Koldo Sagasti

Ez dezatela mezularia hil

Hipokrates medikuntzako historiako osagilerik nagusietakoa izan zen. Kristo aurreko laugarren mendean mediku jardueraren printzipio etikoak ekarri zituen zin hipokratikora. Adierazpen haren testuak jasotzen du, besteak beste, sendagileak errespetua zor diola maisuari, harekin partekatuko dituela bere ondasunak, familiatzat hartuko dituela haren semeak, eta doako formakuntza eskainiko diela medikuntzaren jakintzan. Bi mila urtetik gora pasa dira zientzialari greziarrak mesede-kate hori abian jarri zuenetik; eta gaur egun arte, belaunaldiz belaunaldi, fakultatean lizentziatutako medikugai berriak zin emate horri atxiki zaizkio.

Juramentuak, nonbait, elite bateko kide egiten ditu sinatzaileak. Medikuntza ikasle garaian beti susmatu nuen itun horren emaitza ez ote zen sendagileen seme-alabak matrikula ordaintzetik salbuetsita izatea. Halaxe izan da beti, Hipokratesen garaietatik.

Arazoa sortu da aukeratuen kasta hori administrazio publikoko funtzionario bilakatu denean, eta langileen seme-alabek ordura arte pribilegiatuentzat erreserbatutako formakuntza jasotzeko aukera izan dutenean.

Gauza guztiz jakina zen aspaldi Osakidetzan medikuentzako oposizioetan alferrikakoa zela ikastea, lanpostu banaketa mesede-gurpil horretako kideentzat erreserbatuta zegoela. Inork ez zuen kolokan jartzen, harik eta hiru osagilek isiltasuna apurtzea erabaki duten arte. Salatariek adierazi dute prentsa aurrean beldurrez daudela jasaten ari diren mehatxuengatik. Babestu egin behar ditugu hiru ausart horiek, osasun sistemaren higieneagatik, gure osasunagatik. •