Jon ELGETA
KLIMAREN ALDEKO ESKOLA GREBA

Herrialde aberatsetako milaka nerabe klima babesten jarri ditu Suediako neskato autista batek

Greta Thunberg suediarra da eta 16 urte baino ez ditu. Klima aldaketaren aurka munduko agintariek nahikoa egin ez izana salatzeko garaian, bere ahotsa beste inorena baino altuago entzun ahal izan da azken hilabeteotan eta bere adineko milaka eta milaka ikasle protesta egitera animatu ditu. Berea helduoi egindako errieta garbia da. Hil ala bizikoa. Eskolara joan gabe geratzen da ostiraletan, protesta egiteko erabiltzen baitu egun hori. Bakar-bakarrik hasi zen eta orain mundu mailan giza mugimendu indartsu baten erreferentzia bihurtuta dago.

Iazko udan hasi zituen Greta Thunberg suediarrak bakarkako mobilizazioak. Ostiralero, Stockholm hiriburuan, Suediako Parlamentuaren aurrean jartzen zen bere esterarekin eta kartel txiki batekin: “Klimaren aldeko eskola greba”, irakur zitekeen, suedieraz. Diputatuei klima aldaketaren aurka saiatzeko eskatzen zien. Handik hilabete batzuetara, Sydneyn, Bruselan, Hagan eta Londresen, esaterako, milaka lagunek bat egin zuten klimaren aldeko asteroko grebarekin. «Geure etorkizuna salbatu», eskatzen zuten.

Adingabeek zutitu dute mugimendua Sylvain Wagnon Montpellierko Unibertsitateko irakasleak nabarmendu duenez. Parekorik ez duen mugimenduak «min egiten digu helduoi», dio. Edonola ere, berak mobilizazioa nora doan ikusi nahi du bestelako balorazioak egin aurretik, batez ere martxoaren 15erako deitu den «mundu mailako greba» nola joaten den eta herrialdeek, agintariek alegia, zer egiten duten. «Etxera itzuli, umeak zarete-eta» esateko joera oso hedatuta dagoela uste du Wagnonek.

Erreakzio paternalistak izan dituzte Alemanian bertan ere. Dozenaka hiritan 15.000 ikasletik gora elkartu izan dira, astero, klima aldaketaren inguruan, baino herritar batek baino gehiagok arazo bakarra ikusten dute: mobilizazioak eskola garaian egiten direla, ez asteburuan edo behin eskola orduak amaitzean. Tankerako zerbait nabarmendu zuten Britainia Handian Theresa May lehen ministroaren ondokoek lehen mobilizazioak herrialde hartara iritsi zirenean.

Ikastorduak «galtzen» omen direlako egindako kritikei, era honetan erantzun zien Gretak: «Politikoek, ezer ez egiteagatik, 30 urte galdu dituzte. Zertxobait okerragoa da hori», adierazi zuen sare sozial batean. Eta bideo kezkagarri batean, honela borobildu zuen ideia: «Zertarako ikasi aurki izango ez dugun etorkizunerako, etorkizun hori salbatzeko inork ezer egiten ez badu?». Nerabe askoren jarrera azaltzen du Holly Gilligrand 13 urteko eskoziarrak: «Greba egiten jarraituko dugu gure ahotsak entzunarazi eta ondorioak izan arte».

Europako Batzordean hizlari

Jakina, nerabeen protestaldia txalotu ere egin da. Bill McKibben 350.org gobernuz kanpoko erakundeko sortzaileak uste du ez dela nahikoa gazteen mobilizazioak mirestea, «gazte horiek ez baitira gai beharrezkoak diren aldaketak egiteko. Guri tokatzen zaigu beraiekin bat egitea, bizkor-bizkor gainera».

Oso ezagun egin da Greta Thunberg. Bruselan Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko buruaren aurrean hitz egin zuen, Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialak deituta hamar minutuko hitzaldia eskaintzeko aukera izan zuenean. Oso bero hartu zuen Bruselak suediarra eta ekitaldiak oihartzun zabala izan zuen hedabideetan. Thunbergek ondoan izan zituen Bruselako Youth for Climate mugimenduko ekintzaileak.

«Aldaketa klimatikoa gelditzeko zerbait egiten ez baduzue, zuek utzitako ondarea garai guztietako porrot handiena izango da, zital hutsak bezala agertuko zarete historiako liburuetan», aldarrikatu zuen.

«Gure arreta osoa aldaketa klimatikoan ipini behar dugu, bestela gure lorpenek ez dute ezertarako balio izango. Badakigu politikari gehienek ez dutela gurekin hitz egin nahi. Ados. Guk ere ez dugu haiekin hitz egin nahi. Zientzialariekin hitz egin dezaten nahi dugu, izan ere, haiek urte luzez esaten ari direna besterik ez gara ari esaten», adierazi zuen. Pentsatzeko modu berri baten alde ere egin zuen: «Lehiatik lankidetzara pasa behar dugu, planetaren baliabideak modu justuago batean partekatuz».

