Arantza Diaz de Ilarraza
EHUko Informatika Fakultateko irakaslea eta ikerlaria

Pertsonen eta konputagailuen arteko elkarrizketa sistemak

Hizkuntzaren teknologian, pertsonen eta konputagailuen arteko komunikazioan sortzen den parte hartzeen sekuentziari elkarrizketa deitzen zaio. Hona hemen HIS (2010) sistemaren elkarrizketa baten adibidea (E, erabiltzailea; S, sistema).

E: Jateko toki baten bila nabil.

S: Jatetxe baten bila zabiltza? Nolako jatetxea?

E: Jatetxe italiarren bat nahiko nuke, museotik gertu.

S: Museoaren ondoan, Roma jatetxea ona da.

E: Prezioz ondo dago?

S: Bai, ez da oso garestia.

E: Zein da telefono-zenbakia?

S: Telefono-zenbakia 385456 da.

E: Ondo da. Eskerrik asko eta agur.

S: Agur.

Elkarrizketa sistemak konputagailu programak dira. Programa horien bidez konputagailua erabiltzailearekin mintzatzen da. Elkarrizketaren xedea izan daiteke, adibidean bezala, zauden tokitik gertu jatetxe bat bilatzea, hegaldi baten erreserba egitea, ilea mozteko hitzordua eskatzea, produktu baten erosketa egitea edo loreak enkargatzea. Komunikazioa ahoz zein idatziz, eta txandaka gauzatzen da. Garatzaileen eta ikertzaileen helburua komunikazioa gero eta naturalagoa eta pertsonengandik hurbilagoa izatea da.

Bi motatako sistemak bereizten ditugu: batetik, zeregin jakin bat egiten laguntzen duten sistemak, eta, bestetik, chatbot-ak, elkarrizketa laburren bitartez erabiltzaileen galderak erantzuten dituztenak. Normalean, lehenengoek sei-zortzi parte hartzeren bitartez garatzen dute beren zeregina; besteetan, elkarrizketak motzagoak dira, eta ez dute helburu konkreturik. Gaur egun, oro har, bai lehenengoei bai bigarrenei chatbot esaten zaie.

Atazetan oinarritutako sistema komertzialenek frame (egoera tipikoen eskema orokorrak) bidezko arkitekturak erabiltzen dituzte. Hegaldi baten txartela erreserbatzeko egoera tipikoan, adibidez, hainbat informazio behar dira: nondik eta nora bidaiatu, hegazkin konpainia, eguna eta ordutegia, prezioak; horiek lirateke frame-aren osagarriak.

ELIZA izan zen lehenengo elkarrizketa sistema (1966); sistema honek psikologoaren eta haren pazienteen arteko elkarrizketa simulatzen zuen. Lehenengo sistema hartatik beste asko sortu dira, eta gaur egun, besteak beste, Siri, Amazon Alexa edota Google Assistant ezagunak eta erabiliak dira. Chatbot-en adibide ugari daude webean; adibidez, dementzia duten gaixoekin oinarrizko elkarrizketa eramateko diseinatuta daudenak, edo insomnio kasuetan gaua pasatzen laguntzen dutenak. Merkatuan badira ere enpresen beharretara egokitzeko programak, chatbot-ak sortzeko balio dutenak.

Elkarrizketa sistemen muinean hizkuntzaren teknologiak daude: erabiltzailearen ahotsa ezagutzeko, eskaria “ulertzeko” eta erantzun egokia bilatu eta lortutako emaitza ahotsez sortzeko. Sistema algoritmo konplexuen sekuentzia batez baliatuko da erabiltzailearen eskaria identifikatu eta eskatutakoa inferitzeko; horretaz gain, emandako galderei erantzun egokiak bilatu eta osatu behar ditu, erabiltzen dituen ezagutza-baseetan kontsultatuz.

Elkarrizketa sistemak garatzeko teknologia aldatu egin da, hizkuntzarekin zerikusia duten beste aplikazioetan bezala. Hasieran, erregeletan oinarritutako teknologia erabiltzen zen; gero corpusetan, eta orain ikasketa sakonean oinarritutakoak; azkeneko horiek pertsona eta makinen arteko elkarrizketak bildu behar dituzte, algoritmoek elkarrizketa ereduak automatikoki ikas ditzaten.

Sistema hauen etorkizuneko erronka gero eta elkarrizketa naturalagoa bideratzea da: sistemak hobeto “interpretatzea” erabiltzailearen nahia; sistema gai izatea elkarrizketa hobeto jarraitzeko; erantzun denbora hobetzea; ahotsez komunikatzea, erabiltzaileari bere hizkuntzan komunikatzea ahalbidetzea... Hobekuntza horiek lortzeko teknika berriak ikertzen ari dira hizkuntza teknologiaren eta, oro har, adimen artifizialaren arloetan.

Ikerketa baten arabera, ingelesa da elkarrizketa sistemetan gehien erabiltzen den hizkuntza (% 90); horren atzetik, frantsesa, espainola, portugesa, alemana, italiera, arabiera, errusiera, txinera eta nederlandera, ordena horretan. Honetan ere, oraindik badago zereginik franko konputagailuarekin euskaraz mintzatzera iristeko. •