Xabier Izaga Gonzalez
BERTIZKO BEIRATEAK

Bertizko beirate multzo ikusgarriaren zaharberritze prozesu zorrotz eta zehatza

«Bertizko argia» erakusketan bertako parke naturaleko beirate modernisten multzoa ikusgai dago irailera arte. Mikel Delika beiragile gasteiztarra eta Harri(d)ura tailerreko Amaia Sanchez Bakaikoak zaharberritu dituzte antzinako jaurerriko kapera ondoko markesinako beirate ikusgarriak. Zaharberritze prozesua azaldu digute.

Ederra da Bertizarana, Malerrekako udalerria (Nafarroa). Hantxe dago Bertizko Parke Naturala, jaurerria izan zena. Zenbait mendez Bertiz familiaren jabetza izana, XIX. mendearen amaieran Pedro Ziga eta Dorotea Fernandez senar-emazte iruindarrek erosi zuten. Hainbat berriztatze lan egin, Aizkolegi mendian eraikin bat egin eta inguruko basoak lehengoratu egin zituzten. 1949an, Nafarroako Aldundiari utzi zioten jaurerria, eta 1984an natura parke izendatu zuten.

Duela hilabetetsutik, zabalik dago “Bertizko argia” erakusketa, parkeko eraikinetako beirateen inguruan. Halaber, antzinako jaurerriko kaperari atxikitako markesina ia osorik ixten duen beirate modernisten multzoaren zaharberritze prozesuaren berri jakiteko aukera ere badago. Lau urtaroak irudikatzen dituzten hamahiru beirate modernista dira, bi metroko altuera dutenak.

Duela 30 urte, beirateak oso kaltetuta, pieza asko galduta eta berunezko loturak okertuta zeudenez, Javier del Rio Iruñeko beiragileari eraman zizkioten zaharberritu zitzan. Hark bere tailerrean eduki zituen, baina ez zioten hasteko agindurik eman, eta, erretreta hartu zuenean, itzuli egin zituen.

2015ean, Nafarroako Gobernuak, Vianako Printzea Erakundearen bidez, beirateak zaharberritzeko erabakia hartu eta Violeta Romero Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuko teknikari zaharberritzaile eta proiektuaren zuzendariak Mikel Delika beiragile gasteiztarrari deitu zion, haren iritzia jakiteko. Ondoren, Delika bera eta Amaia Sanchez Bakaikoa Harri(d)ura enpresakoa hautatu zituzten, lehiaketa bidez, beirateak zaharberritzeko, lanok bion artean egitea proposatu baitzuten. Bestalde, zaharberritzea Gasteizko eta Ziako (Nafarroa) tailerretan eginda, errazagoa zen prozesuaren jarraipena egitea.

Prozesu horretaz hitz egin du GAUR8k Delikarekin.

Zaharberritze berezia

Lehenengo pausoa argazki dokumentazioa biltzea izan zen. Beirateen jatorrizko irudiak antzematea ezinezkoa baitzen. Argazki ugari eskuratu zituzten beirateen ahalik eta xehetasun gehienen berri jakiteko.

Mikelek dioenez, beiratearen zaharberritzea berezi samarra da. Artelanen zaharberritzea oro har erregulatu samar dago eta, besteak beste, pieza berrien eta jatorrizkoen arteko bereizketa nabaritu beharra dagoela xedatzen du; beirateetan, berriz, hori ezin dela egin dio, pieza berriek jatorrizkoek baino protagonismo handiagoa har lezaketelako. Batzuetan ezin da muturrera eraman ahalik eta jatorrizko elementu gehien kontserbatzeko printzipioa; esate baterako, pieza bat kontserbatzeak beirate osoaren irakurketa kaltetu dezake, elementu berriak protagonismo handiagoa bereganatuta. «Jarri dituzun elementu berriak ez dira ez goitik ez behetik nabarmendu behar», dio Mikelek. Zaharberritzaile akademiko askok ez omen dute beirateen berezitasun hori ulertzen, argia zeharkatzen duen artelana izatetik datorkion berezitasuna, hain zuzen. «Ezin duzu egin mosaiko bat bezala. Beirate batean gauza neutro bat jartzen baduzu, obra galdu egiten duzu. Esate baterako, zulo txiki bat beira kolorge batez estaltzen baduzu, hortik sartuko den argi sortak gainerakoa ikustea eragotz dezake».

