Mikel Zubimendi Berastegi
IRUZURGILE... ETA HARRO!

Kenneth Goldsmith, poeta kontzeptuala eta idazketa ez-sortzailearen gurua

Oso autore polemikoa da Kenneth Goldsmith. Andy Warholek nabarmen eragin ditu bere pentsamendua eta obra. Urre koloreko jantzi eta kapela irrigarriekin artista estetikoki bitxia da. Plagioa eta begi bistakoa denaren edertasuna aldarrikatzen ditu. Bere poesia kontzeptuala da, irakurri behar ez dena, eta, Internet, poeten utopia berria.

Absurdoa akuilu duen bulkada batek bultzatzen ditu Kenneth Goldsmithen (Freeport, New York, 1961) sortze lan gehienak. Dozena bat luze entsegu eta poesia libururen autorea da. Baita Ubuweb abangoardiazko artearen artxibo digital handienaren sortzaile eta arduraduna ere.

Arte erraza aldarrikatzen du eta gauzak erraz egitea zailtasun berria dela dio. Erraza ez dela erraz, esfortzu handia eskatzen duela. Erraztasunaren azken xedea izpiritua dela, eta, errazaren utopia berria, Internet. Etorkizuneko artistak konfort totala eskainiko duten artelanak egingo dituela dio; sexu ona bezain intimoak. Hartara, plagioa estrategia artistiko egokitzat dauka.

Goldsmithek ez du irakurlerik. Kasurik onenean, pentsalariak ditu, bere literatura kontzeptuala eta irakurtezina delako. Bere hitzetan, bere liburuak “ezin txarragoak” dira, literaturaren lekuaz eta funtzioaz hausnartzeko bitartekoak. Izan ere, nork irakur lezake aste batean zehar autoreak esan dituen hitz guztien erregistroa den “Soliloquio” liburutzarra? Nork hilabete batean zehar irrati batean eskainitako eguraldi edo trafiko iragarpenen transkripzioa baino ez dena? Nork basakeria polizialak hildako Michael Brown gaztearen autopsiaren txostena liburu batean?

Interneten denbora galdu

“Idazketa ez-sortzailea” entseguan biltzen ditu ideiok, besteak beste. Titulu horrekin ematen ditu literatur eskolak Pennsylvaniako Unibertsitatean. Plagiatzen, kopiatzen ez badu, ikaslea zigortzen du. Idazten irakatsi baino, modu berri eta ezberdin batean pentsatzen laguntzea da bere eskolen helburua. Bere irakasgaiaren izena bera oso adierazgarria da: “Nola galdu denbora Interneten”. Ikasleak esperimentatzera gonbidatzen ditu, online ahalik eta denbora gehien pasatzera, komunikatzeko, harremanetarako eta sortzeko ahalik eta aukera gehien esploratzera. Izan ere, berarentzat, denbora galtzea betidanik izan da artistaren egiteko behinena, bereziki Interneten; denbora galtzea dela uste den hori, egiazki, oso produktiboa eta sortzailea omen.

Sarean denbora galtzea, batetik bestera nabigatzea, inspirazio artistikoaren iturri du. Ez da ezkutatzen, gainera. Goldsmithentzat plagioa estrategia sortzailea da, guztiz zilegia. Sorkuntzaren kontrako ideiak sarri bota ditu, adierazpen desonestoak, azpikeria izugarriak egin ditu. Eta, are, publikoki aldarrikatzen du bereak ez ziren gauzak lapurtu dituela bere karrera artistikoan, estrategia bezala ikasleei hori egitea gomendatzen diela. Artista bat originala izatea nahi izatea baino gauza ez originalagorik ez dagoela dio; horregatik, egile eskubideen kontra jardun du betidanik, artxiboak nahieran elkarbanatzearen alde eginez, kultura libre baten alde. Poeta harro iruzurgiletzat jotzen du bere burua, aitzakiarik gabe. Bere testuingurutik ateratako testu batek, giro berri batean jartzean, artelan guztiz ezberdin bat sortzen duela defendatzen du irmo.

Internet eta sare sozialak sorkuntzaren berpizkunde baten fenomenotzat ditu, poesia bere potentzialtasun osoa askatu ahal izateko itxaroten ari zen bitartekoak. Internet mundu errealaren ispilutzat du, eta, hala, poema on bat egiazki ona bada, ez duela axola non argitaratzen den dio, paperean ala pantailan. Originaltasuna, erritmoa, doinua ez ditu kezka artistiko; are, ez du bere burua poeta edo idazletzat, hitz-prozesadoretzat baizik.

Hizkuntza digitalaren sorreraz mintzo da eta Internet inoiz idatzi den poema handiena dela defendatzen du: «Denok uste genuen mundua inperio bisual bilakatu behar zela, irudiz betetako leku, baina, gure inguruan begiratzen badugu, idazteari, irakurtzeari, testu mezuak bidaltzeari uzten ez dion jendea baino ez dugu ikusiko. Inork inoiz amestu gabeko hizkuntzaren aro batean bizi gara».

Hizkuntza materializatua

Argazkilaritzaren etorrerak margolarientzat desafio handia suposatu zuen legez, Internetek erronka bera planteatzen die egungo idazleei. Aurrekaririk gabeko testu kopurua uzten du haien esku, baita bertan esku hartu eta testuok manipulatzeko teknika berriak ere, eta horrek “originaltasuna”, “idazketa” eta “egiletza” bezalako kontzeptuen inguruko ideia tradizionalak birpentsatzera eramaten gaitu. Goldsmithek argi du: aro digitalean, hizkuntzaren materialtasun berri batekin batera, informazioaren kudeaketa informazio berri eta originala sortzea baino garrantzitsuagoa bihurtu da, eta, hortaz, etorkizunean, idazle onenak informazio kudeatzaile onenak izango dira.

Adierazkortasunaren kontra dago, bere poesia kontzeptuala da, irakurri behar ez den horietakoa. Irakurri ezin diren bere liburuetako piezetan ideia bat, kontzeptu bat ezkutatzen dela jakin behar da, ez besterik. Ideiak, ideien gauzapen gutxi horiek baino, edo ideiak irakurtzea baino, interesgarriagotzat eta erradikalagotzat dituelako.

Internet erronka da idazketaren nozio tradizionalarentzat. Aro digitalean, hizkuntza, hau da, kodea, materializatu egin delako, dimentsio berri bat hartuz. Hitzak jada ez dira istorioak kontatzeko. Hizkuntza edozein edukiontzitara jaurti daiteke: Microsoft Wordeko testu bat izan daiteke, edo datu base bat, edo Photoshopekin bisualki eraldatutako eduki bat, edo Flash erabilita animatutakoa, soinu ere egin daiteke, milaka pertsonengana bidali sare sozialen bidez... Aukerak mugagabeak dira. Idazmakina jo eta jo ari den sortzaile jenialaren ideiatik urrun da Goldsmith.

Pentsatzeko liburuak

John Cage konpositore eta filosofoak aspaldi esan zuen bi minutu pasatuta zerbait aspergarria baldin bada, lau minutuz saiatzeko. Eta aspergarria izaten jarraitzen badu, zortzi minutuz. Eta gero hamaseiz, eta hogeita hamabiz... Izan ere, azkenean, inolaz ere aspergarria ez dela deskubritzen da.

Zer da aspergarria izatea? Goldsmithentzat, adibidez, narratiba guztiz aspergarria da. Bere liburuak irakurtzeko ez da gai, lo geratzen da. Berak aitortua da liburu irakurriezinak egiten dituela. Hori bai, ezin ukatu aproposak ez direnik haiez hitz egiteko eta pentsatzeko...