Joana Garmendia

Kalaportuko lore hiztunak

Bizkaiko Urtxintxa eskolak sokasaltoan aritzeko abestien letrak berritu ditu, balio hezitzaileak sustatzeko. Ez dakit hori irakurri genuen arte arreta handirik jartzen ote genion haurrei beti abesten diegun kantari (“Aita, ama, zenbat urterekin ezkonduko naiz?”); baina, albistea irakurrita, aldatu beharraren premiaz eztabaidan aritu ginen lehengoan. Batzuen ustez, txikikeriei gehiegizko garrantzia ematen ari gara; beste batzuek, ordea, gustura hartu genuen letra eraberritua, eta orain arte kantatutakoak zuzentzen hasteko garaia bazela iritzi genion.

Eztabaidak berak baino gehiago, abestia aldatzeari hutsalkeria zeritzonetako batek erabilitako argudioak eman zidan atentzioa: tira, ez dugu erotu behar, abesti bat da, ez besterik. Eta egia da. Abesti horri arazorik ikusten ez dioten gehienek ez lukete begi onez ikusiko haur bati, arratsaldero, ea noiz ezkonduko den galdetzea, horrek izan behar balu bezala bere bizitzan helburu. Baina sokasaltoan ari garenean, ez gara benetan horrelakorik galdetzen ari. Abestietako galderak, ez dira benetako galderak. Abestietan esaten dena, ez da benetan esaten.

Zentzuzkoa dirudi argudioak. Baina, nago, kontua hori baino korapilatsuagoa dela. Honaino esandakoarekin ados egon denak ere, nik uste, nekez abestuko lioke umeari “Aita, aita, zenbat aldiz jo duzu ama?”, edo “Ene, seme, zenbat ijito hil dituzue?”. Zergatik, baina? Ez lirateke benetako galderak, abestiak lirateke, ez besterik.

Abestietan, edo berdin ipuin eta filmetan, hizkuntza erabiltzen dugunean, ez dugu komunikazio arruntagoan egiten dugun gauza bera egiten. Ez dugu berdin esaten, galdetzen, edo agintzen. Auzi ezaguna da hori fikzioaren ikerketan, eta asko egin eta esan da hori argitzeko.

Fikzioa gezur politak esatea dela entzun izan dut, baina ez da hori horrela. Fikzioan esaten dena ez da egia edo faltsua, beste zerbait da. Errealitatearekiko da zerbait egiazko edo faltsu, eta fikzioan errealitateak ez du askorik inporta. Kalaportu itsasbazterreko herri bat dela ez da ez egia ez gezur; Printze Txikiaren planetako loreak hitz egin dezakeela ez da ez egia ez gezur. Eta, hori, ez Kalaporturik, ez printzerik, ez planeta eta ez lorerik benetan existitzen denik.

Hori badakigu nobela bat irekitzen dugunean, edo zineman esertzen garenean. Badakigu irakurriko duguna, entzungo eta ikusiko ditugunak, ez direla egia. Eta, halere, hunkitu egiten gara, beldurtu edo tristatu, egiazko ez den hori ikusi edo entzutean. Fikziozko nobela edo film batean murgiltzean sentitzen dugunak, ez du fikziozkotik asko: benetan sentitzen gara triste, egiazkoa dirudi beldurrak. Harrigarri gerta daiteke hori, alegia benetakoa ez den piztia baten aurrean benetako beldurra sentitzea. Fikziozko obra baten aurrean esertzen garenero onartzen dugun isilpeko hitzarmena dirudi: badakit ez zarela benetako, baina ahaztuko dut hori honek dirauen artean, eta hunkituko naiz benetan.

Ikasi ere, fikzioaren bidez benetako gauzak ikasten ditugula esango nuke. Ez diren lore hiztunei eta Kalaportuei buruzkoak irakurrita, errealitateari buruzko gauza asko ikasi ditugulakoan nago. Baina norbaitek esango lidake, agian, ez dugula erotu behar; fikzioa da, ez besterik. •