Prozesua oso konplexua izan da, eta emaitza ikusgarria. Horretarako, funtsezkoa izan da berreskuratutako zati guztien azterketa. Bestalde, berun zati asko zurixka ageri zirela ikusi zuten, karbonatatuta. Hori narriadura atzeraezina denez, zati horiek aldatu beharra zegoen.

Prozesu luze eta zehatza

Urte eta erdian egin dute lana, eta ez du denbora luzeegia ematen, prozesuaren berri jakinda. Eman behar zuten pauso bakoitza aldez aurretik Vianako Printzea Erakundeko arduradunei proposatzen zieten, jakina, eta Mikelek dioenez, beti errespetatu dituzte beren irizpideak. Lan zorrotz eta zehatza egin dute, pieza baten arrastoan sumatzen zen irudia eta kolorea oinarri, hura berreraikitzeko, betiere multzo osoarekiko harmonia bilatuz. Beirate bateko ninfa baten aurpegia, esate baterako, argazki zahar eta lauso batetik ateratzea lortu zuten. Xehetasun ñimiño batek ordu askotako lana eman zezakeen.

Beirak aukeratzeak ere eman zizkien lanak. Mikelek XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako beira asko ditu. Hartara, Bertizen jarri dituzten beiretako asko haien garai berekoak dira. Pozik ageri da Mikel neguari dagokion atalean elurra irudikatzeko jarri zuten beirarekin, lortutako efektuagatik. Koloregabea da, bainugeletan jartzen zirenen antzekoa, zimurtsua, eta beirateak jatorriz izan zuena bezalakoxea. Ez zen egun fabrikatzen ez den bakarra. Garai hartan kolore berezikoak egiten zituzten, eta bazekiten horietako bat Espainiako fabrika batekoa zela, baina itxita dago, eta Lyonen (Estatu frantsesa) topatu zuten beira gris berdexka hura. Beiren koloreak ez ezik, haien ehundurak ere berdintsua izan behar zuen. Bestalde, beira batzuk bikoiztuak dira; alegia, gainezarritako beira bi, jatorrizko kolorea lortzeko.

Ikusten denaren atzeko lana

Amaiak eta Mikelek beirateen egilearen sinadura ere idoro zuten. Jaurerriaren nagusiek Maumejean Etxeari enkargatu zizkioten. Uste izatekoa zen hala zirela, kaperan etxe hartako beste beirate bat dagoelako, baina dokumentazio falta dela-eta, ezezaguna zen datu hori.

Amaiaren eta Mikelen lanak ikerketatik asko izan du. Zati handi bat falta zaion beirate baten argazkia erakutsi digu Mikelek, hartu zuten momentukoa. Zati hori agertzen den argazki zahar eta lauso bat atera du ondoren, eta gero irudiak eta koloreak lortzeko egindako proben beste hainbat.

Lan eskerga horren ondoren, atalik «dibertigarriena» etorriko zen, beruneztatzea, hain zuzen. Izan ere, beirate bat zaharberritzea ez da soilik beirak mihiztatzeko artisau-lana, aldez aurretik jendeak ikusten ez duen lan astun eta luzea baitago. Pieza bakoitzak bere tratamendua darama; esate baterako, haustura bat ez da beti modu berdinean konpontzen, baizik eta batzuk beira bat tartekatuta konpontzen dira, beste batzuk kobre-hariz… Eta prozedura guztiak, erabaki guztiak eta haien zergatiak lanaren memorian erabat islatuta agertuko dira. «Hau ez dago inolaz ere modurik erosoenean edo zentzurik gabe eginda. Den-dena ondo arrazoituta dago. Gogotik egindako lana da», nabarmendu du Mikelek.

