joseangel.oria@gaur8.info
BOSNIAKO SERBIAR ERREPUBLIKA

Ikerketa serio bat egiteko exijitzen diete herritarrek Banja Lukako agintariei gazte baten heriotzaren harira

David Dragicevic Informatika ikaslearen heriotzak ezagun egin du gaztea Bosniako Serbiar Errepublikan, agintarien eta ustelkeriaren aurkako matxinada baten ikur bihurtzeraino. Davor aitak, beste biktima batzuen familiekin batera, astero adierazten du bere haserrea Banja Lukan zein Sarajevon egiten diren protestaldietan.

David Dragicevicek 21 urte zituen joan den martxoaren 18an desagertu zenean. Gorpua Banja Luka ibaiaren bazterrean aurkitu zuten handik sei egunetara. Ondoren Poliziak istripuaren hipotesia erabili zuen heriotza esplikatzeko, baina gaztearen familia ez zegoen konforme. Erail egin dutela diote Daviden etxean, eta bertako herritar askoren iritziz, familiak esaten duena sinesgarria da Banja Luka Bosniako Serbiar Errepublikako hiriburuan.

Poliziaren baldarkeria eta gardentasun falta salatzen dute azken asteotan kalera protesta egitera irten diren milaka herritarrek. Beste ikerketa bat egiteko eskatu dute, eta Gobernuari, gauzak diren moduan azaltzeko. Eta kaleak manifestariz bete dira, 2014az geroztik gertatu ez zen moduan gainera, kronikek diotenez.

Dragicevic Informatika ikaslea zen, beste ikasle askoren modukoa, aparteko konturik gabea. Bere heriotzak ezagun egin du ordea, agintarien eta ustelkeriaren aurkako matxinada baten ikur bihurtzeraino.

Hauteskunde garrantzitsuak egiteko hiru hilabete baino gutxiago falta direnean, gertakizun ilun hori da Bosniako zati den errepublikako arazo politikorik larriena. Baina uztailaren 7ko mobilizazioak badu aipatzeko moduko ezaugarri bat: bertako serbiarrekin batera, kroaziar eta bosniar ugarik ere esku hartu zuten protestaldian, milaka lagun elkartzera iritsiz. France-Presse agentziak egin duen irakurketaren arabera, asteotako giza mugimendua oso ezohikoa da 3,5 milioi biztanle dituen Bosnian, 100.000 hildako eragin zituen gerra nolabait –zauri asko odoletan utzita– itxi zuen egunetik mende laurdena pasa denean. Bosniako bizitza politikoa komunitateen arabera antolatzen ikustera ohitutako begiraleek Banja Lukako erakustaldiaren aniztasuna nabarmendu dute.

«Ghettoko gaztea»

Bestalde, munduko zenbait lekutan izaten diren Poliziaren gehiegikerien aurkako mugimenduekin (AEBetako eta Estatu frantseseko gazteen protestaldiek oihartzun handia lortu izan dute) ere badu loturarik Balkanetakoak. Gauero ehunka lagun elkartuta «Egia eta justizia» exijitzen duten manifestari gazteek “Klinac u getu” (Ghettoko gaztea) izenburuko abestia entzuten dute, hildakoak berak idatzitakoa. Parte-hartzaile askok David Dragicevicen erretratua duen kamiseta daramate jantzita, bere rasta eta guzti. Elkartzen diren puntuari izen berria jarri diote: «Daviden plaza».

Banja Lukan hildako gaztearen kanta bere egin du Dubioza Kolektiv musika konprometitua egiten duen talde ezagunak. 2014ko protestaldietan borroka sozial eta politikoen eledun izan zen banda rockzalea, «Bosniako gizartearen arazo propioei ahots emateko» jaio zen orain hamabost urte. Hip-hop, reggae, dub, ska, rock eta bertako folklorea nahasten ditu bere abestietan.

Davor Dragicevic 49 urte dituen tabernako zerbitzaria da Daviden aita. «Semea erail» egin diotela esaten du eta garbi dauka ustezko erailketa horren konplize direla polizia eta epaile jakin batzuk. Errudunen izenak bata bestearen atzetik aipatu ditu. «Kriminalak, hiltzaileak, Justiziaren eskuetan amaituko duzue», oihukatzen du eskuin ukabila jasotzen duen momentuan. «Hiltzaileak», erantzun dute gainerako manifestariek.

Poliziak hasiera batean esan zuen hildako gaztea droga kontsumitzailea zela, kalamua eta LSDa aipatuz. Baina manifestarien artean beste bertsio bat zabaldu da: borrokan aritu zen gaztea Banja Lukan sekulako boterea duen familia bateko seme batekin. Ez daukate frogarik, ordea.

«Agintariek ez dakite nola aurre egin horrelako fenomeno bati, erlijioaren eta komunitatearen araberako zatiketa atzean uzten baitu, agintean dauden etnonazionalistek egin ezin dutena», adierazi du Tanja Topic analista politikoak.

