Xabier Izaga Gonzalez
ESKOLA-JANTOKIAK

Lakuako Gobernuak jantokien kudeaketa osorik guraso elkarteen esku nahi du

Eskola jangelekin lotura duten eragileek kudeaketa ereduaren aldaketa eskatu zuten, eskola jantoki osasuntsu, bertako eta justurako bidean. Gurasoek bertako produktu ekologikoak nahi dituzte, informazio gehiago eta jantokien prozesuan parte hartu. Hezkuntza Sailak jantokien kudeaketa eskaini die, osorik.

Haur guztiak ez dira beren ikastetxeetako jantokian gelditzen, jakina, baina gelditzen direnak ez dira gutxi, ezta hurrik eman ere. Egunero 90.000tik gora ikaslek bazkaltzen dute EAEko ikastetxe publikoetan. Jantokien kudeaketa ez da guztietan berdina; edonola ere, catering enpresa baten bidez egiten den eredua nagusi da alde handiz. Enpresak bazkaria prestatu, eraman eta zerbitzatzen du. Dirudienez, baina, gurasoak ez daude oso gustura ikastetxe gehienetako eredu horrekin, eta horrela jakinarazi zioten Gasteizko Gobernuari.

Duela hiru aste, Gasteizko Gobernuak jantokiak kudeatzeko aukera eskaini die guraso elkarteei, eta eskaintza onartuz gero, «guraso elkarteek prozesu osoa bultzatuko dute, sukaldeko profesionalen kontratazioa, elikagaiak erostea, segurtasuna eta higienea, besteak beste». Guraso gehienek jantokietako prozesuetan parte hartzea eskatzen zuten, eta Lakuak haien kudeaketa burutik burura beren gain hartzea eskaini die.

Ehige Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea 500etik gora guraso elkartek osatzen duten konfederazioa da, eta Euskal Eskola Publikoan ordezkaritzarik zabalena duen erakundea. Haren ustez, proposamen horrek familiak eta gizartea nahastu besterik ez du egiten. Azaldu duenez, Hezkuntza Sailaren erabakia aldebakarrekoa izan da, eragileekin adostu gabea, eta «ez ditu argitu eredu berria bideragarri egingo luketen baldintzak, ezta finantzaketa ere». Eneko Viñuela Justicia Alimentaria-Bidezko Elikadura elkarteko eta Gure Platera Gure Aukera (GPGA) ekimeneko kideak dioenez, Lakuak proposatzen duena «forma aldaketa da, ez funtsezkoa».

Aurrekariak

Aurrekarietara jota, 2017ko abenduan Hezkuntza Sailak Eskola Jantokien Batzordea antolatu zuen, Lakuako zenbait sail, ikastetxeetako ordezkariak, guraso elkarteak eta Hezkuntza Saileko sukaldeko langileek jantokien kudeaketaz eztabaidatzeko. Batzordea eskola jantokien kudeaketaren inguruko hausnarketa partekatua eta gaur egun eskoletan indarrean dauden kudeaketa ereduen inguruko hausnarketa egiteko gune izatea nahi omen zuen Hezkuntza Sailak. «Bere helburu nagusia du –zenbait eragile eta elkarteren esperientziak edo proposamenak entzun ondoren– eskola jantokien egunerokoan dauden hainbat errealitate hobeto ezagutzea, ondoren eskola jantokietan garatu daitezkeen kudeaketa eredu berrien aukerak aztertzeko». Jarrera irekia zuela esan zuen beste kudeaketa eredu batzuk ezartzeko aukeraren aurrean. Bestetik, jantokiko menuetan bertan ekoitzitako produktuak erabiltzearen gaineko eztabaida ere izango zen Batzordean: «Gai honi, ekoizpenaren eta ekonomiaren ikuspegitik ez ezik, pedagogia eta hezkuntzaren alderditik ere heldu nahi zaio».

