Ramon Sola

Politika bihozgabea bada ere, eskuzabala izatea komeni

Saskibaloi partiduen tankerara jokatzen dira hauteskundeak, ez futbol partiduen antzera. Azken horietan berdinketa gerta daiteke, irabazi ezinean ibili baina galtzea ekidin eta azkenik bi taldeen artean saria banatzea. Saskibaloian, aldiz, emaitza estu-estu joan daiteke, baina azkenean bi lehiakidetako bat aterako da beti garaile eta bestea galtzaile. 40 minuturen ondoren berdinketa izanez gero, ezinbestean luzapena dator, beste norgehiagoka bat.

Arauak horrela izanda, hauteskunde espainolen partida PSOEk irabazi zuela bistan da, benetako emaitza berdinketa nabaria zen arren: PSOE eta Unidas Podemosek batutako bozak 10.362.200 izan ziren (Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako independentista eta soberanistak gehituta, 12 milioi pasatxo); eta PP, C’s eta Voxek bildutakoak, 11.169.796. Bozen eta eserlekuen artean aldagai erabakitzailea sartu zen: siglen arteko fragmentazioa, kasu honetan bloke aurrerakoiaren mesedetan.

Taldekako txirrindularitza lasterketa baten antzera ere jokatzen dira hauteskundeak, ez norbanakoen artekoak bezala. Helmugara azkarren heltzen denak ez du garaipena bermaturik, gobernatu nahi badu beharrezko gehiengoak osatzeko taldekideak beharko ditu-eta. Galde diezaiotela Javier Marotori Gasteizen, bai eta Javier Esparzari Nafarroan ere, gutxitan aipatzen bada ere bera izan baitzen 2015eko hauteskundeetan boz gehien eskuratu zituen zerrendaburua (92.705, Uxue Barkosek jasotako 53.497 bozekin alderatuta, oso gainetik). Barne fragmentazioa saihestearekin batera, beraz, ezinbestekoa da nork bere siglez haratago adiskideak izatea, bidaide bilakatzeko modukoak behintzat.

Taktika kontuak une batez alde batera utzita, azken urteotan soziopolitikoki nabarmenen aldatzen ari diren herrialdeak –Lapurdirekin batera– Araba eta Nafarroa direla antzeman daiteke. Gertuko bi adibide emateagatik, Arabako hiriburuan Maiatzaren 8an zein Korrikaren bukaeran izan ziren mobilizazio erraldoiak aipa daitezke, edota, Osasuna Lehen Mailara igo berri den honetan, Iruñeko ospakizunetan euskarak izan duen protagonismo handia, duela hamarkada bat edo bi guztiz pentsaezina zena. Biharko hauteskundeen emaitzek aldaketa orokor hori moteldu edo bizkortu dezakete, baina ez dute geldiaraziko (ez eta, kontrako ikuspuntuan jarrita, bururaino eramango ere). Horrela ulertuta, M26 honetan hautetsontzietatik pasa ostean egoera berdintsua izango da, baina, emaitzari soilik erreparaturik, ezin da berdinketarik gertatu; irabazi ala galdu egingo da. Eta hori barneko sendotasunak eta kanporanzko akordio gaitasunak baldintzatuko dute.

Bi gako horietan EH Bilduk aurreratutakoa zinez eredugarria da. Hasieratik eta askoz testuinguru zailagoan indar politiko ezberdinak biltzeko egin zuen lana are aipagarriagoa suertatzen da Iruñean aldaketa bera arrisku larrian jartzen duen ezker espainiarzalearen zatiketari erreparatuta: ea inork ez duen bihar gauean Aranzadi, Podemos eta I-Eren arteko norgehiagoka arduragabeaz damurik izan behar. Eta oraindik ere aipagarriagoa da agian kanporantz egindakoa, hau da, EH Bilduk Gasteizen Maroto eta Nafarroan Esparza kentzeko izan zuen eskuzabaltasuna, ez baita garbi antzematen Gorka Urtaranek Miren Larrioni boza emango zionik, ezta Uxue Barkosek bere kontrolpetik aparteko gobernu baten alde egiteko borondate irmorik izango zukeenik ere. •