Tijana Cvjeticanin ekintzaileak errepublikako agintariek giza mugimenduekin normalean zer egiten duten azaldu du NewsMavens emakume kazetariek egindako hedabidean: «Sozialdemokrata Independenteen Aliantzak eta Milorad Dodik buruak Bosniako Serbiar Errepublika modu autoritarioan gobernatu izan dute azken hamar urteotan. Desadostasunei aurre egiteko errutinazko estrategia bat ezarri dute: protestaldiren bat sortuz gero, beraien aldeko hedabideen bitartez bideratzen dute mezua, helburu politikoekin manipulatuta dagoen protesta dela esanez. Kasu askotan, tankerako baieztapenekin batera esaten dute zerbitzu sekretuak eta nazioarteko aktoreak Dodiken Gobernuaren aurkako kolpe bat eman nahian dabiltzala, eta manifestariak eragile horien txotxongiloak baino ez direla».

Horixe gertatu zen apirilean: aginteak hedabideak erabili zituen herritarrak itsutzeko, baina agintariei zerbait gaizki atera zitzaien. Hilaren 21erako deituta zegoen protestaldiaren harira, Serbiako egunkari batek mobilizazioa zapuztea helburu zuen artikulu bat argitaratu zuen, eta berehala errepublikako hedabide askok eman zuten argitara. Beste kasu askotan arrakastatsua izan den estrategiak porrot egin zuen apirilean, ordea. Dragicevicen heriotzari buruzko beste ikerketa bat egiteko eskatzen zuten milaka lagun elkartu ziren.

Dzenan Memic

Gainera, Interneten ere zabaldu da “Justizia Davidentzat” leloa. «Pravda za Davida» izeneko Facebookeko taldea bosnieraz, kroazieraz eta serbieraz aritzen da eta 323.000 lagun ditu, Banja Lukan bertan zein hiritik kanpo. Mobilizazioak beste eskualdeetan ere egin izan dira. Errepublikaren iparraldean dagoen Dubica herrian (23.000 biztanle), esaterako, 1.300 lagun dituen talde bat sortu zuten. Modrica ere iparraldean dago eta maiatzaren 8an bertako plaza bete egin zuten manifestariek, herriak 28.000 biztanle baino ez baditu ere. Manifestari askok eskuin ukabila jasotzen zuten, David Dragicevicen aitak egiten duen moduan.

Manifestariek Dzenan Memicentzat ere eskatzen dute justizia. Sarajevo Bosniako hiriburuan hil zuten 2016ko otsailean, baina ofizialki zirkulazio istripu baten biktima izan zen gaztea. Familiak gertatutakoa argitzeko exijitzen du eta zenbait manifestazio egin dira beraiekin bat eginez. Aurtengo maiatzaren 16an egin zen protestaldian Davor Dragicevicek esku hartu zuen, Muriz Memic gaztearen aitari elkartasuna adierazteko. Sarajevoar horrek agintariei leporatzen die bere semea hil dutenak babestea. Banja Lukakoaren hitzak nabarmentzeko modukoak dira: «Serbiarra naiz, kristau ortodoxoa; nire semearen hiltzaileak ere serbiarrak dira. Kriminalek eta hiltzaileek ez dute ez erlijiorik ez hiritartasunik. Beren interesa baino ez dute».

Sarajevoko gehiengoa bosniar musulmana da, eta Davor Dragicevic serbiarra eta kristau ortodoxoa, baina ezberdintasun horrek ez du saihestu manifestariek bat egitea. Guztiek dituzte arrazoiak agintariekiko konfiantzarik ez izateko. Itzultze Jasangarriaren aldeko Batasuna izeneko gobernuz kanpoko erakundeak egiten duen analisiaren arabera, Bosniak bizi duen egoera hondamendiren batekin alderatzeko modukoa da eta horregatik horrenbeste bosniarrek migrazioaren bidea hartzea erabakitzen dute: 150.000 lagunek azken bost urteotan. Ustelkeria herrialdeka neurtzen saiatzen den Nazioarteko Gardentasuna elkarteak, berriz, Bosnia 91. postuan ipintzen du, Kosovo bera baino atzerago. EB Europar Batasunak egin duen azken txostenean ere gaitz bera aipatzen da: ustelkeria orokortuta dago, batez ere Justizia Administrazioan. Justizia estutuz gero, giza eskubideen arloan ere aurrera egitea lortuko litzateke, EBko arduradunen iritziz.

Tanja Topic kazetari eta analistak honako irakurketa egin zuen “Vreme” Belgrad Serbiako hiriburuko astekari independentean orain aste batzuk: «‘Davidentzat Justizia’ portaera kolektibo berria da, erabat berria eta ezberdina. Zaila da hemendik aurrera zer gertatuko den esatea. Apirilaren 21ean egin zen protestaldi handian, orain bi urte Banja Lukan Gobernuak aurrena eta oposizioak gero egin zituzten bi mobilizazioetan baino jende gehiago elkartu zen. Manifestariek, Davidentzat justizia exijitzeaz gain, argitu gabeko gainerako erailketa guztiak argitzeko eskatu zuten. Banja Lukako plazan zatiketa etniko eta erlijioso guztiak ezabatuta geratzen dira. Eta hori arazo larria da agintean dauden etnonazionalistentzat».