Juantxo EGAÑA

Athleticen lehen autobusa

Gaur egun ezagutzen dugun liga txapelketa 1928/1929 denboraldian sortu zen. Hurrengo bi denboraldietan Bilboko Athletic txapeldun izan zen eta, halaber, lau kopa ere irabazi zituen jarraian 1930 eta 1933 artean. Hasieran jokalari zuri-gorriek desplazamenduak trenez egiten zituzten. Urte batzuk igarota, baina, autobusa erabiltzen hasi ziren, artikulua ilustratzen duen irudian ikusten denez. 30eko hamarkadakoa da argazkia, eta jokalariak eramaten zituen autobusa klubaren egoitza zaharraren aurrean ageri da. Autobusa Txori Gorria izenarekin ezaguna izan zen urte askoan. German Elorza (1910-1983) Gasteizen jaio eta Bilbora bizitzera joan zen argazkilaria da irudiaren egilea. Kazetari grafiko gisa lan egin zuen beti, “La tarde” egunkariarentzat lehenik, eta, 1937an Bilbo erori ostean, frankistek sortutako “Hierro” egunkariarentzat.