Mirari Martiarena Iraola

Kexatu

Eguraldiari buruz idaztea izan liteke beste gairik ez dudalako eta azken errekurtso bezala. Baina azken astean berriz ere negu giroa izan dugula ikusita pixka bat etsituta nago eta Euskal Herrian sentimendu orokorra dela esango nuke. Behin apirilaren erdi aldera iritsita gogotsu gaude jaka potoloak hurrengo azarora arte armairuan gordetzeko eta gure azal zuriak eguzkitan jartzeko.

Euriari eguraldi txarra esaten diogu, baina berez txar-txarra ere ez da. Zenbatetan entzun dugun: «Gure mendiak hain berdeak zergatik direla uste duzu?». Eta ezin dugu kexatu, noski, gure paisaia berdeak gustatzen zaizkigulako. Baina aitor dezagun, nazkatuta gaude, egurrezko leiho eta ateak bezain uhandituta, herdoilak jota. Mendiak pixka bat itsusiago ikustearekin ere konformatuko ginateke oraintxe bertan.

Pertsonok “konfort klimatikoa” bilatzeko joera omen dugu. 20-25 gradutan egon, %40-70eko hezetasunarekin, 1013,2ko milibarreko presioarekin eta 0,15-0,25 metro segundoko airearen abiadurarekin. Hauen aldaketa aldiek pertsonon umorean eragin zuzen-zuzena izaten omen dute.

Ez dut uste Euskal Herrian bete-betean sartzen garenik “konfort klimatiko” horretan, honezkero ohituta gaude gurera. Eta txarrerako egiten dugu lotura. Euriari eguraldi tristea deitzen diogu, bero handiari eguraldi kixkalia. Kontua kexatzea da eguraldi ona iristen den bitartean, noizbait iristen bada behintzat. •