Maddi Txintxurreta Agirregabiria
ARNASTU BEHOBIA

Behobia-Donostia, biriketako minbiziaren oholtza eta arnasgune

Biriketako minbiziak eta kirolak kontzeptu bateraezinak diruditen arren, biharko Behobia-Donostia lasterketan horrela ez dela frogatuko da. Koldo Goenagak, Walfrido Garciak eta Moises Perezek, hirurak dira biriketako minbizia gainditutakoak, lasterketa korrituko dute Arnastu Behobia ekimenaren baitan.

Biriketako minbizia gaitz traidorea da, lehenengo faseetan isilpean pasatzen baita ageriko sintomarik gabe eta, batzuetan, beranduegi da konturatu orduko. Minbizi mota guztietan hilkortasun tasa handiena du biriketakoak, bai gizonezkoetan eta baita emakumeetan ere. Kasu gehienak, gainera, ekidingarriak dira, %85 tabakismoak eraginak baitira. Baina, panoramak etsigarria dirudien arren, biriketako minbizia ere gainditu daiteke; are, sendatu ostean Behobia-Donostia lasterketa korritzea ere posible da.

Horixe bera frogatu asmo du Arnastu Behobia ekimenak. Bihar egingo den Behobia-Donostia lasterketan biriketako minbizia gainditu duten hiru lagunek hartuko dute parte; Walfrido Garciak, Koldo Goenagak eta Moises Perezek. Otsailean AEACaPen (Biriketako Minbiziak Kaltetutakoen Espainiako Elkartea) eskutitz bat jaso zuten Behobian parte hartzeko gonbidapenarekin, eta bertan izango dira bihar.

Beraiekin batera korrika egingo dute senide eta lagunek, gaixo zeuden garaian alboan izan zituzten berdinek. Orobat, ekimena babestu duten 250 pertsona inguruk Arnastu Behobia kanpainako kamiseta urdina jantzi eta lasterketaren 20 kilometroak elkarrekin egingo dituzte.

AEACaPekin batera, Arnastu Behobia kanpaina Donostialdea Erakunde Sanitario Integratuak, Gipuzkoako Diputazioak eta Fortuna Kirol Elkarteak antolatu dute. Bernard Gaspar AEACaPeko presidentearen esanetan, ekimenak bi xede nagusi ditu: biriketako minbizia «ikusgarri» bihurtzea eta gaitza pairatzen ari direnei «esperantza ematea». «Biriketako minbiziak biziraupen tasa oso baxua dauka, baina berau sendatzeko tratamenduak garatzen ari dira. Horregatik korrituko dute hiru pazienteek, diagnostikatu berri dauden gaixoei esperantza emateko», azaldu du Gasparrek. Bestalde, bizimodu osasungarri bat sustatu nahi dute, «kirola bultzatuz eta tabakoa alde batera utzita».

Jon Zabaleta Donostiako ospitaleko zirujau torazikoa ere buru-belarri aritu da ekimena antolatzen. Kontatu du minbizia diagnostikatu berri dieten gaixo asko «beldur askorekin» agertzen direla kontsultara, eta esan du bihar erakutsiko dutela gaitzaren ostean «bizimolde on bat izatea posible dela».

Gaixotasunaren ikusgarritasuna oso urria dela baietsi du Zabaletak. Urrian, bularreko minbiziaren hilabetean, kanpaina ugari jartzen dira martxan, baina azaroan, biriketako minbiziaren hilabetean, «ematen du gaitza ez dela existitzen»: «Ikusita zenbat heriotza sortzen dituen eta zer-nolako eragina duen gizartean, harrigarria da zer gutxi hitz egiten den honetaz».

Emakumeak eta minbizia

Aurten, lehen aldiz, emakume gehien hil dituen minbizia biriketakoa izan da, eta errudun nagusia tabakoa da. «Duela urte batzuk ia ez genituen ikusten biriketako minbizidun emakumeak, ez zutelako askok erretzen. Baina, AEBetako modari jarraiki, emakumeak erretzen hasi ziren, eta uste genuen 2020an joko zuela goia emakumeen heriotza tasak, baina ez, 2018an jo du goia», azaldu du Zabaletak. «Berri txarrak dira», zirujauaren esanetan. Are okerragoak, jakinda diagnostikatutako biriketako minbizien %20 bakarrik operatu daitezkeela.

Elkartasun doinuak

Kanpainari babesa emateko, espainiar Estatuko lau elkarte zientifiko «garrantzitsuenak» elkartu dira, eta hori «oso positiboa» dela nabarmendu du Zabaletak: Sect, Separ, Seom eta Seor dira, hurrenez hurren, kirurgian, pneumologian, kimioterapian eta erradioterapian espezializatutakoak.

Bestalde, Arnastu Behobia ekimenak dirua bildu du bide ezberdinetatik, eta bildutakoa AEACaPen zerbitzuak zabaltzera eta biriketako minbiziaren ikerketara bideratuko da. Besteak beste, lasterketan janzteko kamisetak saldu dituzte, eta ekimena babestuz proban parte hartuko duten gutxienez 250 lagunek olatu urdin bat osatuko dute minbizi mota honen ikusgarritasunaren alde.

Horrez gain, urriaren 20an Entrenamendu Solidarioa egin zen Donostian, non 180 korrikalarik Alderdi Ederretik Haizearen Orrazirainoko bidea egin baitzuten. Medtronik material kirurgikoko enpresak bost euro eman zituen pertsonako eta kilometroko eta Eibar Kirol Elkarteak, berriz, euro bat. Guztira, 6.000 euro bildu zituzten egun hartan.

Hala ere, sona gehien izan duen ekimena Alex Ubago abeslariak martxan jarritakoa da. Biriketako minbiziaren aurkako borrokari soinu banda jarri dio, “Solo si lo hacemos juntos” abestiarekin, zeinaren euskarazko bertsioa, “Zure hauspoa izango gara”, Zuriñe Hidalgok abesten baituen. Urtarrilaren 31n Ubagok AEACaPren aldeko kontzertua emango du Donostian.

 

Ilusioa akuilu, birika bakarrekin korrika

Moises Perezi duela bi urte antzeman zioten biriketako minbizia, 36 urte zituelarik, kasualitatez, beste kontu baterako erradiografia bat egin ziotenean. Gutxira operatu egin zuten, eta ezkerreko birika erauzi zioten, osorik. Mantentzen duen birika, baina, arnas bete dauka, eta Behobia-Donostia korrituko du bihar, zazpi hilabeteko entrenamendu zorrotza egin ostean.

«Minbiziaren lehen sintoma antzematen dizutenetik operatzen zaituzten arte bi hilabete eskas pasatzen dira. Hain azkar igarotzen da dena, ezen ia ez baituzu horretan pentsatzeko denborarik», azaldu du Perezek.

Ebakuntzaren ostean, kimioterapia, erradioterapia eta bestelako tratamenduak jaso zituen, berak esaten duen gisara, «pack osoa»: «Hortik aurrera, bizitza ezberdin bat hasi nuen, erritmo lasaiagoarekin, beste filosofia batekin».

Otsailean Behobia-Donostian parte hartzeko gonbidapena jaso aurretik, Perezek ez zuen imajinatu ere egiten berriro kirola egin ahal izango zuenik. «Ilusioz eta lehen egiten nituen gauzak egiten saiatzeko gogoz esan nion baietz erronkari», azaldu du. Bihar lasterketan izango da, lagunek eta senideek lagunduta.