Amagoia Mujika Telleria
EKOZINEMALDIA

Bizigarriagoa eta justuagoa den mundu bat eraikitzeko borrokak

Ekozinemaldiak hamahirugarren edizioa du. Martxoaren 25 eta 31 bitartean, Euskal Herrian barnako aretoetan, munduan gertatzen ari diren ingurumen injustiziak eta horien parean altxa diren borrokak kontatuko dituzte hamahiru filmek. Elkartasuna eta erresistentzia erein nahi ditu Ekozinemaldiak, mundua toki hobea bihurtzeko.

Ingurumenaren aldeko borrokak dira ardatza.
Ingurumenaren aldeko borrokak dira ardatza.

Ekozinemaldiak hamahirugarren edizioa beteko du aurten, datorren martxoaren 25ean hasi eta martxoaren 31 bitartean.

Hamahiru herritan barna banatutako egitarauan, munduan gertatzen diren injustizia eta aldrebeskeria ekologikoak eta horien parean altxatutako borroka sozialak kontatzea du helburu, horretarako zinemaren lengoaia erabilita.

Zor ekologikoaren inguruan ehundutako zinema jaialdi berezia Ekologistak Martxan-ek eta Mugarik Gabeko Ingeniaritzak elkarlanean antolatzen dute, trantsizio energetiko demokratikoaren inguruko Tradener proiektuaren barruan.

Hartara, Ekozinemaldia ez da ohiko zinema jaialdi bat, ez duelako helburu ekonomikorik eta bertan aurkeztutako proiektuek ez dutelako elkarren kontra lehiatzen. Norbanakoek eta kolektiboek borondatez antolatzen dute eta ekimenaren erronka nagusia herri desberdinen borroken berri ematea da, elkartasuna eta erresistentzia helburu bakarrarekin bultzatzeko: bizigarriagoa eta justuagoa den mundua eraikitzea.

Ekologistak Martxan kolektiboko kide den Martin Mantxok agertu duenez, «ingurumenaren inguruko beste herrietako borrokak hona ekarri nahi ditugu, hemengo borrokekin bat egin dezaten. Beste lekuetan egiten diren ahaleginak ezagutu nahi ditugu eta horietatik ikasi».

Vidalina Morales ekintzailea

Film batzuen kasuan egileek berek azalduko dituzte beren proiektuaren nondik norakoak, bai Euskal Herri bueltakoak direlako edota baita Ekozinemaldira gonbidatu gisa etorri direlako ere. Hori da El Salvadorreko Vidalina Moralesen kasua, “No tenemos miedo” filma aurkeztera etorriko baita Ekozinemaldira.

El Salvadorren metalen meatzaritzaren kontrako ekintzaile sonatua da Morales. Emakume talde batekin batera, gogor borrokatu zuen meatzaritza enpresa handien kontra eta ingurumenaren eta giza eskubideen alde. Hamarkada luze batez, El Salvadorreko lurretan egin asmo zituzten meatzaritza ustiaketen kontra altxatu ziren eta herrialde osoan era horretako industriak debekatzea lortu zuten. Sekulako lorpena, Latinoamerikan eta munduan metalen meatzaritza debekatzen duen lege bakarra baita El Salvadorren lorturikoa. Lorpenak, handia izanagatik, ez du gatazka erabat itzali, meatzaritzan dabiltzan enpresa handiek berean segitzen baitute, lurrak ustiatzeko baimenak lortu nahian. Baina Vidalina Moralesen eta El Salvadorreko emakumeen jarduna eredugarria da zalantzarik gabe.

Ekozinemaldiaren baitan, zazpi hitzordutan egongo da Vidalina Morales: martxoaren 25ean, Donostian bi hitzordu, EHUko Ingeniaritza Eskolan 11:00etan eta Koldo Mitxelenan, 19:30ean; martxoaren 26an, Leioan, EHUko Arte Ederren Fakultatean, 12:00etan; egun horretan bertan Bilbon, 18:00etan, Bilborock aretoan –Silvia Federici feministarekin batera–; martxoaren 27an, Tolosako Leidor aretoan, 19:30ean; martxoaren 28an, Bilbon, EHUko Ingeniaritza Eskolan, 17:00etan; eta, martxoaren 29an, Basaurin, 19:00etan, Mariena Emakumeen Etxean.

“Bolintxu” eta “Aralar, mundua leku den lurra filmen kasuan ere zuzendariak emanaldietara hurbilduko dira, bertaratutakoekin iritziak eta sentsazioak partekatzera.

Irabazitako borrokak

«Indarrean dagoen hiri eredua edo eredu kapitalista sekulako abiadan ari da zabaltzen, hemen eta mundu osoan. Eta bidean ingurumenari eta komunitateei egiten die kalte. Komunitate asko ari dira une honetan borrokan, horietako asko indigenak. Borroka horiek denak herritik sortuak dira. Aurtengo filmen artean baditugu mezu positiboak dituztenak, irabazitako borrokak kontatzen dituztenak. Garrantzitsua da konturatzea ingurumenaren kontrako borroka ez dela gauza abstraktua, inoiz emaitzarik ematen ez duena. Ingurumenaren kontrako borroka batzuk irabazi egiten dira. Horiek ospatu eta ezagutzera eman behar dira», nabarmendu du Mantxok. Ekologistak Martxan-eko kidearen ustez, ingurumenaren kontzientzia zabaltzea ez da erraza. «Batetik, ezezagutza dago, informazio falta. Eta, bestetik, ingurumenaren aldeko diskurtsoa bereganatu egiten du sistema kapitalistak eta horrek nahasmena sortzen du». Ekozinemaldiak mezu positiboa zabaldu nahi du, borroka guztiak beharrezko eta posible direla defendatu.