Dabid Lazkanoiturburu
analisia

Irango iraultza amaigabea

40 urte igaro dira 1979ko otsailaren 11 urrun hartan, Persiako egutegian «Bahman»-en 22an, Irango iraultza nagusitu zenetik. Une historikoa, munduan emandako lehen iraultza islamikoa izan zelako.

Norberaren hautu ideologikoak albo batera utzita, Mexikoko, Errusiako eta Kubako iraultzekin parekatu daitezke Iranek 1979an bizi izan zituen gertakariak. Alde batetik, herrialdearen barne egitura erabat aldatu zuelako iraultzak, eta, bestetik, inguruko zonalde estrategikoaren politika eta oreka geopolitikoak hankaz gora jarri zituelako. Ordura arteko Ekialde Hurbila ez da, jada, existitzen eta orduko eztandaren ondorioek luzaroan izan dute –eta dute, oraindik– eragina mundu osoan. Eta egun Ekialde Hurbilean bizi diren gatazkak, gerrak eta tirabirak ezin dira ulertu Irango bilakaera, eta ondorioz bilakaera horren jatorria, kontuan hartu gabe.

Ezin da ahaztu, gainera, Irangoa iraultza islamikoa izan zela; hau da, islamaren izenean, eta islamaren menpe, lehen aldiz gauzatu zen iraultza bat munduan. Gutxiengoa den eta ia-ia islamaren hasieratik gutxietsia izan den korronte xiitak egin zuen, bai, baina lurrikarak eragina izan zuen islam sunitan ere, eta, bere barnean, baita Anaia Musulmanengan eta ondoren sortuko ziren talde jihadistengan ere. Palestinako mugimendu askatzaileengan izandako eragina ere ezin da ahaztu, noski.

Edozein iraultza aztertzeko orduan aurrekariak albo batera uzteko joera dago, gertaera politiko arruntak bailiran. Baina iragana ahazten baldin badugu ez dugu gertatutakoa ulertuko, ez eta ulertaraziko ere; zergatiak eta nondik norakoak ez ditugu ezagutuko. Horrela, bada, 1979ko iraultza ez dago ulertzerik II. Mundu Gerrak bere hondakinen artean utzitako kolonialismoaren aurkako borroka, eta Mendebaldeko inperialismoaren erantzun bortitza, kontuan hartu gabe.

Talka horrek Iranen ere izan zuen isla. Garai hartako Reza xah edo erregeak (antzinatik xah tituluarekin ezagunak ziren Irango erregeak) abdikatu eta lekukoa Mohamed Reza Pahlevi semeari pasa behar izan zion. Aita Hitlerren aldekoa zen eta nazien armadari herrialdean sartzen utzi zion, Sobietar Batasuna inbaditzeko herrialde persiarra base militar modura erabil zezan. Britainia Handia metropoliko armada eta Sobietar Batasuneko Armada Gorria Iranen sartu ziren, baita hurrengo hamarkadetan ezinbesteko bihurtuko zen hirugarren aktore bat ere: Ameriketako Estatu Batuak.

Teherango eta Jaltako konferentzietan munduaren kontrola beraien artean nola banatu erabakitzeko bildu ziren Stalin, Roosevelt eta Churchill. Horrela, bada, Irango Iparraldea (Kurdistan eta Hegoaldeko Azerbaijan) sobietarren esku geratu zen, eta erdialdea eta hegoaldea Londresen menpe. Baina AEBak xah berria eta bere gobernua kontrolpean hartzen saiatu ziren, Irango Armada eta Jendarmeria berriak trebatzeko aholkulari militarrak bidaliz (Teheran eta beste hiri batzuk ez zeuden militar arrotzek okupatuta).

Sobietarrek Azerbaijango eta Kurdistango subiranotasun nahiak baliatu zituzten Moskuren influentzia garatzeko. Gainera, Tudeh alderdi komunista Ekialde Hurbil osoko indartsuena zen eta hiru milioi kide izatera iritsi zen (ikusiko dugun moduan paper garrantzitsua izango zuen 1978-1979ko iraultzan).

