Amagoia Mujika Telleria
Interview
Pello Jauregi
EHU-ko irakaslea

«Euskaraldia entrenamendu bat da, baina partida oraindik ez da hasi»

Urtetan eusle metodologiarekin aritu da lantokietan eta Lasarte-Orian asmatu zuten belarriprest eta ahobizien egitasmoaren emaitzak neurtu zituen. Soziolinguistika Klusterreko kidea da.

Egoera aldatzen ari da, gero eta jende gehiagok ulertzen du euskara. Horregatik, egoera berrian ezin da pauso zaharrarekin ibili. Hori garbi du Pello Jauregik. Euskaraldiak astindu bat eman nahi die euskal hiztunei eta erdal hiztunei, hizkuntza ohiturak aldatzen saiatzeko eta euskararen normalizazio bidean salto bat egiteko aurrerantz.

Euskaraldiak estadio berri bat proposatzen du euskararen normalizazioan.

Orain arte euskalgintza bereziki bi hanketan oinarritu da: batetik, irakaskuntza, eta, bestetik, euskararen aldeko ekimenak; Korrika, ikastolen jaiak… Euskararen aldeko gogo edo jarrera hori pizteko askotariko ekimenak izan dira. Baina, justu, erabilera kontuetan orain arte ez dugu ekimen sendorik izan.

Baina bi hanka horiekin urtetan egin den lana hor dago. Irakaskuntzari esker, orain jende askok ulertzen du euskara. Eta motibazioari dagokionez, jende euskaltzale asko dago, baita euskararen aldeko beste asko ere –behintzat, kontrakoak ez direnak–. Azken berrogei urtean emaitza onak lortu dira. Baina, inertziak inertzia, ez gara konturatu orain une desberdin batean gaudela eta beste gauza desberdin batzuk egin ditzakegula. Nik euskaraz egin nahi badut, adibidez, Lasarte-Orian, hamarretik seik ulertu egiten didate. Donostian, akaso, hamarretik zortzik. Nik, nahi izanez gero, euskaraz egin dezaket jende askorekin. Eta horrek beste egoera batean jartzen gaitu.

Guk askotan inbidiaz begiratzen diegu katalanei eta beti esaten dugu haiek errazago daukatela, jende gehienak ulertzen duelako. Gu egoera horretara hurbiltzen ari gara, batez ere adin batetik aurrera eta bereziki lurralde batzuetan. Gipuzkoan, adibidez, hogeita bost urtetik beherakoetan, hamarretik bederatzik ongi ulertzen du euskara. Nahi izanez gero, ez gaude katalanen egoeratik hain urruti.

Baina, zer falta zaigu?

Falta zaigun gauzetako bat ohiturak astintzea da. Beti horrela egin dugunez, inertziaz, automatikoki, horrela egiten jarraitzen dugu. Inertzia horiek aldatzea ez da erraza, baina egin daiteke. Egia da lehen jende askorekin ezin genuela euskaraz hitz egin, baina orain egoera aldatu egin da, beraz, guk ere aldatu egin behar dugu gure egiteko modua. Ohitura aldaketek beti eskatzen dute ahalegin bat eta konpromiso bat. Eta aldaketa horiek hasieran beti izaten dute deserosotasun puntu bat.

Guk, adibidez, sozialki eta kulturalki ez dugu ohiturarik izan elkarrizketa berean bi hizkuntzetan hitz egiteko. Guk norbaiti euskaraz egin eta berak erdaraz erantzuten badigu, gu automatikoki erdarara pasatzen gara. Zergatik? Ohituragatik, inertziagatik, euskaraz arituz gero gure solaskidea minduta sentituko dela pentsatzen dugulako…

Horren atzean badago karga soziopolitiko bat. Euskal hiztunaren menderatuaren kontzientzia, edukazio onaren ideia okerra… Lan handia dago horri buelta ematen.

Noski. Euskaraldiak baldintza sozial masiboak sortu nahi ditu aldaketa hori errazagoa izan dadin. Ez da gauza bera pertsonei bakarka ahalegin hori eskatzea edo jende askok batera ahalegin hori egiteko erabakia hartzea. Zu egiten ari zara, baina konturatzen zara inguruan badirela zure antzera ahalegina egiten ari direnak; familian, lanean, kuadrillan, auzoan… Gu, azkenean, izaki sozialak gara eta horrelako ahaleginak errazagoak zaizkigu masiboki egiten ditugunean.

Horrez gain, pertsonok imitazioz funtzionatzen dugu. Euskaraldian jende askok eredu egokia emango du hizkuntza jokaeraren aldetik eta hori beste askok ikusi egingo dute. Horrek sozializazio bat ekarriko du eta gure motxila historiko linguistiko hori guztia arintzen lagunduko digula uste dut.

