Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Grisa, beltza eta arteak

Igande arratsaldea. Otsaileko egun grisa, Londresko gristasuna are anplifikatuagoa dago gaur. Negu luzea daramagu, eta lehenengoz eguraldiagatik kexatzen nabil. Eguraldia gai zentrala den konbertsazioak ugariak dira britainiarren artean. Harritu egiten ninduen hasieran, baina, hemen duen aldakortasuna ikusita, hamaika elkarrizketarako adina gai ematen du.

Kensington auzoan, Hyde Parken albo batean, Royal Albert Hall kontzertu-areto ikonikoa, berezko presentzia txundigarriarekin, festa giroan dago gaur. Victoria erreginaren senarrak zientzia eta arteak bultzatzeko nahiarekin inauguratu zuen eraikina XIX. mendearen amaieran. Helburua edo ametsa lortu dituela esan behar, ikusgarria eraikina eta bertako eskaintza zabala.

Alfonbra gorria alde batean, glamour-ez bete dira bere inguruak. Zinema eta Telebistako Arteen Britainiar Akademiak antolatzen dituen BAFTA sarien ekitaldia ospatzen da gaur. Alfonbraren gorritasunean, marea beltz bat bezala, aurpegi ezagunak gerturatuz doaz, denak arropa beltzak soinean. Denak beltzez daude. Denak, salbuespen bakar batekin. Frances McDormand aktore estatubatuarra. Martin McDonagh zuzendariaren “Three Billboards Outside Ebbing, Missouri” filmeko protagonista. Emakumezko aktore onenaren sariaren irabazle izendatu dute. Bere eskerrak emateko diskurtsoa «sorry, I am not compliant» (barkatu, nik ez ditut legeak betetzen) esanez hasi du; filmeko gai nagusietako bat sexu erasoak eta diskriminazioa dira, eta horien kontra borroka egiten du. Horregatik erreferentzia.

Oscar sarietarako aste gutxiren faltan, industria inoiz baino bateratuago dagoela garbi dago (modu kontzeptual batean behintzat); buruan galdera bat darabilkit, ordea: sinbolismotik at, ekintzen benetako eraginkortasuna ikusteko datuak non daude? Denbora gehiago itxaron beharko dugu akaso.

Asteazken iluntzea. Oraindik gristasunak jarraitzen du. Eta, tenperatura, zero azpitik. Londresko beste eraikin entzutetsu batera bidean noa. Oraingoan Royal Festival Hall-era, Thamesi ibaiaren alboan, Southbank deitzen den aldean. Zubia zeharkatzen dudan heinean, bi alboetan dudan paisaia lasaigarria iruditu izan zait beti. Trenbidea, ibaia, zarata, handitasuna, bista izugarria, jendearen joan-etorria. Juanjo Mena gasteiztarra da protagonista. Besteak beste, BBCren orkestra zuzentzen du Menak, nazioartean prestigio handikoa. Gaur Londresko Orkestra Filarmonikoarekin aritu da. Beste hiru piezaren artean, Stravinskiren “The Rite of Spring” jo dute. Stravinskiri buruz oso gutxi dakit. Adituek esan didate pieza honek musika modernoaren azken ehun urteetan eragin izugarria izan duela. Nire ignorantzia sakonenean, intentsitatea eta pasioa sentitzeko gai izan naizelako, pozik etorri naiz etxera.

Kontzertura sartu aurretik, Southbank kultura zentroan datorren astean egongo diren ekitaldi batzuen kartela ikusi dut. Emakumeak bozkatzeko eskubidea lortu zueneko 100. urteurrena ospatzen da aurten Erresuma Batuan, eta horren bueltan –eta Hollywoodeko #MeToo mugimendu sozialaren ildotik– emakumezko artistak, idazleak, aktibistak eta beste hainbat bilduko dira. Agendan apuntatu dut.

Aukerak edukitzea benetan estimatzen dudan gauza da, nahiz eta gero askotan nire erabakiz aukera horiek ez baliatu. Londresek eskaintzen duen gauza onenetako bat dela pentsatu dut askotan. Nahi badut, nire eskura dagoela jakitea. Askatasun zantzua ematen dio. Ez nagoela mugatuta sentitzeak balio handia dauka. •