Hala ere, Mendebaldeak zuen Iranen gaineko azken hitza eta bere aberastasunik handiena, petrolioa, Britainia Handiko Anglo-Iranian Oil Company (AIOC) enpresaren eskuetan zegoen. AIOC konpainiak British Petroleum izena hartuko zuen 1954an.

Garai haietan, eskuinaren eta Tudeh alderdi komunistaren artean mugimendu abertzale irandarrek ere indarra hartu zuten, tartean Mohamed Mossadeq politikariak gidatzen zuen Fronte Nazionala, hauteskundeak irabazteraino heldu zena. Mossadeq lehen ministro izendatu zuten eta 1951ko martxoan petrolio industria nazionalizatu egin zuen.

Britaniarrak sutan zeuden eta itsasontzi militarrak bidali zituzten eskualdera, Iranen aurkako boikot ekonomikoari hasiera emanez. Auzian estatubatuarren neutraltasuna espero zuten irandarrak etsita geratu ziren Washingtonek Londresen alde egin zuenean. Ondo zekien Washingtonek britainiar itsas-inperioa iraganeko kontua zela eta horren fruituak berak jasotzea denbora kontua besterik ez zela. Behin eta berriz saiatu ziren xah eta AEBek trebatutako militarrak Mossadeq kargutik botatzen, baina lehen ministroaren aldeko manifestazio erraldoiekin topo egiten zuten. Hala ere, AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak prestatutako plan baten bitartez, azkenean, 1953ean, lortu egin zuten; lehendabizi, Mossadeq beraren eta Tudeh alderdiaren artean tirabirak sortu zituzten, gero sektore erlijiosoen artean atzerakoienak kalean mobilizatu zituzten, eta, azkenik, kolpe militarra etorri zen.

Irango petrolioa Mendebaldeko enpresa kontsortzio baten eskuetan geratu zen, %40 AEBen esku. Orduan hasi zen, Washingtonen gidaritzapean, xah ahalguztidunaren erregetza diktatoriala, 25 urte luzeko errepresio bortitzari atea irekiz. Savak polizia politiko beldurgarriaren errepresioak, baina, oposizio guztia biltzea lortu zuen.

Mossadeq lehen ministroaren gobernu abertzalearen aurkako erasoak eta AEBen paper inperialistak irandarrengan sortu zuen gorrotoa 1979ko iraultzaren aurrekariak dira, noski, baina gutxienez beste bi elementu ere hartu behar ditugu kontuan iraultzak hartuko zuen norabidea ulertzeko, norabide islamista hain zuzen.

Alde batetik, ez ziren 70eko hamarkadaren bukaerakoak Sobietar Batasunak gidatzen zuen «sozialismo errealarentzat» garai onenak, hamar urteren buruan sistemaren porrotak agerian utziko zuen moduan. Aitzitik, islam politikoa, bere forma eta aurpegi guztiekin, indartsu zetorren. Armada Gorria 1979. urtean bertan Afganistanen indarrez sartu zen eta Umma edo mundu musulmanaren izenean mujahidinek, eta orduan sortu zen Al-Qaedak, aurre egin zioten –askoren ustez, “Sobietar Batasunaren Vietnam” bihurtu zen Afganistango gerrak azkartu zuen bloke sozialistaren porrot historikoa–.

Bestetik, Iranen nagusi den islam xiitak, bere bilakaera historikoaren haritik, zapalduak eta txiroak ordezkatu izan ditu, batez ere azken mendeetan. Mahoma hil eta ondorengo kalifa herriaren barneko liskarretan ondorengotza dinastikoa aldarrikatzen zutenek (xiitek) galdu egin zuten sunna (tradizioa) bere egiten zutenen aurka (sunitak). Horretxegatik, eta orrialdeotatik kanpo geratzen diren beste auzi teologiko-doktrinarioak tarteko, xiismo politikoaren baitan galtzaileen defentsa sutsua egin duten teoriko ugari izan dira, Iranen batez ere. Ali Shariati izan zen horietako bat –bere eragina Ruhola Khomeini aiatolak izan zuenarekin parekatzen da– eta bere idatziek sekulako oihartzuna izan zuten Irango iraultzan.

