarrak; eta berotzen ari nintzela ikusita, lasaitze aldera, hizketa-gaia aldatu duzu presaka eta zakar xamar. Lan istripuez aritu gara: zortzi langile hilak urtea hasi zenetik kontaketa ofizialen arabera, eta esan dizut kuriosoa dela, kuriosoa dela urtea hastearekin batera kontaketak berriz hutsetik hastea, aurtengoa iazkoaren segida ez balitz bezala. Eta antzeko kontaketa makabroez hasi eta urtaroez hizketan bukatu dugu, iristen ez den udaberriaz eta berriz ere iritsiko diren hauteskunde garaiez: Legebiltzar, Udal, Foru Aldundi, Kongresu, Europar Batasun, Bizilagun Elkarte eta bizitzeko aukeratu dugun lur zatiaren arabera dagozkigun tenperatura eta presio-guneak, etorri eta joan dabiltzan sasoiak, laguntasun harremanen gisan. Ordutan eta ordutan jardun gara eguraldiaz hizketan, hainbeste eragin arren (ustez) gugandik hain urrun gertatzen diren eguneroko fenomeno arraro horiez. Eta euria hasi duenean nork bere bideari segi diogu. •