Gainera, Polonian Nazio Batuek egin zuten klimari buruzko konferentzian izar nagusietako bat izan zen suediarra. Davoseko Foroan esku hartzen duten politikari eta enpresariek ere entzun zituzten neskaren hausnarketak. Eta akusazioak.

Klima aldaketaren aurkako mugimenduaren izar nagusi bihurtuta dago Greta. Begirale batzuek uste dute neska autistak beste inork baino hobeto ulertu duela gertatzen ari dena, planetari gertatzen ari zaiona. Mezu sinple bat, nahikoa: «Nire etorkizuna lapurtzen ari dira». Greta Thunbergen mezuaren arrakasta esplikatzeko garaian, “Financial Times” egunkarian nabarmendu dute munduak duen benetako egoerak oso momentu iluna margotzen duela: karbono dioxidoaren isurketek marka guztiak hautsi zituzten iaz, urteotan egindako negoziazioen eraginkortasun eza agerian ipiniz. Kazetak gogora ekartzen du azken bost urteak izan direla inoiz ezagutu diren beroenak eta hondamendi “naturalen” bat gertatzen den bakoitzean, mehatxu abstraktutzat genuen klima aldaketa aukera erreal moduan hartzeko joera indartzen dela.

Greta Thunberg ezagutu dutenek haren argi eta garbi hitz egiteko joera azpimarratzen dute. Suitzako Davosen, munduko aberatsenen hitzorduan, zera esan zuen pasa den urtarrilaren 25ean: «Gaur egungo gure gizarteetan ia gauza guztiak aldatu behar ditugu». Itxaropena eta beldurra modu harrigarrian nahastu zituen: «Helduek gauza bera esaten jarraitzen dute: gazteei itxaropena eman behar diegu. Baina nik ez dut zuen itxaropenik nahi. Ez dut zuek itxaropena izatea nahi, zuek ikara sentitzea nahi dut».

Asperger sindromea du neskak eta horrela esaten du sare sozialetako bere profiletan. Ez da isildu gabe hitz egiten duten horietakoa, erabat kontrakoa baizik: behar-beharrezkoa denean besterik ez du ahoa zabaltzen. Aitak esplikatu izan du Gretak depresio larri bat pasa zuela 11 urte zituela. Klima aldaketaren inguruan gauzak egiten hasteak asko lagundu zion orduan alabari eta familiak gauza asko aldatu zituen: auto elektriko bat erosi, hegazkinak hartzeari utzi eta begetariano bihurtu. Gizona pozik dago, neska nola aldatu den ikusita.

Ekintzaile gazteari berari galdetuz gero, eskola greba iaz klasean egindako idazlan sariketa batean kokatu behar da. Zergatik zerbait egin beharrean gauden esplikatu zuen Gretak bere entseguan. Ingurumenaren aldeko ekintzaile batzuk berarekin harremanetan jarri ziren eta bera protesta moduei buruzko eztabaida talde batean sartu zen. Berak eskolan greba egin nahi zuen, baina beste esku hartzaileei ez zitzaien ideia ona iruditu. «Bakarrik egitea erabaki nuen orduan». Seguru asko, kezka eta jarrera horien haziak lehenago jarrita zeuden, eskolan bertan irakasleek ozeanoen egoerari edo hartz zurien sufrimenduari buruzko pelikulak eskaini zituztenean.

«Mundua hain gaizki dagoela ikusita oso triste geratu nintzen. Gero pentsatu nuen bizitzen segitzeak ez zuela zentzurik. Deprimituta, ez nuen ezer jaten, ez nuen ezer esaten, ez nintzen eskolara joaten. Egoera hori aldatzeko urrats bat egiteko gauza nintzela konturatzeak asko lagundu zidan depresio hartatik irteteko».

Asperger sindromea, arazo gisa beharrean, opari moduan hartzen du. «Ni normala izan banintz, beste guztiek bezala segituko nukeen. Eta gizartearen jolasetan harrapatuta geratuko nintzatekeen. Lehenago bezala. Baina ezberdina naizenez, mundua beste ikuspuntu batetik ikusten dut, gauzak oso zuri-beltzean ikusten ditut».

«Zure seme-alabaren bat kalearen erdian dagoela, abiada bizian datozen autoak ikustean, ez duzu beste alde batera begiratzen gauza gogorregia delako; korrika egin eta umea arriskutik kentzen duzu». Horrela esplikatu zuen behin klima aldaketarekiko Suediako gizarteak duen jarrera: hondamendia datorrela onartu, baina hura saihesteko ezer egin gabe jarraitu, zerbait egitea gogorregia, zailegia, omen delako.