Xabier Izaga Gonzalez
OROITZEKO ARTEA

Vasco-Navarro trenaren historia, Elortza-Zekuñauko tuneleko margolanetan

Duela berrogeita hamar urte egin zuen azken bidaia Gasteizen zehar Bergara eta Lizarra lotzen zituen Vasco-Navarro trenak. Haren ibilbidea, ordea, paisaia ederrez gozatzeko gune aproposa da, eta orain arteaz ere bai, Elortza-Zekuñauko tunelean tren haren historiaren eta inguruko herrietako gertakari askoren berri ematen duena.

XIX. mendearen amaieran bazen Gasteiz eta Leintz Gatzaga lotzen zituen bide estuko tren bat, Vasco-Navarro izenekoa. Haren lokomotorrak “Euskalherria” zuen izena. XX. mendearen hasieran, tren hura, Leintz bailara zeharkatuta, Bergararaino iritsi zen, eta, ondoren, Arabako Lautadan eta Mendialdean zehar, Nafarroara sartu zen, Lizarraraino. Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako herri txiki askotan geltokia zegoenez, trenaren zerbitzua oso garrantzitsua zen, hiru euskal herrialde eta herri txiki ugari Arabako hiriburuarekin lotzen baitzituen. 1967an egin zuen azken bidaia Vasco-Navarro trenak, hogei urtez jarraian galerak izan ostean.

Gaur egun ez dago tren hura ikusterik, baina jende asko gerturatzen da bide horretara, aisialdi gune gisa hartuta, bertatik paisaiak ederrez gozatzeko. Izan ere, Vasco-Navarro trenaren ibilbidearen zati handi bat bide berde bilakatu da eta ez dira gutxi oinez edo bizikletaz trenbidea zihoan ibilbidea egiten dutenak, oraindik zutik dauden tunel eta zubietatik. Araban oraindik ere desagertutako trenbidearen aztarna ugari kontserbatzen baitira, edonork bisitatzeko modukoak; esate baterako, aspaldiko geltokiak. Arabako Foru Aldundiaren edota Lakuako webguneetan ibilbideko etapen gaineko informazioa dago. Lehen etapa Gasteiztik Arlabanerainokoa da; bigarrena, Gasteiztik Laminoriako tunelerainokoa, eta hirugarrena, Santo Toribio baselizatik Santikurutze Kanpezurainokoa. Nafarroara sartuta Lizarraraino ere joan daiteke trenbide zaharra osorik ibili nahi duena.

GAUR8k oraingoan Arabako mendialdera jo du, Arraia-Maeztu ingurura, hain zuzen.

Berrogeita bost margo

Ibilbide horren garrantzia eta ondarearen balioa nabarmentzeko, Arabako Foru Aldundiak Bidearen Aztarnak proiektua abiatu zuen. Lehenengo, Elortza-Zekuñauko tunelaren segurtasuna bermatzeko obrak egin zituen. Tunela 330 metro luze da, eta haren egitura sendotzeko hormigoizko 45 horma egin zituzten. Ondoren, eta proiektu beraren barruan, ibilbidean zehar hainbat esku-hartze artistiko egitea erabaki zuten. Haietako batzuk, proiektuaren lehenengo fasea osatu dutenak, Irantzu Lekue artista eta Izaskun Urkijo arkitekto gasteiztarrek egin dituzte.

Tuneleko hormetan mural bana egin dute; guztira 45, beraz. «Tunelera sartu eta edozein kaletan topatu ditzakezun 45 pareta aurkitzen zenituen. Segurtasuna bermatuta zegoen horrela, baina estetika eta txirrindularien esperientzia lantzeko aukera paregabea zen», dio Lekuek. Lehenengo fase horretako 45 esku-hartze horiek Vasco-Navarro trena eta Arabako Mendialdea dituzte oinarri.

Tuneleko lan artistiko horiek guztiak silikato margoekin egin dituzte, mineraletatik ateratako margo naturalekin, hain zuzen, ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izan dezaten.

Hiru euskal herrialde lotu zituen tren hura, “trentxoa”, ondo gogoan dute zeharkatu ohi zituen herri haietako lagun helduek, eta gazteagoek ere badute haren berri; edonola ere, inguruko herrietatik ez ezik, beste edonondik ere joandako lagun ugarik gustura asko egiten dute haren ibilbidea. Tren hura oso estimatua zen; horren erakusgarri, esku-hartze artistiko horietan inguruko herrietako jende ugarik parte hartu du. Apinaiz, Maeztu, Elortza, Aletxa, Atauri eta Kanpezutik joan dira hainbat herritar Lekueren eta Urjikoren proiektuan laguntzera, haren parte sentitu direlako, Lekuek nabarmendu duenez. Mendialdeko herrietako jendeaz gainera, ARTgia taldeko emakumeek ere jardun dute artelanak margotzen.

Lau astean egin zuten lan eder hori, Aste Santuko oporraldia barne. Lekuek uste du egun horiek margolanetan parte hartzeko baliatu zituela jende askok.

Trenaren historia, hormetan

Esku-hartze guztiek inguru horrekin lotutako «keinuak, metaforak, herrien iraganaren eta orainaren pasarteak» jasotzen dituzte. Besteak beste, Mendialdeko pertsonaia historikoak, gertaerak eta animaliak ageri dira tuneleko margoetan. Haietako batean, Isaac Puente mediku anarkista. Maeztuko medikua izan zen Puente, faxistek 1936an Pancorbon hil zutena. Beste margolan batean, sorginkeria egotzita Logroñon Inkisizioak 1609tik 1614ra egin zuen prozesuan auzipetu zituzten emakume arabarrak, haietako gehienak mendialdetarrak, ikusgai daude. Agertzen diren animaliak inguru horretakoak dira; esate baterako, basurdea eta amuarraina.