Euskaraz bizi nahi dutenak eta nahi hori errespetatzeko jarrera hartzen dutenak biltzeko toki bat al da?

Guk euskararen normalizazioa irudikatu izan dugunean, beti modu berean egin dugu: denok euskaraz hitz egin behar dugu. Hori azken-azken helburua da agian, baina ez da hurrengo etapa. Horraino iristeko, gauza asko daude erdian. Euskaraz egin nahi duenak, egiteko oztoporik ez izatea da horietako bat. Beste bat, berekin hizketan daudenak –euskaraz erantzun edo erdaraz–, bere euskaraz egin nahia ez oztopatzea.

Euskaraz egin nahi duten horiek euskaraz egiten dutenean modu masiboan, modu ohikoan eta toki guztietan, askoz ere euskara gehiago entzungo da. Eta entzutearen poderioz, jende askok hartuko du euskarara pasatzeko hautua inertziaz, modu natural batean. Izan ere, bi hizkuntzatan hitz egitea oso latza da, deserosoa. Euskarari eusten badiogu, gure inguruko zenbait euskarara ekarriko ditugu modu natural batean, nahiz eta haiek akaso ez duten ohiturarik. Egoerak berak sortzen du euskara gehiago erabiltzeko beharra ingurune desberdinetan. Baina horretarako euskarari eusteko prest dauden pertsonak behar dira. Ahobizi horiei ingurune erraz bat eskaini behar zaie ahalegin hori egin ahal izateko. Eta belarriprestek asko laguntzen diete. «Badakit ulertzen duzula eta, gainera, irribarre batekin hartuko nauzula euskaraz egiten badizut. Zuk agian ezin duzu euskaraz hitz egin, kostatzen zaizulako, baina ulertzen duzu eta nik euskaraz hitz egitea nahi duzu». Denborarekin, euskaraz egiteko behar soziala sortuko da, seguru.

Estres linguistiko handia dago gure jendartean.

Estres linguistiko horri begira, bi gauza nabarmenduko nituzke. Batetik, etengabe pentsatzen aritu behar duzu norekin bai eta norekin ez. Norekin egin euskaraz eta norekin ez. Etengabe pentsatzen eta erabakitzen aritu behar hori oso estresantea da. Finean, zer da ohitura bat? Pentsatu gabe egiten den zerbait. Hartara, erraza da, ez du estresik sortzen, ez du ahaleginik eskatzen…

Euskaraldiarekin estres linguistiko hori murriztu nahi dugu. Etengabe pentsatzen aritu beharrik gabe, espazio homogeneoak sortu nahi ditugu, horregatik da hain garrantzitsua belarriprest figura ahobizientzat. Estres hori gutxitzen laguntzen duelako.

Eta, bigarrenik, ados, nik euskaraz egingo dut. Baina baliteke parekoak ulertu bai, baina hitz egiteko zailtasunak izatea. Nik pentsatzen baldin badut nire solaskidea molestatzen ari naizela, ezin diot euskarari eutsi, gaizki sentitzen naizelako. Horregatik, Euskaraldiak estres soziolinguistiko hori arindu nahi du.

Hala ere, denek ez dute berdin bizi estres linguistiko hori.

Zalantzarik gabe. Jende askok ez du euskararen beharrik sumatzen ez duelako inoiz euskararik entzuten. Entzuten ez badute, zein behar izango dute euskarara hurbiltzeko? Zein estres linguistiko? Errealitatea da estres linguistikoa euskaraz egiten dugunok sentitzen dugula, eta, estres hori ez sentitzeko, erdaraz hitz egiten dugula eta kito. Euskal hiztunez aparte, apenas beste inork sentitzen duen euskararen arazoa. Non dago euskararen arazoa? Haientzat ez da existitzen errealitatean, bakarrik diskurtso politikoan. Euskaraldiak horri buelta eman nahi dio, eta arazo horretatik oso aparte bizi direnak interpelatu nahi ditu.

Euskaraz ulertzea. Horixe parte hartzeko baldintza bakarra.

Garbi izan behar dugu Euskaraldian parte hartzeko gutxieneko baldintza euskara ulertzea dela. Euskaraz ulertzen ez baduzu, ezin duzu Euskaraldian parte hartu, nahiz eta euskararen aldeko sekulako borondatea izan. Horretarako, euskararen aldeko jarrera agertzeko, badaude beste espazio batzuk. Baina Euskaraldian euskara erabiltzeko baldintza sozialak mobilizatzea da gakoa. Parte hartzaile guztiek ulertu egin behar dute. Eta ulertzen duten horietako batzuk, gainera, prest daude ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko eta beren hizkuntza ohiturak aldatzeko.

Ez baduzu ulertzen, ezin duzu parte hartu. Baina oso ondo dago gure gizarteko parte bat 11 egunez konturatzea ezin duela Euskaraldian parte hartu eta horregatik pena sentitzea. Horrek esan nahiko du euskararen erabilerak haiei ere euskara ulertzeko beharra sortu diela.

