Maider Iantzi Goienetxe

Lepaluze belarriekin

Mezu bat entzuteko lau molde daudela dio Komunikazio Ez Bortitzak (KEB). Lau aulkirekin egin daiteke ariketa. Lehenbizi, aukeratu barrenean zerbait mugitu dizun esaldi bat, norbaitek erran dizuna. Ahalik eta zehatzena hobeki. Aurreneko bi aulkietan otso belarriekin jarriko zara: lehenbizikoan zure aurkako epaiak eginen dituzu, eta, bigarrenean, bertzearen kontrakoak. Egia da normalean hor gelditzen garela. Horregatik kostatzen zaigu gehiago lepaluze edo jirafa belarriak jantzi eta hirugarren aulkira pasatzea.

Mezu hori entzutean, nola sentitzen naiz? Zeren beharra dut? Saiatu galdera horiei erantzuten. Eta, lortzen baduzu, eseri laugarren aulkian eta hausnartu: «Hori erratean, nola senti daiteke bera? Zeren beharra izan dezake?». Probatzera animatzen bazara, kontuan izan beharrak norberarenak direla eta norberak ase behar dituela (behar gutti dira bertzeei lotuak, adibidez entzuna izatea edo bertzeen ongizatea).

KEBen ariketa hau partekatu nahi izan dut zuekin niretzat deskubrimendu bat izan delako eta boteretzea ekartzen ahal duela sentitzen dudalako. Izan ere, nirea da ardura eta lau aulkien artean aukera dezaket. Gainera, lepaluze belarriekin bagabiltza, ohartuko gara norbaitek zerbait erraten digunean bere buruaz ari dela, eta, era berean, bertzea epaitzen dugunean gutaz ari garela.

Lepaluze belarriak entrenatu egin behar dira, baina merezi du. Egin dutenek diotenez, bakea ekartzen du, gauzak ikusteko eta hartzeko dugun moduaren aldaketa hagitz interesgarri bat, maite ditugunak oraindik gehiago maitatzea... Goazen bada, lepaluze, poliki-poliki... •