Halaber, trenarekin eta trenbidearen eraikuntzarekin zerikusia duten gertaera historikoen margoak ere ikusgai daude. Horretarako, Javier Suso eta Javier Lopez de Luzuriaga adituek egindako lanari eta proposamenei garrantzi handia aitortu die Lekuek: «Garai hartako trenaren tiketak, pasarte historikoak... ikusteaz gain, trenak eguneroko bizitzan  izan zuen inpaktua ulertu ahal izango dute bertaratzen diren guztiek». Aurrerantzean gerturatzen diren bisitariek «oso bestelako esperientzia» izango dutela dio. «Ingurua ezagutzeko beste modu bat». Garai hartan trenak ekarri zuen iraultza ulertzeko klabeak daude horma horietan. «Izan zen erronka teknologikoa aipatzen da eta, nola ez, gertatutako istripu eta ezbeharrek ere lekua daukate».

Urtean 220.000 bisitari ibiltzen dira ibilbide berde horretan, oinez edo bizikletaz, eta esku-hartzearen xedea da asteburuetan, eta batez ere udan, Vasco-Navarro ibilbideaz gozatzera hurbiltzen direnek esperientzia aberatsagoa izatea. Lekuek bertan izan zen egunetan jende asko igaro zela dio. «Galdera asko egin dizkigute eta jendeak oso ondo hartu du».

Bidearen Aztarnak proiektuarekin, ibilbide berdearen garrantzia nabarmentzearekin batera, Vasco-Navarro trenaren oroitzapena ez ezik, hark zeharkatzen zituen herriena ere berreskuratu nahi dute.

 

Laudioko «sororitatea» eta Derioko emakumeei omenaldia, herritarren parte hartzea eta gai sozialak ezaugarri dituzten muralak

Joan den larunbatean, Laudioko herritarrek egindako mural bat aurkeztu zuten. Maeztuko Elortza-Zekuñauko tuneleko margolanak bezala, Irantzu Lekuek diseinatu eta zuzendu du Laudioko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak sustatu duen mural hori. Indarkeria matxista gai –salagai, alegia– duen margoa Goikoplazan, autobiako zubi azpiko horma batean dago ikusgai.

Muralaren aurkezpen ekitaldian Lekuek esan zuenez, emakumeen aniztasuna eta elkartasuna islatu dituzte; izan ere, “Sororitatea” da muralaren izenburua. Amets Meatza alkateordeak esan zuen indarkeria matxista salatu nahi izan dutela. Halaber, bai Udalak bai artistak ekimen horretan herritarrek parte hartu izana eskertu zuten.

Gogoetarako zenbait saiotan erabaki zuten Laudioko hainbat herritarrek horman zer irudikatu. Irantzu Lekuek gogorarazi du sororitatea, Sahara, Amagoia Elezkano indarkeria matxistak eraildako herritarra, emakumeen borroka eta beste zenbait ideia atera zirela saio horietan. «Gurpildun aulkian amona bat jarri dugu, gorputz eta izaera ezberdinetako emakumeak irudikatu ditugu, eskuen arteko emakume korrikalariak indarra adierazten du, eta, koloreen bidez, sexu eta genero aniztasuna islatu dugu», azaldu zuen. Amets Meatzak nabarmendu zuen feminismoaren ikurraren barnean dauden loreak Amagoia Elezkanoren omenez egindako keinua direla, baita indarkeria matxista jasaten duten emakume guztien omenez ere. «Aniztasuna, inklusioa, indarra, belaunaldien arteko harremanak eta sororitatea kale ekintza artistiko eta aldarrikatzaile honen parte dira jada», bukatu zuen.

Mural hori eta Elortza-Zekuñauko tunelean egindakoak ez dira Irantzu Lekueren ibilbidean salbuespenak, haren lanetan herritarren parte hartzea eta jendarte gaiak irudikatzea ohikoa baita. Ezaugarri horiexek ditu Derion egin berri duten murala, hori ere Lekuek diseinatua eta herriko emakumeak omentzen dituena.

Larrabarri kalean dago eta, Laudiokoa bezala, Udalaren ekimena da. Herritarrek zenbait biltzar egin zituzten Lekuerekin, artistak herritarren ideien berri izan zezan. Ondoren Lekuek emakumeei eta mugimendu feministei omenaldi eta esker ona adierazten duen irudiaren diseinuari ekin zion. Udalaren eta artistaren asmoa herritarrek parte hartuko zuten prozesua abiatzea zen, eta lortu ere, lortu zuten, 50etik gora derioztarrek margotu baitzuten mural erraldoia.

«Lan honen muina emakumea bistaratzea da», dio Lekuek, «indarkeria matxista eta emakumeok egunero jasaten dugun desberdinkeria amaitzea nahi dugu, eta horretarako geure harri-koskorra ekarri nahi izan dugu». Dioenez, learning by doing, alegia “eginez ikasi” kontzeptua barneratzea zen asmoa, eta apustua, «inguruaren eta estetikaren bidez zubiak sortzea, eraldaketa sozialerako bide gisa artea erabiliz».