Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta

Sexu jazarpena fisioterapian

Agian entzun duzue duela aste gutxi txiolandian izandako oldarraldiaren berri. #MeTooFisio traolpean, lanean jasan behar izaten duten jazarpenaren berri ematen hasi ziren gure emakumezko lankideak, eta gehienok aho bete hortz geratu ginen: ez baikenuen uste arazoa hain larria zenik. Baina zakarrontziaren tapa jaso genuenean, barruko kiratsa jasanezina zen.

Lehen kolpea Sara Waliño azkoitiarrak eman zuen irailean, sare sozialetan bere kontsultan gertatu zitzaiona salatzean (polizia etxean ez ziotelako salaketarik onartu). Urrian, Galiziako eta Andaluziako lankide bik gaiari heldu eta #MeTooFisio traola proposatu zuten, espainierazko Twitter sare soziala horrelako lekukotasunez betez:

 

• «'Amaiera zoriontsua' eskatu didaten? Askotan. Ni 'ukitzen' saiatu diren? Bai. Emakume izatearengatik gutxietsi nauten? Ezin konta ahala bider. Baina txarrena hau izan zen: eliteko kirol talde batean lan egiteko elkarrizketa batean, taldeko mediku famatuaren hitzak. 'Zure mutil lagunari ez al dio ardura, zuk gizon biluziz betetako aldagela batean lan egiteak? Zer egingo duzu mutil guztiak zakila kanpoan ikustean?'» (@AnaCarrS).

• «Ez dakit nondik hasi... Errua nirea zela sentitzen nuen, neuri bakarrik gertatzen baitzitzaidan. Orain konturatu naiz ez zela horrela» (@mataronina33).

«Aduktoreak tratatzen, pazienteari zakila tentatu zaio. Fisioterapeuta: 'Baztertu hori, mesedez; lanean ari naiz'. Pazientea: 'Barkatu, nahi gabe izan da'. Fisioterapeuta: 'OK'» (@FisioImprudente).

• «Lankide bat deitu zuten etxean masaje saio baterako. Pazientea masturbatu egin behar izan zuen handik atera ahal izateko, 'zerbitzua ordainduta baitzuen'» (@verdemanzanna).

• «Gelatik atera nintzen, gernu-ihesa zuen paziente baten pixa garbitzeko. Bidea itxi zenidan, ileetatik helduz: 'Ui, horrelako ile motzarekin ezingo dizut burua ongi eutsi, zupatzen didazunean, kar-kar-kar'. Tamalez ez nizun barrabiletan ostikorik eman» (@minaharker20_12).

Oka egiteko gogoari eutsi diozue? Ez duzue meritu gutxi. Horrelakoak irakurrita, asko damu gara lehenago erreakzionatu ez izanaz. Nik behintzat, gogoan dut gure kontsultan, bizpahiru bider, lankideren bat laguntza eske etorri izana, pazienteren bat tratatzerakoan aurrean egoteko portaera desegokia zuelako. Kasurik txarrenean, pazientea neuk hartuko nuen, baina ez genuen (ez jazarritako lankideak ezta neuk ere) hori baino neurri zorrotzagorik inoiz planteatu. Ez baikenuen gauza larritzat hartu, gauza esporadikotzat baino. Baina orain denok ikusi dugu ez dela salbuespena, ohiko erasoa baino; eta kasua berriro gertatuz gero, pazientea kanporatu (eta salatu) behar dugula.

Nola onartu dugu egoera hori orain arte? Nekez uler daiteke; agian emakumea gutxiestea eta objektu gisa tratatzea guztiz barneratuta dagoelako gure gizartean, gizonen zein emakumeen artean. Dena den, zorionez, oldarraldi honek begiak ireki dizkigu eta dagoeneko gaia elkargo profesional guztien agendan da. Eta azpimarratzeko datua: egoerok fisioterapeuta oso gazteek jasaten dituzte eskuarki, hau da, karrera amaitu berri duten neskek. Nolabait, jazarleek babesgabeago ikusten dituzte, eta, egoera horiei aurre egiteko errekurtsoak edo adorea oraindik ez dituztenez, haiek aukeratzen dituzte biktimatzat. Badugu, beraz, babestu beharreko kolektibo zehatza. •

http://www.abante.eus