Garai bertsuan elikadura subiranotasuna aldarrikatzen duen Justicia Alimentaria-Bidezko Elikadura elkarteak eta Ehigek Irantzu Duro Laia Ekosormenako kideak egindako ikerketa aurkeztu zuten: “Eskola jantokiak EAEn. Nolakoak diren eta nolakoak izan litezkeen: elikadura kalitatea, hezkuntza potentziala eta ingurunearekin duen lotura”. Ikerketaren helburu nagusia EAEko ikastetxeetako elikadura sistemen analisi eta diagnostikoa egitea da.

Iazko martxoan, 20 erakundek baino gehiagok eskola jantoki eredu berri bat eskatu zuten, «eredu osasungarria, hezigarria, gertukoa eta justua», hain zuzen ere. Sei hilabeteko partaidetza prozesu baten ostean, “Beste jangela eredu baten ezaugarriak” izeneko dokumentua adostu zuten eta elkarlanerako borondatea agertu zuten publikoki. Aldaketa ez dela egun batetik besterakoa izango ohartarazi zuten orduan, eta horrela gogorarazi dio GAUR8ri Eneko Viñuelak ere: «Trantsizio prozesu bat adostu behar da eragile guztiekin». Dokumentu hura hainbat guraso elkartek, eskola publikoaren aldeko eragilek, hezkuntza eta nekazaritza sindikatuk, elikadura subiranotasuna aldarrikatzen duten eta nekazaritza ekologikoaren aldeko taldek eta udalen batek sinatu zuten, denak ere «helburu berdinak partekatzen dituzten erakundeekin elkarlanean aritzeko» prest.

2018ko maiatzean Ehigek eskola jantokietako ikasleen gurasoen artean egin zuen asebetetze inkesta baten berri eman zuen. Inkesta horren ondorio askorekin bat dator Jose Ramon Mauleon EHUko irakasleak egin zuen “Familiek eskola jantokiko bazkariaren gainean dituzten iritziak” ikerketa ere.

GAGPren proposamena

Azkenik, iazko abendu amaieran Gure Platera Gure Aukera ekimenak, esandako eskaerak, ikerketa eta inkesta kontuan hartuta, proposamen bat helarazi zion Lakuako Gobernuari, eskola jangelen eredua aldatzerakoan kontuan izateko, lan mahai bat proposatuz. Eneko Viñuelak bost puntutan laburbildu digu.

Lehenengo, sukaldeak errekuperatzeko plan bat, Gasteizko Parlamentuak ere eskatutakoaren arabera. Viñuelak dioenez, gaur egun ikastetxeen %34tan baino ez dago sukaldea.

Bigarren, trantsizio pedagogiko bati heltzea, aztertu dituzten beste esperientzia batzuetatik ikasita, eskola jangela «gune pedagogikoa» izan dadin. Horrela azaldu dio GAUR8ri puntu hori Lurdes Imaz Ehigeko koordinatzaileak: «Egungo eskola jantokien ereduaren aldaketa sakona nahi dugu. Praktikan catering enpresa erraldoien esku ipini da gure seme-alaben elikadura eta horrek sortu du egun dugun eredua: elikagai kilometrikoak, eskolako proiektuarekin loturarik ez duen jantoki zerbitzua, formakuntza egokirik bermatzen ez zaien hezkuntzatik kanpoko enpresa pribatupeko langileak eta abar luzea. ‘Jangela pedagogikoa’ da ikastetxeko hezkuntza proiektuarekin bat datorren jantokia, hau da, jantokian ikastetxeak dituen helburuak lantzen dituena: berdintasuna, ikasleen autonomia, erlazio osasuntsuak, sostengarritasuna eta abar».

Hirugarren, «erlazio, profil eta lan baldintzen eredu berri bat» proposatzen du GPGAk eta, hori adosteko, langileek parte hartuko duten lan mahai tekniko bat.

Laugarrenik, plan bat diseinatzea: lehen sektorea bultzatu, gazteak eta emakumeak hartu eta eskola jantokietan bertako eta modu jasangarrian ekoitzitako bertako produktuak bermatuko dituzten politika publikoak.

