gaur8.info
PLASTIKOEN IRAULTZA

Debeku eta murrizketak nagusitzen ari badira ere, ez dira nahikoak plastikoaren industriaren gorakada gelditzeko

Aqua taldearen «Barbie girl» abestiak zioen plastikozko bizitza zoragarria dela, baina material honen gehiegizko erabilerak beste iritzi bat hartzera eraman gaitu. Plastikoak mugatzen ere hasiak gara jada herrialde batzuetan, garabidean diren beste batzuetan kontsumoak gora egiten duen bitartean.

Plastikozko poltsak kobratzen hasi berri dira gurean eta, agian, horrekin plastiko produkzioa neurri batean murriztea lortuko dugu. Izan ere, birziklatze plantetara iristen diren material horretako hondakinen portzentaje oso altu bat poltsak dira. Marka batzuk hasi dira jada asmatzen euren produktuak “biluzik” eskaintzeko moduak, eta, modan dagoen joera bat dela badirudi ere, ez da munduan dagoen arazoari aurre egiteko neurri eraginkorra. Ez behintzat erabaki bateratu bat ez bada.

Izan ere, plastikoaren industria etengabe hazten ari da garabidean diren herrialdeetako kontsumoaren eta garatutako herrialdeetako produktu teknikoagoen eraginez. Horiek askoz pisu handiagoa dute ekologisten protestek eta legearen gogortzeak baino. Horren erakusle, azken hamar urteotan mundu mailako plastiko ekoizpena 245 milioi tonakoa izatetik 348 milioi tonakoa izatera pasa da, Plastics Europe federazioak emandako datuen arabera. 2017an, adibidez, gorakada %3,9koa izan zen, aurreko urteetako joera kezkagarri berari jarraipena emanez (%4ko hazkundea 2016an eta %3,5ekoa 2015ean).

Termoplastikoak soilik kontuan hartuz –hau da, polietileno tereftalatoa (PET), polipropilenoa, polietilenoa edo polibinil kloruroa (PVC) p bezalako produktu arruntenak–, ekoizpenak %4,7 egin du gora urtero 1990 eta 2017 artean. «Erritmo berean jarraituko al du hazkundeak? Baietz suposatzen dut», onartzen du kezkatuta Plastics Europe federazioko gai teknikoen zuzendaria den Herve Milletek.

Txina da munduko plastiko ekoizle handiena, ekoizpen osoaren %29 baino gehiagorekin –duela hamar urte %15 besterik ez zuen ekoizten–. Plastiko kontsumoa garapen ekonomikoarekin dago lotuta, azpiegituren eraikuntzan, garraioan zein sektore elektriko eta elektronikoetan erabiltzen baita. Plastikoen lehen aplikazioa ontziak dira (%40).

Garabidean diren herrialdeak kontsumoarekin oso lotuta daude, baina jada garatuta daudenak ere ez dira atzean gelditzen. Polimero berriak sortzen ari dira, medikuntzan edo garraioan aplikagarriak, baita kirol zapatiletan ere. Plastiko berriak sortzen diren bitartean, horien erabileraren kontrako ahotsak ere gero eta gehiago dira. Kutsadurak eragindako kezka tarteko, erabili eta botatzeko plastikoak arautzeko legeak indartzen ari dira. Horrek kezka sortu du ekoizleen artean.

Estatu frantsesean erabili eta botatzeko baxerak desagertu egin beharko dira 2020rako biodegradagarriak ez badira. Konpostagarriak ez diren plastikozko poltsa finak, berriz, 2017tik daude debekatuta. Itsasoetako kutsadurari aurre egiteko bide bezala, herrialde ugarik hartu dituzte antzeko neurriak.

Ildo berean, maiatz bukaeran Europako Batzordeak berak kotoizko zotzak, plastikozko mahai tresnak, platerak, lastotxoak, koktelak nahasteko hagaxkak eta globoak eusteko makilak debekatzea proposatu zuen.

