Amagoia Mujika Telleria
BANAIZ BAGARA

Jendaurrean edota zaintzan euskaraz lan egiteko tresnak eskaintzeko proiektua

Banaiz Bagara elkartea duela hamar urte sortu zen pertsona migratzaileak euskarara hurbiltzeko bideak eraikitzeko asmoz. Azken urteotan lan munduari begira jarria dago nagusiki, jendaurrean edo zaintza lanetan ari direnei euskarazko erremintak eskura jarriaz; garbi baitauka euskaraz lan egitea kalitateko faktorea dela.

Larunbat goizez elkartzen dira Andoaingo Urigain etxean. Berez dozena inguruk daukate izena emanda baina gaurko saiora lau agertu dira. «Gorabeheratsua izaten da parte hartzea. Batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago etortzen dira, ahal dutenaren arabera», azaldu du Pako Aristik, irakasleak. Gehienak merkataritzaren inguruko formakuntza bat egiten ari dira –supermerkatuetan lan egiteko nagusiki– eta beren borondatez parte hartzen dute era berean Banaiz Bagarak antolatutako euskara ikastaroan.

Etorkizuneko beren lan horretan gutxieneko bat euskaraz egin ahal izatea da helburua; hortik hastea, behintzat. Guztira hogei orduko ikastaroa izango da.

«Tren baten moduko sistema proposatzen dugu. Oinarritik hasi eta bagoiak txertatzen joaten gara pixkanaka», azaldu du Aristik modu grafikoan.

Oinarrizko agurtzeko formak –egun on, arratsalde on, gabon, gero arte, bihar arte...–, norbere burua aurkezteko moduak –izena, adina, nongotarra...– eta erakusle lokatiboak –non, nondik, nora...– lantzen dituzte besteren artean. Jendaurrean lanean ari direla, harrera euskaraz egiteko eta oinarrizko galderak euskaraz erantzun ahal izateko tresnak eskaintzea da asmoa. «Agian supermerkatuan lanean ari zaretela norbaitek galdetuko dizue: ‘non dago olioa?’. Zuek gai izango zarete ‘han, ezkerretara’ erantzuteko, adibidez. Hori da helburua», animatzen ditu irakasleak.

Ikasleak askotarikoak izaten dira. Gaurko klasera, adibidez, kasu oso desberdinak bertaratu dira. Imanen gurasoak marokoarrak dira eta bera Madrilen jaioa da. Duela urte eta erdi etorri zen Andoaina bizitzera. Ez du euskaraz hitzik egiten eta ikastarora gerturatzea erabaki du.

«Merkataritza ikastaro bat egiten ari naiz eta euskara ikastaro honetan ere eman dut izena, garrantzitsua iruditzen zaidalako hemen lan egiteko hemengo hizkuntza jakitea», agertu du. Larri samar hasi du saioa, «nik ez dut ezer ulertzen» argituz une oro. Irakasleak lasai hartzeko esan dio, ikasiko duela. Borondatea, behintzat, ez zaio falta.

Marcela Nikaraguakoa da. Bederatzi urte daramatza Euskal Herrian bizitzen eta supermerkatuko kutxazain eta apal-betetzaile bezala aritzeko ikastaro bat egiten ari da. «Bezero asko gusturago sentitzen dira euskaraz hitz eginez gero eta garrantzitsua iruditzen zait guk zerbitzua euskaraz eskaini ahal izatea».

Bera konturatuta dago euskaldunak asko eskertzen duela bere hizkuntzan aritzeko ahalegina egitea, «nahiz eta mantso eta trakets aritu, ahalegina bera asko eskertzen du». Institutu garaian ikasi zuen euskara eta orain indartzen ari da pixka bat.

«Lana egiteko garaian ere garrantzitsua iruditzen zait euskara jakitea. Nik, adibidez, adineko pertsonak zaintzen lan egin izan dut eta kasu horietan hizkuntza oso garrantzitsua da. Badira alzheimerra edota bestelako dementziak dituzten adinekoak euskaraz baino egiten ez dutenak. Eta, bestela ere, zaintzeko orduan hizkuntzak hurbiltasuna ematen du eta hori oso garrantzitsua da».

Marcelak 23 urte ditu eta alaba txiki bat dauka. «Ikastaro honi esker lan egonkor bat topatu nahiko nuke, nire alabarekin denbora gehiago egoteko. Gainera, euskara ikastea oso ondo datorkit alabari ikastolako lanekin-eta laguntzeko. Eta ikastolako bileretan ere baliagarria izango zait euskara. Migratzaileen seme-alabei pixka bat gehixeago kostatzen zaie euskara ikastea eta euskaraz aritzea, etxean ez dutelako euskararik entzuten. Eta faktore horrek askotan zaildu egiten du sozializazioa bera. Ez nuke nahi nire alabari halakorik gertatzea».

