joseangel.oria@gaur8.info
PUERTO RICO

Urakanek baino gehiago suntsitu eta hiltzen du agintarien zabarkeriak

Alberto izena jarri zioten aurtengo Atlantikoko lehen urakanari, Kuban bederatzi hildako eta desagertu utzi dituenari. Denboraldiaren hasiera ofiziala iritsi baino lehen sortu zen ekaitz tropikal hori, AEBetako adituek iaz Maria urakanak Puerto Ricon 4.600 hildakotik gora eragin zituela dioen ikerketa argitaratu eta berehala.

Aurreko astean eman zitzaion hasiera ofiziala 2018ko Atlantikoko urakan denboraldiari, teorian azaroaren 30ean amaituko denari. Baina egun horiek gizakiok ezarritakoak dira, ez naturak, eta gero eta ohikoagoa da epe hori hasi baino lehen urakanen bat izatea, eta abenduan ere lasaitzerik ez edukitzea. Klima aldaketak datu horiek berraztertzera behartzen du, baina ez da hori beste modu batean planteatu beharreko kontu bakarra, zikloi baten biktimek jasandako laguntza ez baita beti egokia izaten; kasu batzuetan agintarien jarduera bera kriminala izan dela ere esatera hel daiteke.

Nabarmentzeko modukoa da iazko irailean Maria izeneko urakanak Puerto Ricon egin zituen txikizioa eta sarraskia. Joan den asteburuan hildakoen senideek haien oinetakoak erakutsi zituzten protesta moduan, salatu nahi baitzuten urakanak benetan eragin zuen heriotza kopuruaren (4.600 lagunetik gora) eta ofizialki eman zen zenbakiaren (64 besterik ez) arteko alde ikaragarria.

San Juan Puerto Ricoko hiriburuan senideak kapitolioaren aurrean elkartu ziren. Gobernuari exijitu zioten ofizialki eman zuen kopurua aldatzeko, ez baita bidezkoa 64 hildako izan zirela esaten jarraitzea, Harvardeko Unibertsitateko adituek egindako azterketa baten arabera gutxienez 4.645 pertsona hil zirenean, Maria urakanaren eta ondorengo arduragabekeriaren eraginez.

«Gobernuak bere zabarkeriagatik zenbatu nahi ez zituen biktimak omentzera etorri naiz. Eta nik esango nuke azterketa horretan ageri diren hildakoak baino gehiago izan zirela, gorpu asko erre egin baitzituzten; horiek ez dituzte inon erregistratu», adierazi zuen Elmer Sanchezek.

Harvardekoen inkesta

Inkesta bat da Harvardeko adituen lanaren oinarria. Puerto Ricoko 3.299 etxetan egin zuten galdeketa. Herritarrei galdetu zitzaien heriotzen inguruan eta heriotza horiek eragin zituzten faktoreengatik. Ikerlariek ondorioztatu zuten biktima gehienak 2017ko irailaren 20tik abenduaren 31ra bitartean hil zirela, urakanaren eraginez zuzenean edo osasun sistemak jasan behar izan zuen energia eten luzearen eraginez. Horixe gertatu zitzaion Neida Moralesen ahizpari, erietxean zendu baitzen, instalazioak argindarrik gabe zeudelako: «Ahizpa hil zelako nago hemen. Estatistika horien parte da ahizpa. Istripua izan zuen eta medikuek ez zuten izan garaiz ebakuntza egiteko aukerarik. Larrialdi aretoan zegoen, traumatologia unitatean. 51 egun egin zituen bertan. 2017ko abenduaren 21ean hil zitzaigun».

Maria urakana 2017ko irailaren 15ean sortu zen eta AEBetako Urakanen Zentro Nazionalak esan zuen 5 kategorikoa izan zela, Ozeano Atlantikoan izan direnen artean hamargarren indartsuena, suntsiketa ahalmenaren arabera.

Puerto Ricon sekulako txikizioa eragin zuen eta egun haietan telebista kateek urek estalitako eremu zabalak erakutsi zizkiguten. Baina orduan hedabideek eskaini zituzten eta benetan izan ziren biktima kopuruen arteko aldea sinesgaitza da: 70 halako.

