Karlos Zurutuza
ESNE HIZKUNTZAREN LEHEN HIZKIAK

Basamortuko herri bat bere hizkuntzan ari da idazten lehendabiziko aldiz

Libia, Txad eta Nigerko mugen artean bizi dira tubuak. Euren kultura berreskuratzeko ahalegin betean, ahozko ama hizkuntzaren alfabetoa, eskolak edota egunkariak sortu dituzte azken urteotan. Bideko zailtasunak gertuko eta urrutiko kideen laguntzak leundu ditu.

Kandamairekin hitz egin nahi al duzu?». Erantzuna entzun aurretik, Ahmed Kokik bere mugikorra atera eta Txadeko zenbaki bat tekleatu zuen. 2013ko udazkena zen, baita Libiako hegoaldean ere. Kokik eta bere ingurukoek miresten zuten gizon baten telefonoak gugandik 600 kilometrora jo behar zuen. Kandamai izengoitiaz ezagutzen zuten Mark Ortman. Estatubatuarra zen, eta ia hogei urte zeramatzan Tibesti mendietan (Txad). Denbora tarte horretan, alfabeto bat sortu zuen Kokiren herriarentzat, tubuentzat. Kandamai hitzak, hain justu, “handinahia” esan nahi du tubuen hizkuntzaz.

Ezin izan nuen Ortmanekin hitz egin egun hartan. Basamortua zeharkatu arren, telefono uhinek nekez gainditzen dute Tibestiko harri-mendikatea. Edonola, ez zen ezinbestekoa ipar-amerikarrarekin hitz egitea munduko herri ezezagunetako baten berri izateko. Klixe polit batekin has gintezke: irudikatu gamelu karabana bat Saharako basamortuan zehar: bidaiari guztiak emakumezkoak, ia adin guztietakoak. Beren etxetik ehunka kilometrora dagoen azoka batera doaz; bertan, janariaren, plateren, manten eta antzekoen truk utziko dituzte hainbat gamelu. Eguzkiaren mugimenduari erreparatzen diote bidea ez galtzeko, baita izarrei ere gauero. Hori bezain garrantzitsua da dunak zenbatzea; handienak, jakina, txikiak egun batetik bestera agertu (edo desagertu) daitezke-eta.

Zaharrenek nabigazioaren sekretu guztiak erakusten dizkiete gazteenei: 100 metroko desbideratze xume bat eta ur-putzua galduko dute. Eta bizitza. Gutxitan gertatu ohi da, hutsa bikain zeharkatzen baitute beti tubu emakumeek. Milaka urte eman dituzte Libia, Txad eta Nigerko mugen artean –ba ote dira?–, eta hala dihardute egun ere. Tubuak gameluzaleak dira, bai eta turkiar kanilen instalatzaileak, edo beren desertuko petrolio ustiatzaileak. Gutxi batzuek unibertsitate ikasketak dauzkate –aspaldiko lagun bat Libiako sasigobernu horietako baten Kultur Ministroa izan zen– eta beste batzuek egunkariak nahiz aldizkariak argitaratzen dituzte beren hizkuntzaz. Azken hori, baina, oso berria da.

Tubuentzat ez da inoiz erraza izan, baina Afrikako zonalde lehorrenean jaiotzea ez da izan, inondik ere, beren madarikaziorik handiena. Gaddafik boterean eman zituen lau hamarkadetan zehar errepresio bortitza pairatu zuten: lur onenak kendu eta arabiar kolonoei eman zizkien Gaddafik; eskola eta ospitalerik gabe utzi zituen eta, hainbatetan, beren herri xumeak airetik bonbardatu zituen libiar agintari ohiak. Ez da harritzekoa, beraz, tubuek 2011ko altxamenduarekin bat egitea. Gobernu aldaketaz gain, aldarrikapen zehatzagoak zeuzkaten: funtsean, beren kultur eta hizkuntza oinarrizko eskubideak errespetatzea. Tubuen azal koloreak zera adierazten du; ez direla arabiarrak, ez eta magrebtarrak ere.