Bistan da Marcelak borondate handia daukala eta hori gako garrantzitsua da. «Euskal Herrira etortzen zarenean ez zara konturatzen euskarak duen garrantziarekin. Gaztelerarekin moldatzen zara. Baina lan egiteko garaian garrantzitsua da, batez ere zaintza lanetan edo jendaurreko lanetan aritzen bazara. Baina egia da migratzailearen borondatearen araberakoa dela euskarara hurbiltzea. Nik garbi daukat euskara oso garrantzitsua dela Euskal Herrian bizi nahi baduzu».

Jazminek 20 urte ditu eta Lasarte-Orian bizi da. Duela hamahiru urte etorri zen Dominikar Errepublikatik eta euskaraz aritu da eskolan. Primeran ulertzen du euskara, baina hitz egiteko ausardia falta zaio. «Nire lagunekin gazteleraz egiten dut beti, ez dut inorekin euskaraz egiten eta pixkanaka galtzen ari naizela sentitzen dut. Horregatik eman dut izena ikastaroan, pixka bat freskatzeko. Egia da hemen oso erraz egiten dela euskaratik gaztelerarako saltoa, baina, euskarak inguratzen bazaitu, euskaraz gehiago egiten duzu. Hori da nire helburua».

Elaiaren kasua bestelakoa da. Euskal Herrian jaioa da eta euskaraz primeran egiten du, baina ez dauka euskaraz egiteko ohiturarik. «Ez zait gustatzen euskaraz egitea, ez dakit zergatik».

Pakok paretan trena osatzen segitzen du, bagoiz bagoi euskarazko solasaldia luzatzen. «Batzuetan euskaldun bati ‘kaixo’ esan eta pentsatzen du euskaraz badakizula eta arrapaladan hasten da hizketan, oso azkar. Horrelakoetan arnasa hartu, lasaitu eta esan ‘barkatu, poliki mesedez’. Edota ‘barkatu, baina ikasten ari naiz’. Beste aukera bat da ‘barkatu, oraindik ez dut asko ulertzen. Gazteleraz mesedez’. Horrelako formulak ikastea garrantzitsua da, bezero euskaldunak asko eskertzen baitu jarrera hori». Denek baietz diote buruarekin.

 

Hizkuntza gutxituen pista segituz Euskal Herrira lotu den bretoia

Andoaingo Urigain etxeko ikastaroan topatu du GAUR8k Morgane Lincy (Roazhon, Bretainia, 1995), bere koadernoan etengabe apunteak hartzen. Kazetaritza eta bideo ikasketak egiten ari da. Iaz abiatu zuen proiektu bati esker ezagutu zuen Euskal Herria, hizkuntza gutxituak zutoin dituen egitasmoa. Parisko web-telebista batean lizentziatura bukaerako praktikak egiten ari zela erabaki zuen ikasketetan geldialdia egin, kamera aldean hartu eta Europan barna hizkuntza gutxituen atzetik abiatzea. Zazpi hilabeteko bidaian Euskal Herritik ere pasatu zen, euskararen egoera lehen lerrotik jaso nahi baitzuen. Bidaia horren ondorio den dokumentala, hain justu, datorren uztailean aurkeztuko du Gasteizko HIGA! jaialdian. Aurten bigarren edizioa izango du Hizkuntza Gutxituen Hiztun Gazteen Topaketak.

Uneotan beste proiektu baten harira etorri da Euskal Herrira, hori ere hizkuntza gutxituei lotua. «Zinema dokumentaleko master bat egiten ari naiz eta film labur dokumental bat egin behar dut. Iazko bideari segitu eta hizkuntza gutxituen inguruan egitea erabaki dut, gaia asko interesatzen zaidalako. Banaiz Bagara elkartearen berri izan nuen eta horregatik hurbildu naiz gaur, nola lan egiten duten ikusi eta nire film laburrean euskara ikastea erabakitzen duten pertsona migratzaileen istorioa kontatu nahi dudalako. Bretoia naizen aldetik, Euskal Herrian ikasteko asko dudala sentitzen dut», kontatu du.

 

Europa mailako Combi proiektuko partaide

Banaiz Bagara elkartea Europa mailako Combi izeneko proiektuan parte hartzen ari da, hizkuntza gutxituen beste komunitate batzuetako eragileekin batera. «Migratzaileek eta desabantaila egoeran dauden ikasleek testuinguru elebidunetan lan egiteko gaitasun komunikatiboak» bultzatzea da proiektuaren helburua, eta, horretarako, «praktika berritzaile inklusiboak eta lantokian eskatzen diren hizkuntzetan komunikatzeko gaitasunak hobetzeko metodoak garatzea».