Kudeaketa ereduei dagokienez, zenbait ereduz osatutako kudeaketa eredu baterantz egitea da GPGAren apustua. Hezkuntza komunitate bakoitzeko Ordezkaritza Organo Gorenak erabakiko luke nahi duen eredua, haietako bat Kudeaketa Propioa dela, jantokia eskola komunitateak Administrazioarekin batera kudeatuko lukeena, hain zuzen. Hauxe dio Lurdes Imazek horretaz: «Uste dugu ikastetxe bakoitzak erabaki ahalmena izan behar duela: oraingo sistemarekin jarraitu nahi badu, enpresa aukeratzeko, eta eredua aldatu nahi badu, ikastetxearen kudeaketa propioa izateko (ez guraso elkartearena) edo beste erakunde batzuena (Urduñako udal sukaldea kasu). Eusko Jaurlaritzak aukera bezala saldu nahi digu praktikan bideraezina dena, catering enpresei baino baldintza txarragoak ipiniz boluntarioez osatuta dauden guraso elkarteei».

«Ez da bideragarria»

Hezkuntzak dioenez, aurkeztu duen kudeaketa ereduak ikastetxeek beren eskola jantokien kudeaketa eredua hautatzeko aukera ahalbidetzeko eskaerari erantzuten dio. Proposamenaren berri jakin ostean Hezkuntza Sailarekin harremanik izan duten galdetu diogu Lurdes Imazi, eta baietz dio, «hasierako proposamena hobetzea espero dugu, oso urrun baitago gure eskaeretatik. Argitu nahi dut Eusko Jaurlaritzaren jantokien batzordean parte hartu dugula baina Jaurlaritzaren erabakia aldebakarrekoa dela».

Ehigek dioenez, Hezkuntza Sailak bere ardurak alde batera utzi eta «ardura guztiak guraso elkartearen bizkar uzten dituen eredu berri bat planteatzen du. Familien eta eskolen ardura partekatuan oinarritu behar da eskola jantokien kudeaketa». Norabide horretan pauso ona dela diote azken urteotan abian diren lau esperientzia pilotuak. Izan ere, Markinan, Gernikan, Laukarizen eta Urduñako esperientzia horiek, Lurdes Imazek dioenez, asebetetze maila handia dute, «asko hobetu baita kalitatea bertako sasoiko eta ekologikoak diren elikagaiekin. Argitu behar da kogestio esperientziak direla, jantokiek publikoak izaten jarraitzen dute eta langile publikoak dituzte».

Halaber, Hezkuntzak eskainitako eredua bideraezina dela dio Ehigek, ez baititu argitu eredu berria bideragarri egingo luketen baldintzak, ezta finantzaketa ere. «Eskola jantokien finantzazioa ezin da oinarritu ‘kudeaketa errazteko laguntzak’ izeneko deialdi batean. Hezkuntza Saila behartuta dago aurkezten duen proposamenaren finantzaketa eredu sendo bat aurkeztera. Ez egitekotan, eskola jangela kudeatu nahi duten eskola komunitateak zigortzen ditu eta Administrazioaren langileak izateko aukera kentzen die». Diotenez, edozein kudeaketa eredu berrik ezin du alde batera utzi Hezkuntza Administrazioaren ardura partekatua. Edonola ere, egoera datozen egunetan konponduko dela espero dute. «Gu prest gaude elkarrizketarako».

 

Ehige-ren inkesta familien asebetetzeaz

Eskola jantokiei dagokienez, familien asebetetzearen gaineko inkesta bat egin zuen Ehigek joan den urtean. Hona, labur-labur, inkestaren ondorio batzuk, eskola jantokia duten ikastetxeen erdia baino gehiagoko familien iritziak jasota:

– Gaur egungo ereduak ez ditu asetzen. Gehienek sukaldea nahi dute ikastetxean.

– Catering sistema duten familien %35 soilik dago pozik zerbitzuarekin.

– Kudeaketa propioa duten ikastetxeetako erantzun gutxi jaso dira (oso esperientzia mugatuak dira), baina arlo guztietan balorazio onak.

– Seme-alabek nola jaten duten azaltzen duen txostena nahi dute familiek.

– Bertako produktuak eta ekologikoak nahi dituzte.

– Azpimarragarria da familiek elikagaien jatorria ezagutzeko duten interesa (%92).

– Giza baliabide gutxi daude eta prestakuntza hobetu daiteke.