Ulermen unibertsala –herritar guztiek euskara ulertzen duten agertokia– helmuga modura jarrita, asko falta al da horra iristeko?

Bai, oraindik bai. Egia da testuinguru batzuetan besteetan baino gehiago. Baina Euskal Herriko ikuspegi nazionaletik, asko falta zaigu.

Adostasun soziala, politikoa eta instituzionala lortuko bagenu, ulermenaren helburua lorgarria litzateke gehienez hamabost urtean. Horretarako, baina, adostasunak falta dira. Behingoz konturatu eta barneratu behar dugu hizkuntza berdintasuna lortzeko gutxieneko baldintza euskara denek ulertu behar dugula dela. Hori ulertzen ez dugun bitartean, hizkuntza berdintasuna ezinezkoa da. Beraz, hizkuntza berdintasuna benetako helburu bezala hartzen dugunean eta horretarako neurri sozialak eta politikoak jartzen ditugunean, ulermen unibertsala helburu lorgarria izango da.

Euskaraldiak aurten herritarren gainean jarri du indarra. Konpromisoa norbanakoei eskatu die. Erakundeekin ere lan egin beharko da, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Konpromisoa norbanakoa da, baina mugimendu sozial handia sor dezake eta horrek erakundeak interpelatuko ditu zalantzarik gabe. Pertsonok, elkartzen garenean, kolektibo bihurtzen garenean, presio soziala egiteko gaitasun handia lortzen dugu.

Baina egia da, era berean, asko lagunduko luketela erabaki kolektiboek, erabaki instituzionalek, bide horretan. Hurrengo edizioak hortik etorriko dira. Dagoeneko hurrengo edizioetan pentsatzen ari gara, badakigulako hau epe luzeko lan ildo bat dela.

Lasarte-Oriako emaitzak onak izan ziren. Euskaraldiaren emaitzak ere aztertuko ditu Soziolinguistika Klusterrak.

Lasarte-Oriako emaitzak onak izan ziren, lortu baitzen zenbait hizkuntza ohitura aldatzea. Ahobizi lana hartu zuten lagunek beren ohiko hizkuntza harremanetan bi puntutan gora egin zuten euskararen erabileran. Batez beste, zerotik hamarrera beren ingurukoekin euskararen erabilera sei puntukoa baldin bazen, ekimenaren ondorioz zortzi puntura iritsi zen. Hiru hilabeteren buruan berriro galdera eginda, ia-ia puntu horretan mantentzen zen erabilera datua. Beraz, lortu zen hizkuntza ohiturak aldatzea, eta, neurri handi batean, mantendu egin ziren ekimena bukatu ondoren ere.

Hizkuntzen arteko elkarbizitzan, panorama aldatu da azken urteotan. Apenas inork esaten duen orain «háblame en cristiano» mingarri hura.

Bai, aldatu da, lan handia egin delako. Lehen aipatutako bi zutabeetan, irakaskuntzan eta euskararekiko jarreran, sekulako lana egin da. Euskararen aldeko mezuak etengabe zabaldu dira eta lortu da bidean aurrera egitea. Egia da, hala ere, panorama aldatu egiten dela herrialdetik herrialdera. Nafarroan, adibidez, egoera ez da hain samurra, euskararen kontrako jarrera eta mezuak bortitzak direlako oraindik.

Baina, orokorrean, kontsentsu zabala dago eta euskararen aldeko jarrera zabaldu da. Hiru jokaera mota daude. Batetik, abangoardia direnak, tira egiten dutenak. Bigarrenik, neutroak direnen multzo handi bat dago; ez daude euskararen kontra, irekita daude eta batu egiten dira. Eta, azkenik, kontra daudenen erresistentzia erabatekoa. Eta horiek ez dira asko. Jende mordoa dago erdiko talde horretan, euskararen kontra ez daudenak, alde egiteko prest daudenak. Horiek aktibatu egin behar dira eta horretarako ahobizi militanteak behar dira, multzo handi horietakoak euskarara erakartzeko.

Une honetan ematen dira baldintzak pauso bat aurrera egiteko.

Bai, badaude baldintzak aurrera egiteko. Baina oraindik baldintza gehiago sortu behar dira hamabost-hogei urteko epean ulermen unibertsala lortzeko. Imajinatu zer izango litzatekeen hemendik hogei urtera ulermen unibertsala ziurtatuta izatea eta Euskaraldia bezalako ekimen bat antolatzea. Sekulakoa. Ni horretan jartzen naiz. Orduan bai posible izango litzatekeela hizkuntza ohiturei astindu handi bat ematea. Orain entrenamendu gisa ari gara, baina partida oraindik ez da hasi.