Proiektuak Europako hizkuntza aniztasuna hartzen du kontuan eta hiru urteko epea dauka. Proiektuaren baitan lan sektore horien hizkuntza premiak aztertu behar dituzte, praktika moduluak garatu, praktika pilotuak egin eta ondorioen berri emateko ekitaldiak antolatu. Petra Elserren hitzetan, «proiektuaren ardatza hizkuntza minorizatuek adinekoen zaintzan duten garrantzia da. Europako Parlamentuan egon ginen proiektua aurkezten eta oso ondo baloratu zuten. Beste komunitate batzuetan ere beharrezko ikusten dute. Aztertu genuen lanbide formazioetan nola txertatu hizkuntza kalitate faktore bezala».

Petra Elser. Banaiz Bagara elkarteko zuzendaria

«Hizkuntza zaintzaren kalitateko faktore bat dela ikusarazi nahi dugu»

Duela hamar urte sortu zen Banaiz Bagara elkartea, Petra Elserren bultzadaz. Euskal Herrira etortzen diren pertsona migratzaileei euskara jasotzeko bideak erraztea izan da hasieratik elkartearen helburua eta bide beretik segitzen du. Azken hiruzpalau urtean bereziki lan munduari begira jarri da elkartea, tartean, zaintzari begira. Izan ere, hizkuntza zaintzaren kalitateko faktore bat dela ikusarazi nahi du elkarteak. Zaintzea ez baita bakarrik jaten ematea eta garbitzea. Zaintzea konpainia da batez ere, eta hori norberaren ama hizkuntzan eginda beti da kalitate hobeagokoa.

Duela hamar urte sortu zen Banaiz Bagara, behar batetik; Euskal Herrira etortzen direnek euskara jaso dezatela, ahalik eta modu errazenean.

Bai. Eta behar hori ez da aldatu. Ez da erraza etorkina edo atzerritarra izan eta euskal komunitatean euskaraz bizi den gizartearen parte izatea.

Zergatik?

Arrazoi desberdinengatik. Batetik, euskaldunen dentsitatea ez da hain handia eta gaztelania nagusi da eguneroko bizitzan. Euskara ez duzu hainbeste entzuten, ez duzu hitz egiteko hainbeste aukerarik, eta, etorkina bazara, are gutxiago. Jendeak joera dauka etorkinekin edo atzerritarrekin automatikoki gazteleraz egiteko. Transmititzen den joera edo ideia honakoa da: “Zergatik ikasi euskara denek gaztelaniaz egiten badidate?”. Azkenean, transmititzen den ideia da ez dela beharrezkoa euskara jakitea.

Beste aldetik, ikasi arren edo zerbait jakin arren, euskal zirkuluak nahiko itxiak dira eta ez da erraza jendea euskaraz bizi den inguruak topatu eta horietan sartzea.

Alegia, pertsona migratzaileak borondate handia behar duela euskaraz ikasteko.

Bai, horrela da. Duela hiruzpalau urte bereziki lan mundura begira jarri gara elkartetik, euskara ikastaroak eskaintzen. Eta akaso alor horretan beharra zuzenago ikusten da, egunerokotasunean nabarmenagoa gertatzen baita euskararen beharra. Esaterako, familia euskaldunetan lan egiten duten zaintzaileek oso garbi eta oso zuzen ikusten dute euskara, eta, ondorioz, baita euskaraz jakiteko beharra ere. Eta zaharren egoitzetan, zaintza enpresatan eta horrelakoetan ere eskatzen da oinarrizko ezagutza. Ostalaritza, merkataritza eta beste alor batzuetan ere antzeko zerbait gertatzen da.

Lan mundura begira jarri da elkartea bereziki.

Bai, hala da. Lan munduari begira hasi ginenean, saiatu ginen hiru sail lantzen: industria, lan publikoak –ostalaritza, merkataritza eta antzekoak– eta adinekoen zaintza. Arlo bakoitzak komunikazio behar espezifikoak ditu eta hirurak lantzea edo estaltzea nahiko erronka handia zen guretzat; materiala prestatu, irakasleak topatu... Horregatik, adinekoen zaintzan zentratu gara bereziki.

Gure jendartean nabarmen ematen den errealitatea da honakoa: migratzaile asko adinekoen zaintzan aritzen da. Eta ondo zaintzeko, hizkuntzak sekulako garrantzia dauka.