Arabiar hizkuntza beren lurraldeak erdibitzen dituzten muga-lerroak bezain arrotza gertatzen zaie. Honela, oinarrizko beharrak ase aurretik, erlojuaren kontrako lasterketa bati ekin zioten. Galdutako denbora berreskuratzeko grina izan zen horren motorra. Bistan zen Libiako hegoaldean emandako egun haietan. Kokik eta Osman izeneko beste ekintzaile batek beren kultur iraultza ezagutzeko gonbita luzatu zidaten. Murzuk herrian hamaika boluntario ezagutu nituen: ume eta helduei alfabetatze eskolak ematen zizkietenak, kultur gune berri baten sortzaileak, tubuerazko lehen aldizkari eta egunkarien ekoizleak... “Labara Zalaa” izeneko argitalpena, esaterako, Gaddafi oraindik Tripolin zela argitaratu zen: 500 ale kaleratu omen zituzten gerra oraindik indarrean zela eta, gaur egun, 2.000tik gora inprimatzen dituzte. Material asko mugaren beste aldetik iristen zen Gaddafiren urteetan, Tibestitik, hain zuzen. Huraxe zen, eta da, tubu kulturaren erdigunea.

Lehen saiakeratik hiru egunera amerikarrarekin hitz egiteko parada izan nuen, eta berak eman zizkidan xehetasun guztiak. Kansas atzean utzi eta 1993an iritsi ziren Mark Ortman eta bere emaztea Txadera lehen aldiz, hizkuntza gutxituekin lan egiten duen gobernuz kanpoko erakunde baten laguntzaz. Istiluak zirela eta, Gobernuak 1999an kanporatu egun zituen, baina, ordurako, tubuek inoiz izan duten lehen alfabetoa paper gainean zuten jada. Amerikarra 2001ean bueltatu zen Txadera eta tubuerazko lehen eskola eman zuen N’Djamena hiriburuan. Ez omen da hizkuntza erraza: Ortmanek dio ia 200 aldiz konjugatu zuela “eman” aditza behin. Adibide batez azaldu zidan hizkuntz haren zailtasun maila: neroo hitzak, “emango banizu” esan nahi du, n-a “zuri” delarik, e-a “eman” aditzaren erroa, r-a “nik” eta oo etorkizunezko baldintzaren marka. Atera kontuak.

Elkarlana

Greziarrek, georgiarrek edota korearrek, besteak beste, zera erakusten dute egunero; ez dela hain arraroa hizkuntza batek bere alfabeto propioa izatea. Gogoan izan bikingoen errunak, edo irlandar gaelikoaren antzinako Ogham alfabetoa: bertikalean idazten zen, eta behetik gora. Eta ba al zenekiten azeri herriak hiru aldiz aldatu zuela alfabetoa (arabiarra, zirilikoa eta latindar egokitua) XX. mendean zehar? Bestalde, ez da hain ezohikoa filantropo batek herri batentzako alfabeto bat asmatzea. Ziurrenik Wolfgang Feuerstein izan zen Ortmanen aurrekari gertuena. 80ko hamarkadan, alemaniar hizkuntzalariak alfabeto bat ekoiztu zuen laz herriarentzat. Turkia eta Georgia arteko mendietan bizi diren kaukasoarrak dira, Itsaso Beltzaren ertzean. Ankarak ez ditu inoiz begi onez ikusi zirkuito turistikoetatik at dabiltzan atzerritarrak; Feuerstein berehala kanporatu zuten, eta alemaniarrak bere Ohian Beltzeko jatorrizko herrian bukatu zuen lana. Antzekoa izan zen Ortmanen apustua, baina ezin dezakegu ahaztu bere bost seme-alabek Txaden burutu zituztela Lehen Hezkuntzako ikasketak, eta ez Kansasen.

«Gure umeak tubuekin hazi dira eta, dagoeneko, komunitate honen partaide sentitzen gara denok. Denborarekin konturatu naiz zenbaterainokoa den herri honekin dugun lotura», azaldu zidan Ortmanek behin.

Alfabetoa sortu eta hurrengo pausua kultur zentroa altxatzea izan zen. Ideia Edji Mahmoud izeneko ekintzaile batena izan zen, egun ere Ortmanen gertuko kolaboratzailea dena. Lanari ekin aurretik, Simon eta Anja ezagutu zituzten, Txadetik bidaiatzen ari zen Suitzako bikote bat. 2012an “tubu egunsentiaren” istorioa entzun eta berehala agertu ziren laguntzeko prest. Hizkuntzalariak ziren beraiek ere. Urtean sei hilabete ematen dituzte Txaden, zentroan eskolak ematen, eta Suitzan beste seiak, ikus-entzunezko eta online materialak ekoizten. 2013an ez zegoen horrelakorik. Libian askotan izan arren, ez dut aukera gehiagorik izan herrialdeko hegoaldera bueltatzeko, ez eta Osman eta Kokirekin berriz egoteko aukera. Libiako amazigekin, ordea, ia bidaia guztietan izan naiz. Herrialdea lehendabiziko aldiz 2011n zapaldu nuenetik, buru-belarri aurkitu ditut beti beren hizkuntza proiektuan murgilduta: Libian inoiz izan diren lehen amazigerazko argitalpenak, eskolak, festibalak... Tubuen prozesuak gogora ekarri dit maiz berbereen jardunaldia, eta alderantziz. Nolanahi, azken horiek ez dute alfabeto berri baten beharrik izan, 2.000 urte baino gehiago dituen bat baitaukate. Lehen aztarnak harrian eginda aurkitu ziren eta, gaur, smartphone-rako bertsioa ere deskargatu daiteke.

