Ramon Sola

Euskal Herria eta Katalunia, aitzindari izateko aukeran

Igandean orriotan Arnaldo Otegik proposatutakoa zein asteazkenean Kursaalen Quim Torrak esandakoak entzunda, urtebetean Euskal Herriaren eta Kataluniaren artean elkarrekiko begirada nabarmen aldatu dela bistan da. Orduan orri honetan bertan nire harridura bikoitza aitortu nuen. Oraindik irailean ginela, Bartzelonara procés-aren berri ematera joaten hastean, batekin eta bestearekin hizketan sumatu nuen Euskal Herritik borondate on-onez zetozen irakurketa eta aholkuen aurrean nolabaiteko itsu-gorkeria. Gure uste apalean, hemen hamarkada luzez egindako borrokak Estatuaren egitura, jokamolde eta funtzionamenduaren ezagutza zehatza ematen zigun, baina hori beraiei helarazi nahi genienean, berezko duten seny horrekin eta harrokeriarik gabe baina harro, hemengo adibidea ez zela beraientzako baliogarria ematen ziguten aditzera. Asteburuetan Euskal Herrira bueltan, ordea, txanponaren beste aldea topatzen genuen. Egia da Bilbon hiru manifestazio handi eta beste hainbat ekimen ere egin zirela, baina, arrazoi ezberdinak tarteko, Katalunian egosten ari zenaren tamainako jarrerarik ez genuen aurkitu, isla apal bat baino ez. Zenbait inkestak frogatuko zuten gero Kataluniako gorabeherekiko axolagabekeria zein kezka maila nabarmenak zirela gure herrian, eta hemen bai nabaritu nuela harrokeria puntu bat. Independentziaren aldekoen artean “inbidia osasuntsua” da nagusitu zen kontzeptua, inbidia osasuntsurik izan ez arren.

Elkarri nahiko bizkarra emanda ziren bi herriak elkarri begira jartzen hasi dira orain. Maila politikoan modako ideia baino gehiago dira Otegik, Torrak eta abarrek botatakoak; eta, alor antierrepresiboan, ekimen bakanak baino gehiago dira Kataluniako presoen eta Altsasuko presoen senideen arteko Tolosako mahai-ingurua edota espetxean gaixorik diren euskal herritarren sendagileak Kataluniara gonbidatu berri izana, kartzelari nola aurre egin ulertzeko Euskal Herria baino adibide hoberik ez dela egiaztatu dutelako. Politika-fikzioa ariketa hutsala den arren, zer gertatuko zen iazko urriaren 1ean, Katalunian ez ezik Euskal Herrian ere hautetsontziak jarri izan balira, nolabait arazoa ez zela Katalunia, Estatu espainola baizik, nazioarteari erakutsiz? Eta 1975an Katalunian Euskal Herrian Francoren sistema osoa lurperatzeko bezainbeste indar pilatu izan balitz? Eta Estatu frantsesean, Euskal Herria, Korsika, Kanaky eta abarren arteko balizko elkarlanak ez al lioke Parisi zailduko nazio gatazka guztiak orain arte bezain eroso kudeatzea?

Globalizazioaren tendentzia geldiezinari Estatuek atera diote etekin handiagoa, nazio txikien gainetik (horretaz ondorio batzuk atera zituen ETAk berak, azken elkarrizketan ageri denez). Internazionalismoaren aldarri klasikoa, herrien arteko elkartasuna eta samurtasuna lotzen dituena, motz gelditu da XXI. mende honetan. Elkartasunetik haratago doan elkarlana, are gehiago elkarborroka, landu beharko da Estatu handien –eta Estatuek osaturiko egitura handiagoen– gainetik pasa behar bada. Oso zaila dela irudikatzeko, herri txikien barruan bertan dauden estrategiari buruzko desadostasunen gertuko adibidea ematen digute Urkullu-Otegiren edota Junqueras-Puigdemonten arteko liskarrek. Baina elkarborroka hori zaila bezain ezinbestekoa zaie Europako herriei. Eta bide horretan Euskal Herriaren eta Kataluniaren artekoa aitzindari litzateke. •