Maider Iantzi Goienetxe

Langile klasearen ihesaldia

Pasatu zen Maiatzaren Lehena, baina lanean eman nuen egun hartako gogoetak konpartitu nahi ditut. Irratian dataren jatorriaren berri adituz gustura egin nuen lantokirako bidea. Bertan kontatu zuten 1889an Parisen ezarri zutela Langileen Eguna, Chicagon hil zituzten sindikalista anarkisten omenez. Zortzi orduko lanegunen aldeko greba hasi zuten 1886ko maiatzaren 1ean. Irratiko solasaldian aipatu zuten indar handia izan duela Maiatzaren Lehenak, baina orain jaiegun bat gehiago bilakatua dela. Horren lekuko izan nintzen, asteazkenean tokatu arren jendea oporretara alde egina zela sumatzen baitzen. Egun libre bat izan orduko ihesi joaten da gaurko langile klasea. Errepideak eta aireportuak bete eta etxe ordainezinak husten dira. Baina langile klasea al gara? Klase horrekin identifikatzen al gara? Mobilizazioak apaldu izanaren arrazoi bat izaten ahal da goragoko klaseekin identifikatu nahia beheragokoekin baino gehiago.

Eta zer da klase ertaina? Haren parte ginela pentsatu izan dut, baina pikutara joan da ustea Laurent Wauquiez Estatu frantseseko Errepublikanoen alderdiko presidenteari hilabetean 6.000 euro irabazten dituen bikote bat klase ertainekoa dela irakurtzean. “Le Monde” egunkarian kontzeptua definitzea zein zaila den azaltzen dute. INSEE behatokiak 1.265 eta 2.275 euro arteko diru sarrerak kalkulatzen dizkio klase ertaineko pertsona bati. Sobera pobrea eta sobera aberatsa ere ez den herritarren gehiengoa litzateke. Pobretzen ari dena, eztabaida publikoetan salatzen dutenez. Norbanakoaren kontsumoa har daiteke kontuan, diru-sarrerak (zergen aitzinetik edo ondotik), ondasunak, umerik baduen, bikotean bizi den... Eta zuek, zein klasetakoak zaretela uste duzue? •