Iñaki Altuna

Baldintza objektiboak eta subjektiboak

Duela ez asko ezinezkoa zirudien halakorik obratzea, hau da, EAJk EH Bildurekin nazio onarpena eta erabakitzeko eskubidea jasoko lituzkeen proposamen bat adostea. Zailtasunak zailtasun, baina, lortu dute EAErentzat estatus berriaren oinarrietako bat Legebiltzarrean adostea. Ezinezkoa zirudien Lizarra-Garaziko amesgaiztoa (horrela bizi izan zuten Imazek eta Urkulluk) amaitu ostean, direnak eta bi egin baititu egungo lehendakariak horrelako akordioetan ez sartzeko, ezta hurbiltzeko ere. Madrilekiko otzan, eztabaida politikoa itzali nahi izan du, eta, hala, bere jarduera politikoa zein aliantza politika prozesu politiko ausartak galarazteko erabili ditu. Aste honetan bertan izan dugu horren argazkia, argazki ezin adierazgarriagoa. Armagabetzean Baionako ekitaldi instituzionalean egoteari eta ETAren desegitean Arnagara joateari uko egin eta gero, gogotsu joan zen Urkullu Frantziako eta Espainiako gobernuek ETAren amaiera dela-eta egindako ekitaldira. Garaileekin eseriko zelakoan, Felipe Gonzalezen ondoan jartzea tokatu zitzaion. Egon al daiteke metafora gordinagorik?

Eta, halere, EAJk estatus berrirako aipatu oinarriak ontzat eman ditu Legebiltzarrean ezkerreko independentistekin, jakinda Espainiako Estatuarentzat, gaur-gaurkoz, jasanezinak direla. Zergatik hasi orduan bide hori Ibarretxeren Planarekin jazotakoak hain aje txarra utzi zuenean Urkulluren eta bere ondokoen artean?

Jelkideen bi arimak aipatzen ditu zenbaitek. Nork daki zer den egia eta zer asmakeria aspaldiko azterketa horretan. Garai bateko Comunión eta Aberri bi sektoreen arteko talka berritua? Ez da horrenbesterainoko izango, gerora, adar abertzaleko zenbaitek ETAri laguntzen amaitu baitzuten. Lezo Urreiztietari buruz Donostian aurkezturiko filmak horixe bera erakusten du.

Ez, ezin daiteke espero Egibar eta haren ingurukoek Lezok bezala jokatzea, zirt edo zart, aurrera edo zulora. Ez, gaur egun bi arima badira, haien artean ez da kalapita handirik ikusiko. Zaila izango da arima abertzaleago hori, besterik gabe, kanpoko eraginik gabe, beste bide bat behartzen ikustea. Azken batean, denak bat datoz honako honetan: «Guri, EAJri, gauzak ondo doazkigu».

Zergatik egin dute orduan halako akordio bat Legebiltzarrean? Faktore orokor bat dago: estatus politikoaren eztabaida abian da aspaldi. Beste faktore zehatzago bat ere bada: ganbera horretan eztabaida hori egin beharra zeukaten, eta, behin hitz egiten hasita, jelkideek ezin zituzten beren nahi teorikoak agertu gabe utzi. Aurreko Estatutuarekin jarraitu behar dela esateko, horretarako, badago PP. EAJk eta EH Bilduk izenpetutako akordio hori, beraz, zirkunstantziek ekarri dute.

Antzematen zaio jada hainbat bozeramaile jelkideri EH Bildurekin lortutako akordioa desitxuratzeko gogoa, pluraltasun gehiagoren izenean. Orain ikusi beharko da nora mugitzen den EAJ, akordio horren bidetik edo akordio horrekiko distantzia hartuz.

Edonola ere, zirkunstantziak izango dira hori dena, prozesu politiko osoa, trenkatuko dutena. Norberak eta besteek sortutakoak, bertan eta kanpoan eragindakoak (Katalunian, esaterako). Garai bateko hizkuntza erabiliz, baldintza objektiboek eta subjektiboek norabidetuko dute geroa. Eta horien gainean eragile ezberdinek egin dezaketen lanak. •