Ramon Sola

Peru, Ane, Olatz... etorkizuna iragartzen dabiltzan ahotsak

2017. urtean zehar orriotan agerturiko ahots berri potenteena aukeratzeko eskatu izan balidate, ez nukeen politiko bat hautatuko, ez intelektual bat, ez artista bat... Albiste latz batek, aitaren heriotza Badajozko espetxean, gordintasun osoz agerrarazi zuen bizitza osoan motxiladun ume-nerabe-gazte izana zen Peru del Hoyoren istorioa. Kasua berez ikaragarri gogorra bazen ere, guztiz txundigarria izan zen tragediak Lakuntzako Hatortutxik zetorrela hain bortizki kolpatu zuen gaztearen erantzuna. Haren barrenak hustu zituen Galdakaoko agur ekitaldian, bere modura, rap doinuz: «Zenbat egun, zenbat gau/ bizitza honek nazkatzen nau/ 40 minutu, milaka taupada/ milahirurehun kilometro, una matada/ qué putada». Eta egun batzuk geroago Maite Sanchez amarekin batera GARAri emandako elkarrizketan, malkoak begietan eta bihotza bero baina burua hotz, zenbait irakaspen utzi zituen (maitasunaz, saminaz, enpatiaz), bai eta ordezkari politikoei eskaintza zintzoa luzatu ere: «Nirekin eser daitezela eta ziur naiz, ideologia batekoak zein bestekoak izanda ere, sakabanaketari eusteari buruz zalantzak izango dituztela».

Peru jaio eta Kepa espetxean hil arteko 19 urteetan zehar, bisita guztien denbora batuta, Peruk 19 egunez baino ez zuen ikusi aita. Ane Muguruzak, hori ere ez; amaren sabelean zen aita, Josu, Madrilgo Alcala Hotelean hil zutenean. Peru del Hoyok eragindako antzeko zirrara sentitu nuen duela hilabete eta erdi Bartzelonan, Euskal Herriko bake prozesuari buruz eginiko jardunaldian. Bertan Rosa Lluch zein Robert Manrique, ETAren atentatuen biktimak, atseginez agurtu zituen Muguruzak, eta, aldi berean, jarrera zeharo itxia duen Jose Vargas Kataluniako elkarte bateko ordezkariaren aurrean ez zen kikildu. Bere lekukotasuna emateaz gain torturaz eta gerra zikinaz oso ondo aukeratutako datuak utzi zituen agerian Egiari Zor elkarteko kide ere baden gazteak. Eta Peru del Hoyok bezala mezu berritzaileak utzi zituen, honako hau adibidez: «Nik ez dut aita hil zutenak espetxean ikusteko beharrik. Bera hiltzeko erabakia Gobernu espainolaren bulego batean hartu zela onar zezatela gehiago interesatzen zait».

Olatz Iglesiasen bizitzak ere zer pentsatua ematen du. Amarekin [Nagore Mujika] espetxe barruan bizi izan zen umetan eta hor segitzen du aitak [Juan Carlos Iglesias]. Olatzek 11 urte bete arte, ezin izan zuten bisean biseko batean hirurak elkartuta egon. Urruntze politikaren ondorioz ibili behar izan –eta izango– dituen kilometroak zenbatezinak dira, baina Legebiltzarrean bere sufrimenduaren ardura gurasoena zela aurpegiratu zion PPko hautetsi batek, lotsagabeki. Gorroto izpirik ez da ageri, ordea, Orain Presoak ekimeneko kide gisa ematen ari den elkarrizketetan: «Guk sufrimendu guztien biktimekin enpatizatzen dugu. Eta mendekuak biktima gehiago eta gehiago sortzea baino ez dakar. Zauriak ixtea da gure helburua», esan dio GARAri.

Sarritan inplikazio falta leporatu zaie gazteei; eta parte hartzea izan dutenean, aldiz, helduen rol eta diskurtsoak betikotzeko joera. Bistan da Peru del Hoyok, Ane Muguruzak edota Olatz Iglesiasek uste horiek goitik behera gezurtatzen dituztela. Biktimak izan arren biktimakeriatan gelditzeko tentazioari ihes egin diote, barruko samina etorkizun hobeago baterako hazia bilakatu dute eta adinak berezkoa duen freskotasun eta zintzotasunez mintzo dira. Arreta merezi duten ahotsak, proiekzioa behar duten pertsonak dira. •