EFE
LUXUZKO BABARRUNAK

Brasilgo oinarrizko elikagaia eskuraezina bihurtu da askorentzat prezioa tarteko

Ameriketako beste herrialde askotan bezala, babarruna oinarrizko elikagaia da brasildarrentzat, batez ere pobreenentzat. Azken hilabeteotan, berriz, ordezko jakien bila dabiltza asko, prezioak nabarmen igo direlako.

Brasildarrek gustukoen duten elikagaiaren prezioa laukoiztu egin da azken hilabeteotan eta ia lortezina bihurtu da kontsumitzaile askorentzat. Orain bestelako aukerak bilatzen dituzte plater kutunena ordezkatzeko.

Brasildar bakoitzak, batez beste, 15 kilo babarrun jaten ditu urtean. Arrozarekin batera, Hego Amerikako herriko dietan produktu izarra da. Feijão edo “babarruna”, gainera, feijoada izeneko plater tipikoaren osagai nagusia da. Askotariko txerri eta behi haragi zatiak ere osagai dituen platera da, zalantzarik gabe, Brasilgo sukaldaritzako izarretako bat. Tradizioaren arabera, feijoada Afrikatik Brasilera eramandako esklaboek sortu zuten, babarrunak haien jabeek albora uzten zituzten hain “nobleak” ez ziren haragi zatiekin prestatzean. Baina gaur egun, mendeak igaro ondoren, edozein klase sozialeko milioika brasildarren asteko menuaren ezinbesteko zati da.

Montecarlo tabernan, Sao Pauloko finantza gune nagusietarikoa den Paulista etorbide ikonikotik metro gutxira, asteazkenero eta larunbatero ehun feijoada baino gehiago zerbitzatzen dituzte. Baina eltzeko ospetsua, tabernako diru iturri nagusietarikoa, zama handia izaten hasi da jabeentzat, babarrunaren garestitzearen erruz. Pentsa, azken hilabeteotan %200 baino gehiago igo da babarrunaren prezioa.

«Oraingoz, feijoada prezio berean mantendu dugu. Gure plater nagusia da eta horregatik eusten diogu, bezero kopuruan eraginik ez izateko», adierazi du Ronilce Matos Montecarlo jatetxeko jabeak.

Matosek bezala, Alice Boreli erretiratuak ere uste du babarrunaren prezio igoera «zentzugabea» dela eta dagoeneko bere elikagai maitatuaren ordezkoa ere aurkitu behar izan du: dilistak. Ez da harritzekoa, gastronomia brasildarraren produktu izarrak 3,5 erreal (0,9 dolar) balio baitzituen azaroan, eta, otsailean, 12 errealekoa (3,24 dolar) baitzen jada prezioa, Ibrafe Brasilgo Feijão Institutuaren arabera.

Hori bai, prezio igoerak ez dio babarrunari soilik eragin. «Supermerkatuko produktu guztiak dira garestiak. Babarruna, arroza, azukrea... prezio denak ari dira igotzen», azaldu du kezkatuta du Borelik.

Landatzeko sail gutxiago

Babarrunaren kasuan, prezio igoera uzta txar baten ondoren etorri da. Batez ere carioca motako babarrunaren prezioa igo da, hau da, Brasilen gehien kontsumitzen dena. Horrekin batera beste babarrun mota batzuk ere badaude, fradinhoi, feijao de corda edo preto (“beltza”) kasu.

Marcelo Lüders Ibrafe institutuko presidentearen arabera, ekoizleek iaz carioca babarrun sailak gutxitzea erabaki zuten, ekonomikoki errentagarriak izango zitzaizkien beste produktu batzuk landatzeko, soja adibidez. Horrez gain, iazko azken hilabeteetan Brasilgo eskualde ekoizleetan izandako lehorteak ere babarrunaren prezioren gorakada areagotu du, sikateak eskaintza are gehiago murriztu baitu.

«Eskasiak bat-bateko prezio igoera sortu ohi du, baina ez da asko luzatzen, hiru babarrun uzta ditugulako urtean», adierazi dio EFE agentziari Andre Brazek, Getulio Vargas Fundazioko Kontsumo Prezioen Indizearen koordinatzaileak. Apiriletik aurrera prezio jaitsiera espero du: «Ekoizpen nazionalaren %60 den carioca motako babarrunaren 60 kiloko zakuaren prezioa 400 erreal (108 dolar) izatera iritsi zen otsailean. Iazko hilabete berean zakuak 120 erreal (32,4 dolar) balio zituen».

Babarrunaren eta beste elikagaien prezio igoerak urtarrileko inflazioa %0,32koa izatea eragin zuten, 2018ko abenduan %0,15ekoa izan ondoren. 2018ko urtarrilarekin alderatuta, %3,78ko igoera izan zuten prezioek, Brasilgo Gobernuaren aurreikuspenen azpitik geratuz (%4,25). «Babarrunak urtarrileko inflazioa handitu zuen, baina otsailekoan are eragin handiagoa izango du. Hala ere, Brasilgo inflazioa oso baxua da, ekonomiak geldo jarraitzen duelako: langabezi tasa altua da, eta, kontsumoa, baxua», aurreikusi zuen Brazek otsail hasieran. Eta asmatu egin zuen, otsaileko inflazioa %0,5koa izan zelako, %3,9 igoz 2018ko otsailetik.

Brazen esanetan, prezio igoerak pobreak kaltetu ditu batez ere, babarruna Brasilen errenta gutxiko pertsonen «elikadura osagai nagusia» delako. «Pobreak arroza eta babarruna baino ez du jaten. Zer egingo dugu prezio hauekin!», salatu du emakume batek Sao Pauloko merkatu batean, adituaren iritzia berretsiz.

 

Oinarrizko aleak, babestuta Mexikon

Oinarrizko aleek –babarruna, artoa, arroza...– gutxieneko prezioa izango dute Mexikon, nekazariek bermatutako ordaina jasotzen dutela ziurtatzeko. Andres Manuel Lopez Obrador lehendakariak aurkeztutako egitasmoak atzerriko erosketak murrizteko asmoa du. Argi mintzatu da Obrador: «Mendeak daramatza artoak Mexikoko herria elikatzen, baina, egun, teknokrata ustelen erruz, Mexiko da atzerrian arto gehien erosten duen herria!». Lehendakariaren ustez, hori «nahigabea, paradoxa eta kontraesana» da, artoa Mexikon sortu zen-eta. «Babarrunaren prezioa bermatuta dago eta ekoizpena igoko dugu, atzerrian gehiago ez erosteko. Asko landatzen da Zacatecasen, Nayariten, Durangon, Chihuahuan, Sinaloan... baina ez dugu oraindik aski ekoizten, kontsumitzen dugunaren %10 erosi egiten dugu oraindik». Kontsumitzen duen arrozaren %85 eta gariaren %70 ere atzerrian erosten du Mexikok. «Kontsumitzen duguna Mexikon ekoiztea, hori da bermatutako prezioen helburua». Ildo horretan, AEBetan nekazariak oso babestuta daudela gogoratu du Obradorrek: Estatuak, kreditu eta laguntza ugari emateaz gain, ekoizpen kostuaren %80ra arte ordaintzen die.