Mikel Zubimendi

«Ni» baino, «ni ere bai»

Martxoaren 8an greba deitu du mugimendu feministak. Apustuak astindu egin ditu bazterrak, jendearen elkarrizketak hartu eta eztabaida politikoa zabaldu du. Iraultzailea iruditzen zait asmoa. Inoiz egin den iraultza sakon eta erradikalenaren baitakoa, gure sustrai kulturalak lurpetik ateratzea eskatzen duen horretakoa. Horrelako iraultza batek, baina, denbora eskatzen du, denbora behar du. Horregatik denbora ere bada feminismoak, iraultza orok bezala, kontuan hartu beharreko auzietako bat.

Denbora kiribil batean mugitzen dela entzun izan da. Borroka luzeen errepikapenetan gabiltzala beti. Grebarekin, emakumeak, emakume gazteak bereziki, historiaren atearen kontra bultzaka eta sakaka dabiltza sorbaldekin, behingoagatik zabal dadin. Ez da atzoko ahalegina. Betikoa da, betiko borroka, ate berdinaren kontrako erresistentzia berdina. Grebak egitearena déjà vu bat dela ere entzun dut. Mila greba bizi izan ditugula, hortik pasatu garela, behin eta berriz. Betikoa dela, betiko kiribila.

Ideia horrek desorientatu egin dezake. Norabait doan bide batean baino, kartzela bateko patio batean bezala, zirkuluan bueltaka eta bueltaka gabiltzala ematen baitu jakitera. Eta iraultzarako dei guztiek belaunaldi bat behar omen dutenez jendartean sustraitzeko, kiribilaren sentsazio horrek iraultza feminista oso-oso geldoa izango den ideia indartu egiten duela.

Niretzat, iraultza geldoa eta iraultza erradikala ez dira kontrajarriak. Gero, badago muga emozional handi bat: bizitza esperantzarena. Gogorra da iraultzailearentzat, denontzat, gauza batzuk gertatu baino lehen hil egingo garela onartzea, bizitzak gu gabe jarraituko duela onartzea. Kontziente izan beharra dago borrokak, modu batean ala bestean, bizitzaren denbora guztia hartuko duela, eta, orduan ere, ez dela bukatuta egongo. Gauzak joan diren baino azkarrago joango zirela pentsatu izan dugu, azkenean, literalki, bataila berak, argudio berekin borrokatzen ari garela ohartzeko.

Itsaso haserretuko olatuetan gabiltza, iritzi eta sinismen ezberdinen artean, historiaren subjektu izatearen eta historiaren begirale bezala idaztearen arteko talka betean. Tentsio horretan, feministen belaunaldien arteko banaketaren eztabaidaz ere entzun ditut hotsak. Lehengoen eta oraingoen posizioak kontrajarriz, elkartasun feminista unibertsal baten ideia zalantzan jarriz.

Engainu kaltegarria iruditzen zait. Egia da adin, esperientzia, arraza eta klase batekoa ala bestekoa izan ezberdin sufritzen dela. Baina esperientzia ezberdinon arteko elkartasuna ezinbestekoa da aurrera egiteko, nahiz eta batzuetan paralizatu, kontraesanak eta desadostasunak azaleratu. Belaunaldien arteko ustezko gatazka horrek existentziaren baldintzak okertzen ditu. “Ulertua izatea hain zaila al da?” etengabeko galderaren danbatekoa mingarriago egiten duelako.

Feminismoak unibertsalki hitz egin behar horrek ez du perfektu hitz egin behar duela esan nahi. Premisa zapaltzailea da hori. Eredugarri izateko konpultsio artifizial batera behartzen du. Are, on line idatzi eta hitz egiteko baldintzek, identitate bat etengabe ordezkatu beharrak, areagotu egiten du presio hori.

Trump da munduko agintari boteretsuena, planeta lehertzear dago, gerrak nonahikoak dira, dena dago krisian, zail, oso zail. Baina orain ez bada, noiz? Bizitza bat, mundu bakar bat dugu. Kontua ez da bakarrik esperientzia indibiduala, latza eta traumatikoa izanda ere. Pertsonala politikoa dela? Bai eta ez, baldin eta. Greba ez da “nire” kontua, “ni ere bai” batena baizik. •