Iraultzaren ataurretzat jo daitekeen 1963ko matxinadan, errepresioak ehundik gora hildako eraginez amatatu zituen protestetan hain zuzen, islam xiitaren papera nabarmena izan zen jada, Khomeiniren gidaritzapean. Gatozen, baina, 1978tik 1979ra bitartean Iranen, eta batez ere Teheranen, gertatu zena aztertzera. Khomeini erbestean zegoen 1964tik. Lehenengo Turkian, gero Iraken, eta, 1978tik, Parisen, Gobernu frantsesak babestuta.

Ordurako oso indartsua eta askotarikoa zen xah ahalguztidunaren aurkako oposizioa. Borroka armatua erabiltzen zuten gerrillak ere bazeuden. Fedajinek marxismoa zuten oinarri eta Che Guevara eredu; hala, Tudeh alderdi komunista ofizialaren nolabaiteko korronte edo eszisioa osatu zuten, laster bi taldetan zatitu baitziren. Mujahidinak, berriz, erlijio xiitaren mezu berdinzalea eta marxismo-leninismoa uztartzen saiatu ziren, asmo horrek ere gerrilla bi zatitan banatzea eragin zuelarik.

Oposizioa, hala ere, ez zuten borroka armatuan ari zirenek soilik osatzen. Tudeh alderdi indartsuaz aparte, beste hainbat mugimendu ere bazeuden, liberalak, abertzaleak, eta, nola ez, baita kurduak eta azeriarrak ere.

Mugimenduak mugimendu, erregimenak berak indartu zuen islamisten aitzindaritza 1979ko iraultza ahalbidetu zuen sua piztu zuenean. 1978ko urtarrilean Khomeini iraintzen zuen artikulu bat idatzi zuen egunkari baten orduko Informazio ministroak. Qom hirian, xiiten hiri santuan, seminariotako ikasleak kalera atera ziren aiatolaren izen ona aldarrikatzeko eta errepresioak 70 hildako eragin zituen. Oposizio erlijiosoa indartzeaz gain, bere hondoratzea sinatu zuen orduan erregimenak.

Kleroak bazarretako enpresa gizonen eta dendarien babesa lortu zuen, eta bazari izenarekin ezagutzen ziren merkatarion jarrera politikoak, kontserbadorea baina bide batez Mendebaldearen aurkakoa, eragin handia izan zuen bai iraultzan bai iraultzaren ondoren.

Hala ere, Irango txiroenen parte hartzea gero eta nabariagoa zen manifestazioetan. Emakumezkoak ere ez ziren atzean geratu, alderdi ezkertiarretan eta talde armatuetan mobilizatuta; bazarien emazteak, berriz, txador beltzarekin estalita agertzen ziren. Errepresioak gora egin ahala, manifestazioetan lehen lerroan jartzen ziren, poliziei desafio eginez.

Irailaren 8an, “Ostiral Beltza” izenarekin bataiatuko zutena, 900 manifestari erail zituen poliziak Teheranen. Armadak herritarren aurka tiro ez egitea erabaki zuen orduan, eta, urte bukaerarako, erregimenari egunak baino ez zitzaizkiola geratzen argi zegoen dagoeneko.

Reza Pahlevi xah urtarrilaren 16an irten zen herrialdetik ihesi –AEBetan hilko zen handik gutxira, minbiziak jota– eta, otsailaren 1ean, Khomeini Iranera itzuli zen. Guardia Inperialak azken saiakera bat egin zuen aldaketa ekiditeko kadete militar talde bat matxinatu zenean. Kadeteek erasoari aurre egin zioten eta gerrilla taldeek lagundu egin zieten. Otsailaren 10ean eta 11n jendetzak kartzeletako ateak zabaldu eta polizia etxeak eta kuartelak okupatu zituen. Herritarrak komiteetan antolatu ziren; mulla agintari erlijiosoak eta ezkerreko militanteak eskuz esku aritu ziren.

