Maite Ubiria

Bizi guztiko kartzela zigorra giza eskubideen aberrian

Kartzela sistemak azkeneko hamarkadetan izan duen bilakaerak agerian uzten ditu giza eskubideen aberri ofizialak zigor-mendekuaren kulturari alternatibak xerkatzeko dituen zailtasunak. Presondegiei buruzko behatokien txostenek hala frogatzen dute. Baita Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Frantziari ezarritako kondenak ere. 2018ko urtarrilean 68.974 pertsona ziren preso frantziar Estatuan. Aldiz, 59.765 plaza baizik ez ziren bertako espetxeetan. Kartzeletako gainpopulazioa irtenbiderik gabeko arazoa da aspalditik; 9 metro koadroko ziegetan bi, hiru, lau lagun izatea ohikoa da kartzela anitzetan. Ez da harritzekoa ere presoak lurrean jarritako koltxoietan lo egitera behartuta izatea. Masifikazioa bere burua herrialde garatuen artean kokatzen duen Estatuak kudeatzen duen kartzela sistemaren alderik ilunetakoa izanik ere, ez da bakarra. Giza eskubideen aberrian badira mende erdia kartzela giro horretan igaro duten presoak. Horretan ere frantziar Estatuak Europako Kontseiluak ezarritako muga denak gainditu ditu. Aipatu erakundeak bost urte baino gehiagoko kartzela zigorrak kondena luzetzat jotzen baditu ere, frantziar Estatuak hamar urtetik gorako kartzela zigorrei baizik ez die aitortzen izaera hori. Zigor kodeen erreformen bidez, eta terrorismoaren aurkako salbuespen legearen eraginez, horrelako kartzela zigorrak jasotzen dituzten presoen kopurua emendatuz joan da. Gaur-gaurkoz zigor luzeak betetzen dituzten presoen batezbestekoa %12,8koa da Frantzian.

Europako Kontseiluaren arabera «askatasun faltari loturiko kalteek harremana zehatza dute espetxealdiaren iraupenarekin». Hori dela-eta, «espetxealdia ahal den eta gehien murriztea» gomendatzen du erakundeak, eta, «ezin denean, presoari espetxeko bizi-baldintzak leuntzea», hain zuzen ere, «pertsonaren suntsiketa» ekiditeko. Gomendio horiek, baina, ez dute oihartzun handirik izaten. Hedabide nagusien laguntzaz aldiro-aldiro gizartearengan pizten diren “alarmek” eta, oro har, jendearen kontrola areagotzeko eratu den sekurokraziak espetxeari alternatiba emateko sorturiko tresnen erabilpena zeharo murriztu du. Askatasunaren helmuga urrundu den heinean, preso sartzen dituzten herritarren perspektiba aldatzeaz gain, gizarteak kartzela unibertsoari buruz duen begirada ere desitxuratuz joan da, errealitate arrotz izatetik espektro bat izatera pasatuz. Hori gutxi ez eta esperantza bera bahitzen duen kondena bat ere bada: bizi guztiko zigorra. Frantzian espetxe muga 30 urtekoa izan arren, denbora tarte izugarri hori gainditzea ahalbidetzen du bizi guztiko zigorrak. Preso beteranoena izatearen zalantzazko ohorea izan zuen Michel Cardon hilaren 1ean atera zen libre... 40 urte eta erdiko espetxealdia egin ondoren!

Abdel Hafed Benotmanek bere kartzelaldiaren esperientziak partekatu zituen “Lettres contre la prison” liburuan. «Bizirik iraun, osasuna ez galdu, izaera gizatiarra atxiki eta data bat zerumugan izan». Bere gomendio sorta baliagarria da, hala nola, dagoeneko 28 urte kartzelan egin dituzten lau euskal herritarrentzat. Alta, horietarik hiruk –Unai Parot espainiar Estatuan dago– ez dute espetxetik irteteko datarik, hain zuen Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Xistor Haranburuk. Bizitzaren eta esperantzaren aldeko aldarria da, ezinbestean, Baionako karriketan gaur entzungo den oihua: «Egun bat gehiagorik ez». •