Puerto Ricoko Gobernuak esan zuen hasiera batean 64 hildako eragin zituela Mariak, baina Harvardeko adituek diote zenbaketa oso gaizki egin zela, argindarrik gabe geratu baitziren uharteko makina bat zerbitzu eta, gainera, ekaitzak utzi zuen txikizioa izugarria izan zelako. Hildakoen kopurua baina fidagarriagoa izan daiteke urakanak eragindako kalte materialei dagokiena: 90.000 dolar, estatubatuarrek 1900. urteaz geroztik erregistratu duten hirugarren suntsigarriena, kalte ekonomikoei dagokienez.

Aurretik egindako beste ikerketa batzuek ere asko igo zuten biktima kopurua, agintariek eskaini zutenarekin alderatuta. Horietako batzuek zioten 1.000tik gora izango zirela hildakoak, Gobernuak esandakoa baino askoz ere gehiago, baina benetan izan zen kopurutik oso urruti.

Adituek 2005ean New Orleans hiria suntsitu zuen Katrina urakanarekin alderatu dute Maria. Katrina izan zen kalte ekonomiko gehien eragindakoa, baina hildakoen kopurua 1.833 pertsonatan geratu zen. Gainera, orduan ere urakana bera baino kaltegarriagoak izan ziren agintarien erabakiak: nahiz eta espezialistek New Orleans babesten duten dikeak indartzeko inbertsioak eskatu, urteak pasa ziren neurririk hartu gabe, eta, azkenean, ekaitzak txikitu egin zituen babesak. Etxe Zuriak bere esku zeukan dikeak indartzeko inbertsioak egitea, baina ez zuen horrelakorik egin.

Iazko Maria urakanaren kasuan ere inbertsio falta sala daiteke, osasun sistema argindarrik gabe geratu baitzen behar handiena zegoen unean. “The New England Journal of Medicine” egunkariak argitara emandako ikerketaren arabera, puertorricar gehienak energia faltaren eta errepideak suntsituta eta erabili ezinik geratu izanaren ondorioz hil ziren. «Senideek esan zigutenez, urakanaren ondorengo heriotzen heren bat, gutxi gorabehera, medikuengana iristeko arazoek eragin zituzten, medikuarengana beranduegi iristeagatik edo iritsi ezinik geratzeagatik», txostenak berak esaten duenez.

Hilkortasun tasa igo

Ikerlariek esku artean izan dituzten datuen arabera, Maria urakanaren ondoren hilkortasun tasa %62 igo zen Karibe itsasoko irlan, 2016ko epe berarekin alderatuta. Zehazki, 4.645 hildako izan ziren Puerto Ricon. Txostenak dio kalkulu horiek bat datozela hedabideek 2017ko irailean bertan eta urrian argitara eman zituzten datuekin.

Harvardeko adituek Gobernuari galdetu zioten ea zenbat hildako zenbatu zituen, zein ote zen azken zenbaki ofiziala, baina agintariek informazio hori ez ematea erabaki zuten. Puerto Ricoko Exekutiboak 2017ko abenduan utzi zion hildakoen kopurua gaurkotzeari.

Txostenaren egileek uste dute kopuru berri horiek garrantzitsuak direla alderaketa independenteak egin ahal izateko. «Zenbaketa ofizialak berraztertzen ari dira momentu honetan. Kopuru horiek nabarmentzen dute AEBetako Gobernuak ez diola kasurik egin Puerto Ricoko azpiegituren ahuldadeari», adierazi dute adituek.

AEBei «elkartutako» estatu libre bat da gaur egun Puerto Rico. Autonomia osoa du, baina batek baino gehiagok esaten du errealitatean AEBetako «51. estatua» dela. 3,3 milioi biztanle ditu.

Harvardeko adituek uharteko 3.299 etxe bisitatu zituzten, eta, hildako jakin bat urakanak eragindakoa zen ala ez erabakitzeko, AEBetako CDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroak erabiltzen dituen irizpide berberak erabili zituzten.