Iñaki Soto

Duela urtebete ez genekien Trapero existitzen zenik ere

Datorren astean, abuztuaren 17an, Kataluniako atentatu jihadisten lehendabiziko urteurrena beteko da. Atzera begira, urte bakarra pasa izanak sinestezina dirudi. Lehendabiziko unean, gutako gehienok Kataluniako erreferenduma guztiz baldintzatuko zuten erasoak izango zirela pentsatu genuen. Egunek aurrera egin ahala, aldiz, bai Madrilek bai Bartzelonak atentatuez eta beren ondorioez egindako kudeaketa ikusita, eragin hori ez ote zen kataluniarren aldekoa izango pentsatzen hasi ginen. Ordura arte, kanpotik ikusita, erreferendumean Poliziak jokatuko zuen papera zen zalantza handienetakoa. Nola eraman aurrera erreferendum ez-legal bat Poliziaren babesik gabe? Edo, beste era batera esanda, nola babestu dezake Poliziak erreferendum ez-legal bat?

Orduan, Josep Lluis Trapero ezagutu genuen, mossoen burua. Eta, hein batean bada ere, gutako askorentzat “polizia=txakurra” binomioa leuntzen joan zen. Egia da ordurako Poliziari buruzko gure imajinarioan zenbait aldaketa emanak zirela. Urrutirago joan gabe, Raymond Kendall bera Baionako polizia-etxera joaten ikusita geneukan, ETAri babesa emateaz akusatuta. Beste alde batetik, ezker abertzaleak estrategia politiko-militarra baztertu zuenetik sei urte igarota, ildo antierrepresiboaren balantzerik egin gabe baina bere argi-ilunen oso kontziente, tentsioa zeharo motelduta, indar metaketaren estrategia batean eta boterea berreskuratzeko apustu sendoarekin, Poliziari buruz egunero kalean konfrontazioa zegoenean bezala pentsatzen jarraitzeak ez dirudi oso logikoa. Hori esanda, ordea, kontakizun politikoan izan zezakeen ondorioengatik eta euskal instituzioez jelkideek duten ikuspuntu patrimonialistagatik, izenetik hasita eta izanera igarota, Ertzaintzan aldaketa sakonik ez egiteko EAJren erabakiak beste agertoki baten aukerak kamustu ditu. Iñigo Cabacasen edo torturen auzian izandako jarrera horren adibide. Orain Lakuak kultura polizial hori kudeatzeko arazoak ditu. Edonola ere, hori beste auzi bat da.

Aipatu bezala, duela urtebete Traperoren berri izan genuen. Abuztuak 21ean operazioaren amaiera suposatu zuen Younes Abouyaaqouben exekuzioa eskubideen ikuspuntutik deitoragarria eta eraginkortasun polizialaren aldetik zalantzagarria izan arren, erasoaren tamaina eta jatorria ikusita, kataluniar instituzioek bai beren herriari baita munduari ere bidali zioten mezua oso indartsua izan zen. Espainiar agintarien jokabidea, ordea, eskasa eta iluna izan zen. Zerbitzu sekretuek Ripolleko imamarekin zuten harremana argitzeke dago, adibidez.

Zaila da azkenean atentatuok erreferendumean izan zuten eragina zehaztea. Edonola ere, hortik aurrera kataluniar aktualitate politikoa lasterragotu egin zen, etenik gabe bizkortu zen, urte amaiera arte. Denbora hirukoiztu bezala egin zen, eta sei hilabete eskas urteen pareko bihurtu dira gure memorian. Orduan ez genuen Trapero ezagutzen, eta dagoeneko askok ez dute gogoan. Politikaren –eta informazioaren– zikloen joera horixe da: gero eta iragankorragoak dira. Jende gehienarentzat gertaerak prozesuak baino interesgarriagoak dira, agian.

Kataluniaren eta Euskal Herriaren artean egiten diren alderaketetan, denbora politikoen joera hori kontuan hartu behar dela uste dut. Zenbaitetan irakinaldiak biziko ditugulako eta zenbait gauza uste baino mantsoago joango direlako. Trapero ez baitzen iaz jaio. •