Ane Urkiri Ansola
«HARATZAGO» MUGITZEN

Zazpi urte daramatza Lekeitioko Ikastolak aldaketa pedagogikoak ezartzen

Astebete falta da aurtengo Ibilaldirako, zeina Lekeitioko Ikastolak antolatu duen «Haratzago» lemapean. Duela zazpi urte hasi ziren konfiantzaren pedagogia lantzen eta, Haur Hezkuntzan ez ezik, Lehen Hezkuntzan ere aplikatu dute, erreferente bilakatuz. Haurrak jaiotzetik berezko duen ikasteko grina mantentzea dute ardatz.

Ikastola, eskola, hezkuntza zentro batera sartu eta jolastoki erdian futbol zelairik ez ikusteak jada aurreratzen dizu sartu zaren lekuan zenbait aldaketa garrantzitsu egin dituztela. Eta hala da. Izan ere, jolastokiko xehetasun hori garrantzi gehiegirik ez duen kontu bat balitz bezala har badaiteke ere, izan daiteke abian jarritako eraldaketa prozesu erraldoiaren ondorio ere.

Lekeitioko Resurrecion Maria Azkue ikastolak antolatuko du aurtengo Ibilaldia. Maiatzaren 19an ospatuko da, “Haratzago” lemapean. «Ikastolen sorrerarekin, modu klandestinoan, harantzago joan ginen eta orain ere, harantzago goaz», adierazi du Ibon Goitia zuzendariak. Duela zazpi urte hasi ziren metodologian aldaketak eman behar zituztela sumatzen, buruari bueltak ematen. Arizmendi eta Aranzadi ikastetxeek ere bat egin zuten ekimenarekin. «Garai hartako Haur Hezkuntzako irakasleei zalantzak eragiten zizkieten eguneroko esku-hartzeek eta saioak prestatzeko moduak. Gure artean, zenbat eta formazio gehiago jaso, are zalantza gehiago sortzen zitzaizkigun», kontatu du Alazne Varona irakasleak.

Gogoratu du garai hartan suspertzen zegoen mugimendu batez entzun zutela. Rafael Cristobal zen mugimendu horren sortzailea, zeinak hamar printzipio oinarri hartuta planteatzen duen haurrarekiko begirada berri bat. Konfiantzaren pedagogiaz mintzo da: «Haurra jada genetikoki prestatuta dago eboluzio bat emateko eta haur horrek behar du, gidatzea baino, testuinguru aberats eta seguru bat berak bere gaitasunak garatu ahal izateko», azaldu du, metodologia garaikide honen printzipio nagusia laburbiltze aldera; hau da, haurra ikasteko gogoz jaiotzen da, baina haur guztiak ez dira erritmo berean garatzen, «eta hori errespetatu beharra dago».

Erritmoa errespetatzea

«Guuste dugu umeak behar duela bere denbora eta guk eskaini behar diogula denbora hori eta testuinguru egokia», defendatu du. Testuinguru egokiaz edo aberatsaz mintzo denean, espazio konkretu batzuez ari da, material konkretu batzuk eta ekintzetarako proposamen jakin batzuk eskainiko dituztenak.

Hori guztia eskaintzeko, espazioen aldaketa bat ematea ezinbestekoa da, jakina. Futbol zelaiaz hizketan hasi dugu testua, baina Lekeitioko Ikastolak hormak botaz hasi zuen benetako aldaketa. “Testuinguru ekologikoa” kontzeptua ere irten da solasaldian, «hiru dimentsioko espazioaz» aritzean. Izan ere, ikastolako ordezkariek azaltzen dutenez, «izakia hiru dimentsioko espazioan garatu da beti», gurasoekin eguneroko lotura bat edukita. «Nahi genuen nolabait hori irudikatu», aitortu dute, gurasoengatik aldentzea kostatzen zaien haurrengan arreta jarriz: «Bederatziak puntuan umea hemen utzi eta joan egiten ziren lehen gurasoak. Negar asko sortzen ziren eta horrekin bukatzea nahi genuen».

Garai bateko testuinguru arrotzaren arrastoak ezabatu nahi izan dituzte, beraz. Irakaslearen rola ere errotik aldatuz. «Irakaslearen arduradun figura hori, bere mahai propioan, gidari moduan...». Rol berria definitzeko garaian eztabaidak izan zituztela onartu dute Varonak zein Goitiak.

Eztabaidotan ondorioztatu zuten, beste hainbat gauzen artean, «irakasleak ez duela ezer erakutsi behar». Eta paradoxikoa izan daiteke, baina, lekeitiarren aburuz, «bidelagun izan behar gara». «Lehen umeak gidatzen genituen, zer egin behar zuten esaten genien, eta, gainera, horren ebaluatzaile ginen. Ondo edo gaizki zer zegoen esan eta zigortu egiten genituen. Hori guztia desmuntatzen hasi ginen, umeari errespetuz heltzen».

