Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Egun bat baino gehiago

Martxoaren 7an ospatu zen Liburu Egunaren testuinguruan, Erresuma Batuan egindako azterketa baten arabera helduen %31k ez du denbora librean irakurtzen eta zenbaki hori %46ra igotzen da 16 eta 24 artekoei erreparatuz gero. Datu horien atzetik dagoena gehiago interesatzen zait; adibidez, zer irakurtzen ari dira helduen bi herenak? Eta, aurreko hilabeteko zutabean nioen moduan, 16 urteko horiek tabletaren aurrean edukiak ikusten pasatzen duten denborak jango zuen ziurrenik aurretik irakurtzen ematen zuten denbora.

Unescok sortutako kontzeptua da Liburuaren Eguna, liburuak eta irakurzaletasuna bultzatzeko, eta, agidanez, ehun lurralde baino gehiagotan ospatzen da. Jakin dut ere munduko beste hainbat lekutan apirilean egiten dela, baina Erresuma Batuan aldatu egin zutela, antza, Aste Santuarekin eta St George egunarekin ez kointziditzeko. Ingeles hauek horretan ere ezberdinak izan behar.

Egun horretan haurren inguruko aktibitateak sustatzen dira batez ere hemen, eta, horretarako, eskolek libra bateko balioa duen txartel bat ematen diete haurrei eta National Book Token erakundeak aukeratuko hamar libururengandik truka dezakete dendetan. Nerabeentzat ere badago antzeko aukera bat, bi libra eta erdiko balioa duen txartel bat erabiliz. Gainera, irudi ederrak ikusten dira kaleetan, eskola askotako haurrak liburuetako pertsonaia kutunenak bezala mozorrotuta joaten dira-eta.

Horrez gain, Londresen egin diren ekimenen artean bizpahiruk eman didate atentzioa. Uber garraio zerbitzuak argitaletxe ezagun batekin eta alfabetatzeko erakunde nazionalarekin egindako ekimen bati esker, milaka liburu Londres eta Manchester hirietako Uber taxietan banatu zituzten. Lantegietan dituzten erantzukizunengatik eta bizitza modernoaren presio ezberdinengatik, guraso asko ez dira haurrak oheratzeko garairako etxera iristen. Ekimen honen bidez, haurrei lotara joan aurretik ipuinak irakurtzeak duen garrantzia azpimarratzea da helburua. Uberren bertan egindako ikerketa baten arabera, Britainia Handiko gurasoen %40k ezin izaten diete haurrei ipuinak irakurri. Londresen, zehazki, hirutik guraso batek zailtasunak izaten ditu etxean egoteko ordu horretan.

XX. mendean Bloomsbury auzoan bizi izan ziren artista, idazle eta intelektualek osatu zuten Bloomsburyko lagun talde entzutetsua, gizarte eduardotarra eskandalizatu zuena eta hainbat ekarpen aurrerakoi eta iraultzaile egin zituena. Haien izenean koktel batzuk sortu dituzte Bloomsbury Club deitzen den taberna batean; hala, “Virgina Woolf”, “TS Elliot”, “Roah Dahl” izeneko koktelak aurki daitezke menuan. Liburuaren egunean tabernara joan zirenek, liburu batekin “ordaindu” zezaketen koktela eta liburuok auzoko karitatezko liburu denda batean amaituko dute.

Azkenik, hainbat egitasmok, emakumearen irudia eta genero berdintasunaren testuingurua erabili dituzte irakurzaletasuna bultzatu eta batez ere emakume idazleak plazaratzeko aukera baliatzeko.

Egun bateko gauzan ez gelditzea da espero dezakegun bakarra. Hor daude antzeko beste hainbat egun: Emakumearen Eguna, Pobreziaren Eguna, Gerran Hildakoen Eguna, Langileen Eguna, eta abar luze bat. Finean, gure bizitza prefabrikatu hauek horretan bihurtzeko arriskuan daude: ekimen solidarioak egun bakarretan aldarrikatuz ematen dugun sekuentzia berekoiak, iraultzaile mozorroa egun horretan ganbaratik atera baina urteko gainerako egun guztietan egunerokotasunaren azkartasunak funtsa jaten digularik. •