Xabier Mikel Errekondo

Euskaraldiatik lan mundura

Aurretik errezelo ugari sortu bazituen ere, inork ezin uka Euskaraldiak arlo ezberdinetan lortutako arrakasta. Ahobizi eta belarriprest jarrerak eraginkor eta enpatiko bilakatu ziren, jendartea aktibatzera eramanez. Merezi zuen politika estrategikoek behin eta berriz marjinalitatera kondenatzen duten euskarak halako hauspoa, bizitza politiko-sozialaren erdigunean kokatuta, behingoz.

Baina, Euskaraldia apar huts bihur ez dadin, lan bateratua egiten eta pauso anitzak ematen jarraitu beharko da. Nago garrantzitsuenetako bat lan munduan eman behar dela, erdalduna eta erdalduntzailea den bitartean hezkuntzan egi(te)n den inbertsioa antzu geratzen baita, Jon Sarasuak “Berria”-n (martxoak 3) zuzen asko dioen bezala.

Lan harremanak eta barne kudeaketa euskalduntzeko enpresek denbora behar dute, noski, baina batez ere borondatea, eta borondatea pizteko behar-beharrezkoak dira Administrazioaren laguntza eta presioa. Goraipatzekoa EMUN eta udalen ahaleginak. Urrats handien zain gelditu gabe, baina, eragin daiteke. Usurbilgo udal gobernuan egin nituen urteetan enpresei albaran eta fakturak euskaraz exijitzen genizkien, edo bost industriaguneetako lantegien kanpo azaleko txartelak euskalduntzeko dirulaguntzak eskaini, edo obretako iragarkiak euskaraz idatzarazi...

Milaka enpresarentzako bezero oso garrantzitsuak dira udalak, aldundiak, Jaurlaritza eta enpresa publikoak. Zertarako ikasi-hezi-aritu euskaraz lan mundua erdalduna bada? Eta, aitzitik, konturatzen gara lan mundua euskalduna balitz gizartearen arlo oro euskaraz blaitua legokeela?

Administrazio botereek izugarri eragin dezakete. Bezate! •