– Gehiengo handi batek uste du familiek parte hartu behar dutela jantokian (%86).

– Sukaldea duten jantokiak dira familien beharretara hobekien moldatzen direnak.

 

Gure Platera Gure Aukera ekimenak Lakuari helarazitako proposamena

Gure Platera Gure Aukera ekimena 2015ean sortu zen. Gaur egungo eskola jantokien eredua aldatu nahi zuten hainbat eragile bildu dira bertan. Hezkuntza komunitatetik, lehen sektoretik eta oro har gizartetik sortu zen, eta eskola jantoki osasuntsu, bertako eta justua aldarrikatzen du. Hartarako, eskola jantokiak sukaldaritza zerbitzu bat baino gehiago izan behar duela uste du: «espazio integral eta integratzailea» izan dadin egin beharreko aldaketek landa eremu bizia eta lehen sektorea sartzearen aldeko apustu politikoen beharra daukatela.

Irantzu Duroren “Eskola jantokiak EAEn” ikerketa oinarri, partaidetza prozesu bati ekin zioten, beste eragile askorekin bildu ziren, hala nola instituzioekin eta alderdi politikoekin. Ekitaldi ugari antolatu izan dituzte, eta eskola jangelen eredu berria nahi duten zenbait plataforma sortu dira han-hemenka, azkena Elikadura Gure Ardura izenekoa, Meatzaldea eta Enkarterriko 18 ikastetxe biltzen dituena.

Orain dela hilabete eta erdi GPGAk proposamen bat helarazi zion Lakuako Gobernuari, eskola jantokien eredua aldatzerakoan kontuan izan zezan. Sukaldaritza osasuntsuago, jasangarri eta pedagogikoa helburu, trantsizio bat proposatzen du, eta hartarako egungo araudia aldatzea eta eragile sozial eta instituzionalen arteko elkarlana ezinbestekotzat jotzen dute, «inplikatutako eragilerik kanpoan utzi gabe».

Bere proposamenean, Estatuko eskola jantoki publikoen araudi orokorrak zehazten dituen kudeaketa ereduak eta Europan eta Estatuan zehar ezagutu dituzten ereduen abantailak eta desabantailak kontuan hartuta, EAEn eredu desberdinek osatutako kudeaketa eredu baterantz abiatu beharra dagoela uste du GPGAk, eta hasteko, hezkuntza komunitate bakoitzak Ordezkaritza Organo Gorenaren bidez zer eredu nahi duen erabaki beharko lukeela. Eredu hauek proposatzen ditu GPGAk:

– Kudeaketa ez-zuzena: egungo araudian «kudeaketa zuzena» esaten zaiona. Ikastetxeak aukeratuko luke enpresa eta enpresa txiki eta ertainek aukera izango lukete lehiaketa publikoan lehiatzeko. 

– Kudeaketa deszentralizatua: tokiko erakundeekin hitzarmen bat garatuz herri edo eskualde bateko eskola jantokiak kudeatzeko. Baldintza minimo batzuk ezarriz, tokiko administrazioak arduratuko lirateke kudeaketaz, azpiegitura propioak sortzeko aukera izanik (udal sukaldeak edo komunitarioak) edo kudeaketa eredu mistoak adostuz eskola komunitatearekin batera, edo beste talde edo ekimenen bidez kudeatuz.

– Kudeaketa propioa: eskola komunitateak kudeatuko du jantokia Administrazioarekin batera, aurretik zehaztutako irizpideen arabera, langileak publikoak izateko aukera izanik.

«Hiru aukera hauek osatutako eredu berri honetan prezioa berdina izango da kasu guztietan, baita lan baldintza eta ratioak ere, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa (oraingoaren antzekoa). Modu honetan bermatuko dira ikasle guztien eskubideak eta hiru ereduek ez dute inolako diskriminaziorik eragingo (ekonomikoa, kalitatean...) ikastetxeen artean».

Edonola ere, Hezkuntza Sailaren erabakiaren berri jakin ostean, GPGAk bere balorazioan argi utzi du ez duela inoiz eskatu jantokien kudeaketa osoa guraso elkarteen ardurapean uzteko.