«Jolastoki iraunkorra»

«Umea errespetatu egin behar dugu. Helburua ez da umeak ume izateari ahalik eta azkarren uztea heldu izatera igarotzeko», hausnartu du Varonak. Umea ume den garaian beraien beharrizanak identifikatu behar dituztelakoan dago, hala, gozotasunez hurbildu eta hitz egiten diegunen, beraien pare jartzearen garrantzia gogoratu du.

Goxotasun hori inguruan ere bila dezaten haurrek, hormak zer kolore izan behar zuten erabakitzerako ere izan zituzten eztabaidak. «Begira noraino heldu zen debatea!», aipatu du Goitiak, irakasle zein gurasoen arteko elkarlanari garrantzia emanez. Azkenean, nola ez, pastel gamako koloreak aukeratu zituzten. Kolore lasaiak.

Haurrak ikasgelara iristean, bederatzietatik hamarrak bitartean, jolasak aurkitzen dituzte ikasgelan. Jolas didaktikoak, ikasteko baliagarriak. Eta ikasgela bera, hormak kenduta, ikasgela handi bat da; arloka zatituta dago nolabait esatearren. Bazter batean artea lantzeko txokoa ikus dezakegu, hortik hurbil, txirrista, alboan zenbakiak... Haurrek ikastetxean igarotzen duten denbora guztia jolas moduan hartzearen arriskua ea baloratu duten itauntzean, Goitiak argi erantzun du: «Hori da gure helburua. Jolastoki iraunkorra izatea hau eta horren baitan ikastea».

«Gizakiak jolasen bitartez ikasten du guztia, animaliek ere olgetan ikasten dute. Jolasen bitartez deskubritu behar dituzte zenbakiak, letrak eta planteatzen diegun beste edozer», azaldu du Varonak. «Ikastetxea bizitzako esperientzia positibo gisa hartu behar dute. Traumak saihestu egin behar dira eta beti mantendu behar da umeek genetikoki ekartzen duten ikasteko grina», defendatu du.

Esperientzia traumatiko batek ikasketa prozesu guztia blokea dezakeela pentsatzen dute. Umeak irakurtzen ikasi behar duela tematzen bagara eta edukitzen badugu haurra sei hilabete sufrikario batean hurrengo kurtsorako irakurtzen jakin behar duelako, «higuina ere eragin daiteke. Aldiz, bere erritmoa errespetatuz gero, seguru azkenean hilabete baten buruan ikasiko duela», ziurtatu du.

Lehen Hezkuntzarako jauzia

Euren lana «fintzen» joan behar zutela argi zuten Lekeitioko ikastolan, baita luzaroan «formakuntza akademikora bakarrik mugatu» izan direla. Horren kontziente izanik, Haur Hezkuntzan ez ezik, Lehen Hezkuntzan ere «harantzago» joateko erabaki irmoa hartu zuten eta, hor, aitzindari izan dira. Lehen mailatik laugarrenera aplikatu dute konfiantzaren pedagogia, egokitzapen batzuk eginda, noski.

«Umeak haurtzaro egokia izan badu, bere beharrizan guztiak ase baldin badira, segurtasunez aritzen bada ikaskideekin, hau da, bere ibilbidea egokia izan bada Haur Hezkuntzan, piztuta eta ilusioarekin baldin badago, ikasteko ez du zailtasunik izango». Teoria horri heldu zioten Lehen Hezkuntzan ere aplikatzeko.

Haur Hezkuntzan eginiko birmoldaketa horretan irakasleak «ahaldundu» egin zirela nabarmendu du Ibon Goitia zuzendariak, lantaldeak osatu baitziren eta guztia eztabaidatu eta hausnartzera heldu baitziren. Ordura arte eztabaidatu ez ziren metodologietan aldaketak proposatu eta, adostasun bat egonez gero, aldatzeraino: «Kooperatiboki egin dugu lan». Kooperatiboki bai irakasleen artean bai gurasoekin ere. Ikastola gurasoen kooperatiba izanik –«hemen gurasoak dira jaun eta jabe»–, hasieratik harreman estua izan dute beraiekin, eta hausnarketak «propio» sentitu dituzte. Formakuntzarako hitzaldietara hurbiltzeko aukera ere izan dute: «Ez da izan kontu arrotza edo ezezaguna, gurekin batera joan dira metodologia ezagutzen».

Ez zen bideragarria Haur Hezkuntzan askatasunez aritu ostean, Lehen Hezkuntzako lehen mailara pasatzean bi dimentsioko geletara jauzi egitea. Hori horrela, jauzia galanta izango zen kontziente izanik, duela lau urte jarri ziren hori aldatzeko bidean. «Lehen Hezkuntza berria deitzen diogu», zehaztu dute.

Lehen Hezkuntzan jada akademikoki emaitza batzuk eskatzen dira, eta, horregatik, exijentzia eta malgutasun aldetik egokitu egin dute metodologia. Lehen mailatik laugarren mailara arteko geletan hormak bota dituzte, Haur Hezkuntzan legez, baina banatze aldera, ate irristailu batzuk jarri dituzte.

