Xabier Mikel Errekondo

Eutanasia

Maribel Telletxeak alzheimerra du eta familiak eutanasia aplika diezaioten eskatu du publikoki. Portugaleteko Udalak bat egin du eskariarekin, PP alderdiaren abstentzioarekin. Maribelek bezala milaka gara bizi kalitate nahikorik ezean bizi nahi ez dugula Aurretiazko Borondateen Dokumentuan jasoa dugunak; nahiago hil. Bizitza aurrera ateratzeko Estatuak eskubide unibertsalak ere ez dizkit bermatzen, baina bizia bertan behera uzteko debekua ezartzen dit, hauxe paradoxa… Baina, nor da inor nire bizia soilik nirea dela zalantzan jartzeko? Norena da bestela, Jainkoarena? Estatuarena?

Nago eutanasiaren eztabaidan, abortuarenean lez, mendeetan kontzientziatan iltzatutako erlijioaren arrastoak presente dirauela jendartearen zati handi batean. Larria da panorama gero, eta, halere, nola liteke herritarren %84 eutanasiaren alde dagoen bitartean Madrileko Kongresuan Eutanasiaren Legea geldirik edukitzea!

Sistema tranpatian korapilatuta mantentzen gaitu botereak, iritzia baldintzatu ezin digunean erabakirik hartzea ukatu egiten digu, osasun arloan bereziki; horra erraustegia Zubietan…

Hil nahi duena bizitzen jarraitzera behartzea, sufritzen bizitzera kondenatzea da. Nork du horretarako eskubide eta botere ezgizatiar gizagaindikoa? Egoera gordina da eta neurriak exijitu behar dira. Arduradunak Kongresuko parlamentariak dira eta izen eta abizenak dituzte. Onar dezatela legea! Bitartean, Ramon San Pedrok hartu bidea zilegi izanen da. Nork lagundua baden bitartean gizartea osasuntsu dagoen seinale, bere kasa pentsatzen eta erabakiak hartzen dakiena. •