Birziklatzearen erronka

Orain arte hartutako neurriek ez diote gehiegi eragiten sektoreari, baina epe luzera eragina izango dutela uste dute adituek. Hala, ekoizleak ere neurriok kontuan hartzen ari dira; asko dira euren produktuak sortzeko birziklatutako materialak erabiltzeko konpromisoa hartu dutenak. Hori dela eta, materialok jada ez dira hondakin bezala ikusten, lehengai bezala baizik. Adituentzat enpresen etorkizuna hori da, alegia, euren plastiko birjinak eta birziklatuak kudeatu ahal izatea. Puntu horretara iristeko, ordea, urte batzuk pasatu beharko dira oraindik.

Pixkanaka birziklapena gero eta emaitza hobeak lortzen ari den arren, eragina oraindik mugatua da. Adibidez, Errusian asko dago egiteko hondakinen kudeaketari dagokionez. Greenpeace talde ekologistaren arabera, 70 milioi tona zabor sortzen ditu herrialde erraldoiak, eta gaikako bilketa ehun hiri ingurutan soilik dago ezarrita. Horregatik, hondakinak –birziklagarriak, birziklagaitzak eta organikoak–, gero eta kutsakorragoak diren zabortegietan pilatzen dira.

Azkenengo hamar urteotan, Errusiako zabor bolumenak %30 egin du gora. Hondakinen %2 erraustu egiten dituzte, eta, %7, birziklatu. Beste guztia zabortegietara doa. Horrek arazo ugari sortzen ditu. Mosku inguruko 24 zabortegi itxi behar izan dituzte azken bost urteotan osasun arazoengatik. Beste hamabost zabalik jarraitzen duten zabor-mendi nazkagarriak dira. Gehienak duela 50 urte inguru sortu zituzten, ur edo gas tratamenduko inolako neurririk gabe.

Moskutik 6 kilometrora dagoen Balaxikha hirian sortutako polemika akuilu, kezka Errusian barna hedatu da. Ondoan duten zabortegiaren kiratsarekin itota, Vladimir Putin presidenteari ixteko eskatu zioten herritarrek, eta, ordutik, eztabaida piztu da. Martxoaren amaieran, adibidez, Volokolamseko 50 haurrek medikura joan behar izan zuten gertuko zabortegi batetik iritsitako gasekin intoxikatuta. Milaka herritar kalera atera ziren zabortegia ixtea exijituz.

Egoera ikusita, Errusiako Gobernuak bost erraustegi eraikiko zituela iragarri zuen. Lehen biek 700.000 tona errausteko gaitasuna izango dute eta 2021erako martxan egon beharko lukete. Obrak datozen asteetan dira hastekoak, baina herritarrek erabakiari aurre egin diote erraustegiek ingurugiroan izango duten eragin txarragatik kezkatuta. Proiektuaren kontra eta birziklatze planten alde 4.000 sinadura bildu eta Putini bidali dizkiote herritarrek; uste dute zaborraren arazoa konpontzeko bidea ez dela katearen azken pausotik hasi behar. Proiektuaren zuzendaria den Andrei Txilpelovek, ordea, teknologia aurreratuak erabiliko direla defendatu du. «Faktoria hauek ez dira arriskutsuak. Dioxinak eta bestelako elementu arriskutsuak ez dira plantatik aterako», ziurtatu du.

Ekologistek, berriz, beste iritzi bat dute eta uste dute hondakinak erraustea ez dela irtenbiderik onena. «Zertarako sortu kutsadura iturri izango den planta bat, tratamenduko plantekin konpondu badezakegu arazoa?», defendatu dute ekologisten ordezkariek. •

 

Zaborrez betetako hondartza

Hego Pazifikoko Henderson uhartea Lurreko lekurik garbienetako bat izan beharko litzateke, bertan ez delako inor bizi eta gertuen duen herria 193 kilometrora dagoen uharte batean baitago. Hala ere, bertako hondartzak zaborrez beteta daude. Korronteek eraman dituzte hondakin guztiok. 2015ean 17,6 zabor tona garbitu zituzten, gehiena plastikoa. Pieza asko hondarrean sartuta zeuden, beraz, arazoa dirudiena baino kezkagarriagoa da. Animaliek plastikoak jaten dituzte edo bertan preso gelditzen dira.