Hori ulertzeko onena bertatik bertara ikustea denez, lehen solairura igo eta berehala nabaritu dugu aldaketa. Lehen mailako eta bigarren mailakoak elkarrekin daude, solairuko alde batean; hirugarren eta laugarren mailako ikasleak, berriz, beste aldean daude. Zikloka egin dute banaketa.

Ikasteko proposamenak

Astelehena da eta goizeko hamarretarako minutu gutxi batzuk geratzen dira. Horrek zer esan nahi du? Orain bertan ikasleak irakasleen proposamenak aztertzen ari direla, arlo desberdinetakoak, ondoren bakarrik edo taldeka lan egingo duten erabakitzeko. «Antolatzen ikasten dute».

Astelehenero bederatzi proposamen eskaintzen dizkie irakasleek, astean zehar egiteko. Matematika, idazketa/irakurketa eta artearekin lotutako proposamenak izaten dira. «Guztia jolasen bitartez egiten saiatzen gara. Jolas batzuk arlo akademikoarekin lotuago daude beste batzuk baino –batzuk proposamen libreak izaten dira–. Oreka mantentzen dugu», nabarmendu dute.

Rafael Cristobalen metodologiak umeak pairatzen duen estresean ere jartzen du begirada. Egindako azterketek erakusten dutenez, umea 50 metro karratuko espazio itxi batean baldin badago, bere aulkian jesarrita eta irakaslea hitz egiten, arreta errazago galtzen du. «Adi egoteko, umeak aktibo egon behar du eta lehengo metodologia ez zen batere aktiboa», azaldu du Varonak. Gelan zirkulazio askea egotea beharrezko ikusten zuten, gainerako ikasleekin harremana izatea, haurrek elkarrekin ikasten baitute horrela. «Adin ezberdinak nahastuta daude eta elkarrengandik ikasteko eta irakasteko aukera daukate. Izan ere, irakasten dagoena aldi berean ikasten ere badago», azaldu du.

Eta bien bitartean, irakasleak ez daude beraien mahaietan geldi. Irakasleek ez dute mahairik! Haurrak mugitzen diren espazio berean mugitzen dira, umeen zalantzak argitzeko eta, modu batean edo bestean, laguntza eskaintzeko, beren lan-proiektuan «bidelagun izateko».

Euskal Herrian formula hori aplikatzen aurreneko ikastetxea izan da Lekeitiokoa, eta, duela lau urte martxan jarri zutenetik, gainontzeko ikastolen aitortza jaso dutela onartu dute. Momentu batean bidean bakarrik geratu ziren, baina orain erreferente bilakatu dira gainontzekoentzat. «Bide bat zabaldu genuen eta gustukoa izan da», azaldu du zuzendariak. Azken hiru urteotan 150 ikastetxeren bisita jaso dute gutxi gorabehera.

Beka sistema propioa

Matrikulazioetan ere igarri dute igoera. Eta horren arrazoi izan daiteke, Lakuak jartzen duen beka sistemaz gain, Lekeitioko Ikastolak berak beste bat ere abiatu duela. «Lakuako beka muturreko egoeran daudenentzat da», zehaztu dute. Zailtasunak dituztenei zuzendutako beka sistema propioa abian jarrita, lortu dute herrian dagoen etorkinen ehunekoa eta ikastolako ikasleen artean ematen dena paretsuak izatea, «eta oso pozik gaude emaitzarekin». Ildo horretan, nabarmentzen duten bezala, «mundu guztiak eduki behar du ikastolan ikasteko aukera».

Lekeition etorkin «kolektibo indartsua» izanik, diru partida bat gordetzen hasi dira beraientzat, eta guraso pila bat hurbildu zaizkiela aitortu du Goitiak. «Ikasleen %40 da bekaduna. Portzentaje garrantzitsua da. Azken batean, herriaren isla zuzena gara. Azken hamar urteotan ehuneko hori %30 eta % 40 artean mantendu da».

Lekeitioko beka sistema eredu da eta Ikastolen Elkarteak berak ere beste herri batzuetara zabaltzeko asmoa agertu du. Lehen Hezkuntzan Lekeitioko Ikastolak ezarritako sistema hedatzeko ere lantaldeak eratu ditu Ikastolen Elkarteak. Momentuz, 30 ikastetxe batu dira: «Irakasle ugarik ikusi dute begi onez gure proiektu».

Hala ere, Varona zein Goitiak azpimarratu dute oinarrizko irakaspen batzuk pasa daitezkeela zentro batetik bestera, baina, gero, bakoitzak, bere errealitatearen arabera, horiek egokitu behar dituela: «Gure formulak Lekeitiorako bakarrik balio du. Eredua beraiena dela sentitu behar dute gainontzekoek».

Eredua zabaltzeko lan guztia borondatez egiten dute, baina elkartasun kutxa bat eratu dutela nabarmendu nahi izan dute. Bertan bildutako «diruaren kopuru handi bat» Seaska eta Nafarroako ikastolak laguntzeko bideratzen dute.