Beirateak mugitzeko eta soldatzeko, multzoak zurruntasun handiagoa izan zezan, letoizko ertz bat jarri zuten perimetro osoan, letoia berunarekin bateragarria baita. Bestetik, beirateen errefortzu barrak jartzeko sistema bera ere hobetu egin zuten. Beiratea zeharkatzen duten barra horiek, burdin hariz finkatuta daude, baina burdin hariak tentsio handiko puntu batean jarriz gero, beira apurtu egin liteke. Arrisku hori saihesteko eta beirateen itxura bera hobetzeko asmoz, letoizko profil fin bat jarri zuten, irudien marrei jarraituz. Sistema horrekin, beraz, barrak ikusi gabe beirateak sendotzea lortu zuten.

Artisau eta arte lan ikusgarria egin dute, eta irailera arte ikusgai egongo da Bertizko paraje paregabean.

 

Beirateak, arkitektura gotikoaren altxorrak, polemika iturri

Joan den hilean Mikel Delika maisu beiragileak hitzaldi bat eskaini zuen Gasteizen, beirateak sortu zireneko testuinguruaz eta historian zehar izan duten erabileraz eta bilakaeraz. Horretaz guztiaz hitz egin zuen GAUR8rekin ere 2016ko maiatzean Gasteizko azken beiragileak. Zenbait kezka ere agertu zituen orduan, oraindik ere badituenak. Horregatik saiatzen da ondare hori ezagutarazten eta Euskal Herriko eta kanpoko beiragileekin harremanetan jartzen. Bertizko beirateak zaharberritzeko prozesuan ere argi ikusi du beiragintzak Arte Ederretako espezialitate bat izan beharko lukeela, eta beste herrialdeetan bezala lan horretarako irizpideak bilduko lituzkeen erakunde baten premia.

Duela hiru urte, Euskal Herriko beirateak hizpide zituela, Gasteizko Santa Maria katedral zaharrari datxekion Santiago kaperako zenbait beirate aipatu zituen Mikelek. Zioenez, XVII. mendeko beirate haien antzeko batzuk Santa Marian ere izan ziren, baina, 1960an, katedrala zaharberritu zutenean, beirate haiek kendu eta haien ordez berri batzuk jarri zituzten.

Ez da hori gertatu den leku bakarra; are gehiago, badirudi horrelako jokaera ohikoegia izan dela. Parisko Notre-Dame katedralean ere gauza bertsua egin zuten XIX. mendean. Beirateek berebiziko garrantzia dute arkitektura gotikoan; horrenbestez, oraindik orain Parisko katedral horretan izandako sutearen gainean galdetu diogu Mikeli.

Horren inguruan halako nahasmendua dagoela dio. Badirudi erre den arrosa-leiho txiki bat zaharberritze fasean zegoela, baina arrosa-leiho nagusiak ez direla kaltetu. «Beharbada beroa dela-eta zerbait sufritu dute; litekeena da baten bat sabeldu izana, baina ez dirudi oso larria izan denik», azaldu du, «edonola ere, nik ez daukat informazio askorik». XIX. mende amaierako beirate batzuk galdu omen dira, baina Erdi Aroko bat ere ez omen da galdu. «Egia esateko, katedral horren gaur egungo estetika XIX. mendekoa da, ‘historiko faltsuak’ direlakoak egiten zituen mugimendu baten araberakoa. Eta XIX. mendeko beirate horiek neogotiko edo neoklasikoak dira, garai hartakoak». Orain, segur asko, polemika sortuko dela dio: «Batzuek esango dute zeudenen berdinak, estilo berekoak jarri beharra dagoela eta beste batzuek beirate garaikideagoak jarri behar direla».