Zalantzarik gabe. Hain justu, guk hori ikusarazi nahi dugu, hizkuntza zaintzaren kalitateko faktore bat dela. Gezurra dirudien arren, ideia hori ez dago hain zabalduta. Jende askok esaten du, “tira, hizkuntzarena ez da hain garrantzitsua. Garrantzitsuena ondo zaintzea da”. Baina, zer da ondo zaintzea? Zuk pertsona baten ama hizkuntzan hitz egiten ez baduzu, pertsona hori eta bere familia osoa hizkuntzaz aldatzera behartzen baduzu... horrek kalitatea kentzen dio zaintzari.

Horrez gain, dementzia edo alzheimerra duten pertsona asko bere haur garaira itzultzen dira, eta, maiz, euskaraz bakarrik hitz egiten dute.

Ikastaroak eskaintzen dituzue. Nolako euskara behar da zaintzeko?

Hainbat ildo eta lan mota daude eta gu saiatzen gara lan mota guztiak lantzen. Saiatzen gara eraginkorrak izaten lan mota guztietan. Badira, alde batetik, barneko langileak direnak eta etxe barruan lan egiten dutenak. Horiekin oinarrizko hizkuntza lantzen dugu. Libre duten ordutegian eskaintzen dizkiegu ikastaroak, herri mailan. Zaintzako egoera desberdinak antzezten saiatzen gara ikastaro horietan, eguneroko benetako egoerak. Eginbehar bakoitzean behar dituzten hizkuntza baliabideak eskaintzen saiatzen gara ikastaro horietan; jateko orduan, dutxatzeko orduan, paseatzeko orduan... behar dituzten hitzak.

Bestetik, enpresen bitartez etxez etxe aritzen diren langileak daude. Horiekin ere lan orduetatik kanpo izaten dira ikastaroak, baina enpresarekin edota udalekin lotuta. Ikastaro horietan udalen eta bestelako erakunde batzuen laguntza izaten dugu. Eta, azkenik, zaharren egoitzetan lan egiten duten zaintzaileak daude. Horien kasuan, zenbait lanpostu eskuratu ahal izateko hizkuntza eskakizun zehatzak bete behar dira eta ikastaroak horri begirakoak izaten dira. Norabide horretan, hizkuntza gaitasunak eta profilak langile gehiagori aukerak emateko moduan lantzea da erronka, bereziki pertsona migratzaileei begira.

Pentsatzekoa da hizkuntza profil batzuk eskuratzea zaila dela migratzailearentzat.

Bai, oso. Horregatik ari gara hizkuntza gaitasunak eskaintzen eta, agian profila lortu ez arren, euskaraz zaintzeko baliabideak ematen. Adibidez, barneko langile bezala ari denari ez zaio euskara profila eskatzen, baina zaharren egoitzan edo etxez etxe ari denari udalerri batzuetan bai. Askotan, baina, ez da baldintza hori betetzen duen langile nahikorik eta profilik ez dutenak onartzen dira. Eremu horretan zerbait egiten saiatzen gara; nola landu langileen hizkuntza gaitasunak zaintza euskaraz egiteko. Ez lanetik kanpoko ikastaroetan, baizik eta lanean bertan, zaintzaren testuinguruan.

Nola antolatzen dituzue ikastaroak?

Ia Gipuzkoa osoan eman ditugu ikastaroak. Ikastaro gehienak udalek kontratatzen dituzte, eta, batzuetan, enpresek. Gure ahalegina batetik metodologikoa da, eta, bestetik, egiturazkoa. Hori guztia modu antolatu batean txertatu nahi dugu; lanbide prestakuntzan, lan orduen baitan... Hori guztia lortzeko politika bat behar da. Erakundeak ari dira bide horiek zabaltzen eta gure lanaren parte bat oraintxe bide horiek asmatzea da. Ikastaro horiek ezin dute noizean behingoak izan, egiturazkoak izan behar dute. Etorkizunean gauza finkoagoa eta denboran jarraituagoa izatea da helburua eta horretarako ezinbestekoa da elkarlana, bai udalekin, bai lanbide prestakuntzan ari direnekin eta baita Lakuarekin eta aldundiekin ere. Elkarrekin bide beretik joan behar dugu langileei euskaraz jarduteko aukerak eskaintzeko.

Lan mundura sartzeko laguntzak eta bideak badaude, baina badirudi horietan euskarak ez duela tokirik.

Bai, horrela da. Lanbide prestakuntza da lan mundura sartzeko bidea. Euskaraz ez dakienak, gaztelaniaz egiten du eta kito. Titulua gaztelaniaz lortzen du, eta, beraz, badu gaitasun profesionala, baina ez hizkuntza gaitasuna.