Teherango irratiak mezu historikoa zabaldu zuen uhinetan otsailaren 11n: «Benetako Iranen ahotsa duzue hau, iraultza islamikoaren ahotsa». Gutxi iraun zuen baina batasunak eta, lau urteren bueltan, iraultza egin zuten talde gehienen aurka gogor jo zuen Khomeinik, iraultza gero eta islamistago bihurtuz, iraultza guztiek pairatzen duten Termidor aroa inposatuz.

Munduak Teherango AEBetako enbaxadako bahituen krisia bizi izan zuen 1979ko azaroaren 4tik 1981eko urtarrilaren 20ra, Iran inperialismoaren aurkako aitzindari bihurtu zuten 444 egun historikoetan, Khomeinik “Velayat i Faqui” izeneko sistema ezarri zuen (jakintsu erlijiosoaren agintea) eta xaria edo lege islamikoa inposatu zuen. Bere lehen gobernuak osatu zituzten erlijioso liberalek eta laikoek (Mehdi Bazargan lehen ministroa eta Abolhasan Bani Sadr lehen presidentea) agintea utzi zuten, eta askok erbestera jo zuten.

Apurka-apurka Khomeinik eta bere Errepublika Islamikoaren Alderdiak botere guztia bereganatu zuten, iraultza garaian kide izan zituztenak suntsituz, lehenik bata bestearen kontra jarriz –liberalak komunisten kontra, Tudeh alderdia talde ezkertiar armatuen aurka...– eta, azkenean, inolako barne oposiziorik gabe geratuz.

Hasieran aipatu dugun bezala, iraultza islamikoak hankaz gora jarri zuen zonaldeko geopolitika guztia. Iran AEBen etsai amorratua bilakatu zen eta Israelen aurkako “Erresistentziaren Ardatza” osatu zuen Siriarekin eta Libanoko Hezbollah erakundearekin batera 1981. urtean.

Washingtonek Iran erasotzeari ekin zion iraultzak irabazi eta biharamunetik, eta, Barack Obamak Teheranekin 2015ean sinatu zuen akordio nuklearraren parentesitik aparte, eraso horrek ez du etenik izan. AEBek, gainera, bere aliatuak diren arabiar erregimenek Irango ereduari dioten beldurra, eta gorrotoa, baliatu du Iran gehiago estutzeko. Hala ere, eraso guztien gainetik, nazioartean, eta batez ere Ekialde Hurbilean, “Erresistentziaren Ardatza” mantentzea, eta zentzu baten indartzea lortu du Iranek Siriako eta Yemengo gerretan, zuzenean eta zeharka.

Dena den, irandarren artean adostasun zabala lortzen duen kanpo politikak ez ditu leuntzen iraultzak herrialdearen barnean bizi duen krisiaren zantzuak. Azken hamarkadotan iraultzaren ostean gailendu ziren bi sektoreen arteko talkak gidatu du herrialdeko politika; alde batetik khomeinizale amorratua den klero printzipalista, eta, bestetik, klero erlijioso-liberala (erreformazalea). Talka horrek goraldi eta krisiak izan ditu, 1995ean Mohamed Jatami erreformazaleak hauteskundeak irabazi zituenean edo 2009ko iraultza berdean kasu. 2018ko matxinadaren ostean, baina, Trumpen kanpo zigorrek eta barne ustelkeriak eragindako krisi ekonomiko latzaren erdian, badirudi herrialdea noraezean dela uneotan.

Iraultzak injustiziei aurre egin zien eta irabazi egin zuen. Gero, ohikoa denez, bere semeak irentsi zituen. Aste honetan 40 urte bete ditu. Mundu musulmanean zenbaki horrek heldutasuna adierazten du, adin hura omen zuelako Mahomak Alaren agerkundea izan eta Korana transmititzen hasi zenean. Ez ote den, ordea, Irango iraultza, eta ondorioz herrialdea, guztiz zaharkitu 40 urteotan... Zaharkitutako iraultza ala amaitu gabeko iraultza?