Libiako amazigek mintegi bat antolatu zuten iaz tubuentzat. Beren hizkuntza normalizazio prozesuaren berri eman nahi zieten. Hasiera batean Zuwara kostaldeko herrian burutu behar zen topaketa, Tunisiako mugatik oso gertu, baina azken orduko gertaerek bertan behera utzi zuten egitasmoa. Libiaren egunerokoa zen: milizia batek tubuen aireportua blokeatu zuen eta ezin izan zuten hegan egin. Eta ahaztu lurretik bidaiatzeaz: Murzuk eta Zuwara herrien arteko 800 kilometro horiek lapur eta era guztietako gaizkilez josita daude.

Topaketa hiru hilabete geroago egin zuten, Tripolin. Kokik eta Osmanek behin eta berriz aipatu zituzten hegazkina, eta amazigek beraientzako hartu zuten bost izarreko hotela. Mintegian ikasitakoa ere azpimarratu zituzten, jakina. Amazigak oso aurreratuta zeudela zioen Kokik: beste askoren artean, Amazigh Filologia Departamentua ere abian jarri berri zuten Zuwara herrian. Esan beharra dago Ikastolen Elkarteko kide batek ere parte hartu zuela, Skype bidez. Gurean familia erdaldun askok beren seme-alabak ikastolara bidaltzen zituztela entzuteak biziki txunditu zuen hango jendea. Halaxe aitortu zidan aspaldiko lagun amazig batek.

Gutxiengoen arteko honelako topaketa bat mugarria da Afrika osoan. Tripolitik bueltatu bezain pronto, tubuerazko hiztegi baten aplikazioa sortu zuten gonbidatuek. Kokik eta Osmanek ordu mordoa sartu omen zuten horretan. Bitartean, Txaden sei asteko alfabetizazio ikastaroak egiten jarraitzen dute: bukaeran sariak ematen dira idazlan lehiaketako irabazleentzat, eta ziurtagiri bana parte hartzaile guztientzat. Honelako gaiak proposatzen dira: «Zergatik ematen zaizkie arabiar izenak jaioberriei, eta ez tubuak?»; «Zergatik baztertzen dute tubuek beren musika? Ondo iruditzen zaizu?». Merezi du zentroko web orrian sartzea (bilatu mosko handii Googlen). Hamaika bideo eta argazki daude. Bestalde, idatzitako tubuerak zer itxura duen ere ikus dezakezue.

Autoestimua

«Umeek alfabetoa ikasten dutenean zerbait pizten zaie barruan. Badirudi harridura sortzen diela irakurtzen ari direna ulertzeak», zioen Simonek. Dirudienez, Txaden eskasa da oso irakaskuntza eta umeek ia ulertu gabe irakurtzen dute frantsesez. Kokik konfirmatu zidan Simonen baieztapena, eta ka yuu-a, hau da, “esne hizkuntza” ala ama-hizkuntza zaintzearen garrantzia gogorarazi zidan. Ahozko hizkuntza bat ez da zertan izan behar idatzizko bat baino txikiagoa. Tamalez, horren hiztunek nekez pentsatuko dute parekoak direla, areago besteena era guztietako formatuetan idazten baldin bada.

«Bizitzaren esparru guztietan lez, autoestimu kontua besterik ez da; faltan denean, hizkuntza hil egiten da», laburbildu zuen Kokik. Txadetik iritsi berria zen aldizkari bat zuen eskuan. Erditik grapatutako fotokopia multzo bat besterik ez zen; hiztegi eta deklinazio taulak zeuden, gurutzegramak eta marrazki asko. Oraindik etxean daukat. Armiarmari dunu esaten zaio, gumar matxinsaltoari eta dûguli lehoiari. Askok diote “tximeleta” hitza polita dela hizkuntza guztietan. Tubueraz popur esaten da.