Bada hitzarmen bat Lanbideren eta HABEren artean arreta soziosanitarioaren alorrean langileak euskaltegira dohain joatea bideratzen duena. Kasu horretan, lanbide prestakuntza egiteaz gain, euskaltegira ere joan beharra dago; gainera, euskaltegian ez da euskara zaintzara bideratuta zaintzen, baizik eta hizkuntza orokorrean. Momentu honetan ez dago langile horientzako eskaintza espezifikorik.

Eta Banaiz Bagara hutsune hori bete nahian ari da.

Bai, hori da. Batetik alor didaktikoan ari gara, metodologia berezia prestatzen. Eta, bestetik, erakundeekin elkarlanean ari gara eskaintza benetan eraginkorra osatu nahian; ahalik eta langile gehienek eta erarik errazenean egin dezaten bide hori. Printzipioz, ibilbide bat eraiki beharra dago zaintza euskaraz egin nahi dutenentzat. Ibilbide profesional horretan hizkuntzaren ezagutza nola txertatu aztertu beharra dago. Eta ez bakarrik migratzaileei begira, badira bertan jaio arren euskaraz ez dakitenak eta pertsona horiei ere eskaini behar zaizkie hizkuntza gaitasunak.

Nolakoa izan da orain arteko esperientzia?

Maiz zailtasunak izaten dira, ikasleek lanorduetatik kanpo tarteak topatu behar dituztelako ikastaroetan parte hartzeko. Nekea ere traba izaten da, zaintza lana gogorra delako. Gainera, zaintzaileak gero etxean ama ere badira eta hor ere badute nahiko lan. Hori zailtasun bat izaten da. Baina etortzen direnak oso gustura egoten dira eta asko ikasten dute.

Guk asko baloratzen dugu langile horiek dakitena, ezagutzen dituzten teknikak. Eta egia da langile horiek asko dakitela jendea nola tratatu behar den inguruan. Egoera oso intimoetan eta eguneroko laguntzan oso trebeak dira. Zaintzaileak teknika propioak lantzen ditu eta guk hizkuntza teknika horietatik abiatuta lantzen dugu. Horregatik, oso praktikoa da ikastaroa. Adibidez, benetako elementuak erabiltzen ditugu, xanpu potea kasu. “Eman xanpua” edo “altxa besoa” modu grafikoan eta zuzenean ikasten dute. Berdin xaboia, toalla... egunerokoan behar duten euskara jasotzen dute ikastaro horietan.

Horrez gain, saiatzen gara esperientzia arrakastatsua izan dadin. “Hori oso zaila da”, “hori oso konplikatua da” eta antzeko ideietatik harago, saiatzen gara jendeak hasieratik sentitu dezala ahal duela, parekoak ulertuko duela. Oso arrakastatsua da “eman toalla” esan eta parean duzunak ulertu egin dizula ikustea. Oso eraginkorra izaten da.

Eta zaindua den pertsonarentzat ere oso positiboa izan behar du zaintzaileak euskaraz ikasteko ahalegina egiten duela ikustea.

Bai, eta adinekoek asko laguntzen diete euskararekin. Erreakzioak oso positiboak dira, oso politak. Bestelako teknika batzuk ere lantzen ditugu. Euskaldun bat euskaraz hizketan hasi eta ez diozula ulertzen sentitzean, nola erreakzionatu kasu. “Ikasten ari naiz, baina ez dut oraindik dena ulertzen” esan daiteke. Edo “eskertzen dizut euskaraz egitea, baina poliki-poliki, dena ez baitut ulertzen” eta antzeko erantzunak. Modu atsegin eta irekian erantzuteko teknikak lantzen ditugu.

Euskaldunak baloratzen al du euskara ikasten ari denaren ahalegina?

Bai, baina pertsonaren arabera desberdin. Bada euskaraz ikasteko ahalegina txalotu eta segidan gaztelaniaz hitz egiten duenik. Euskalduna euskaraz ikasten ari denarekin konplize egiteko tresnak edo estrategiak falta dira: poliki hitz egin, esandakoa berriro errepikatu... Adibidez, gaztelaniaz ari bazara migratzaile batekin, ulertu arte saiatu behar duzu, behin eta berriz errepikatu, keinuak baliatu... Aldiz, euskaraz ari bazara, zuzenean gaztelaniara pasatu eta kito. Euskaraz ari zarenean ez dituzu beste mekanismo edo estrategia horiek guztiak lantzen. Hor kontzientziazio prozesu bat egin behar da euskaldunen artean. Egin ahalegina, ez pasatu zuzenean gaztelaniara.