Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Huts egin asmatzeko

Huts egiten ez duenak ez du deus asmatzen», omen dio zaharra ala berria den esaten jakingo ez genukeen esamolde batek. Hezkuntzan, gehienetan, bi aditz horiek antonimo gisa hartu ditugu. Ondorioz, sarritan, heziguneetako jardunean eta irakaste-ikaste prozesuetan bi aukera daude: huts egin ala asmatu.

Oso erro sakonak garatu dituzte bi aditzek hezkuntzaren zoruan. Hala, huts egitea porrotaren multzoan lerrokatu dugu, saihestu beharreko ekintzan; asmatzea, aldiz, arrakastarenean, lortu beharreko helburu behinenean, bakarrean ia. Asmatzea da denok lortu nahi duguna, denon ametsa. Pentsamolde horrek, ikusmolde eta praktika bat garatu du. Eta, oharkabean seguruenik, huts egitea nola ekidin bihurtu da hezitzaileon buruhauste eta egiteko nagusia. Horrekin batera, asmatzea da ikasleen –eta zergatik ez dugu esango, irakasleen eta hezitzaileen– eginbehar urgentea. Eta lehenengotik eta azkar egiten badugu, hobe.

Ekainean gaude, ebaluazio garaia da. Gehiegitxoetan zer dagoen ongi eta zer gaizki zenbatzeko eta adierazteko garaia; eta, gutxienekoetan, tamalez, zenbat aurreratu dugun eta non geratu garen kateatuta atzeman eta komunikatzekoa.

Ekain honetan ere, maizegi, neska-mutilak izango dira ebaluazioaren fokupean ipini eta epaia jasoko dutenak. Hezitzaileak, metodologiak, plangintzak, heziguneetako antolaketak, espazioak, materialak, hezkuntza jardunean egin diren eskaintzak, hezkuntza legeak, hezkuntza administrazioen erabakiak edota ebaluatzeko erak berak ere aztertzea beste baterako geratuko dira. Zalantzaz betetako garaia izango da ekaineko hau, behin berriro ere, ebaluatzeko lana dugunontzat; izan ere, hain da zaila ebaluatzerakoan esatea eta aurreikustea zer gertatuko den!

Bete-betean gauden ebaluazio aldi honetan, indar bereziarekin berpiztu behar luke zalantzak: zein da eskolaren helburua, emaitza ala hobekuntza? Zer ote da interesgarriagoa, jarraipena ala lorpena?

Zalantzak zalantza, eta galderak galdera, esaldia ez da iparrorratz txarra: “Huts egiten ez duenak ez du deus asmatzen”. Aditzen eta esaldiaren beraren esanahian sakonki murgilduz, zein urrun iristeko aukera izango genukeen. Izan ere, huts egitea ez da atzera bueltarik ez duen egoera, prozesu baten hasiera izan liteke. Begira diezaiegun “asmatu” hitzak Euskal Herriko gainontzeko hizkuntza ofizialetan dituen adierei. Bada, ikusiko dugu frantsesez askoz ere esanahia hezitzaileagoak dituela: Asmatu = inventar, crear, imaginar, idear, ocurrirse, inventarse, acertar, atinar, adivinar, predecir, acertar a, conseguir, lograr/ imaginer, inventer, sentir, pressentir, présumer, devenir, trouver, réussir.

Gaztelaniazko acertar adiera murriztailetik haratago joatea lortuko bagenu, akaso, akatsa, huts egitea, despenalizatzea lortuko genuke. Eta esango nuke despenalizazio hori benetako iraultza litzatekeela hezkuntzan. Huts egitea har dezagun ezabatzea, aldatzea, birpentsatzea, berrekitea, saiatzea estrategia gisa dituen prozesu bezala. Huts egin prozesu gisa asmatzeko, hitzaren zentzurik zabalenean! •