Gorka Elejabarrieta

Deslegitimazioa

Nazio Batuen Erakundearen Atxiloketa Arbitrarioaren Lantaldeak Jordi Cuixart, Jordi Sanchez eta Oriol Junquerasen espetxeratzeak gogor salatu eta hiru buruzagi katalanen berehalako askatasuna eskatu du. Lantaldeak egindako txostenak ez du zalantzarako tarterik uzten eta espainiar Estatuaren politika gogor salatzen du. Ez da aipatu Lantaldeak espainiar Estatua gogor salatzen duen lehen aldia. “The New York Times” egunkariak dioen bezala, erabakiak ez du juridikoki espainiar Estatua ezertara behartzen, baina politikoki gogor kolpatzen du. Zalantzarik ez dut Espainiak ez duela NBEk eskatutakoa beteko eta, horrek, Estatu espainolaren sendotasuna beharrean, bere ahulezia utziko du agerian. Eta nahiz eta erabakia nire ustez garrantzi handikoa izan, oro har oharkabean pasa da, edo hori iruditu zait niri behintzat.

Europan, oro har, gurea bezalako gatazkak erreferendum bidez konpontzen hasi dira. Fenomeno nahiko berria da hori. Bide demokratikoa gailentzen ari da eta hori atzera bueltarik gabeko bidea da. Hau da, estatuek jakin badakite ezin dutela lurralde bat beren mugen baitan indarraren bidez eta lurralde/nazio horretan bizi diren biztanleen gehiengoaren borondatearen kontra atxiki. “Dibortzioa” legezko bilakatzen ari da Europako estatu gehienetan, eta horretarako legeak, prozedurak, zehazten ari dira. Europar Batasuneko estatu kideen erdiek independentzia XX. mendean lortu zuten eta argi dago datozen urteetan estatu berriak jaioko direla. Horrek horrelako prozesuen normalizazioa ekarriko du. Eta normalizazio horren aurrean, espainiar Estatuaren jarrera eta jardun ez demokratikoa gero eta ageriago geratuko dira. Estatuaren deslegitimazioa funtsezkoa da, eta, deslegitimazio hori lortzeko bidean, NBEren adierazpen horren modukoek garrantzi handia daukate.

Ulertzen dut oso zaila dela Estatuak egunero egiten dituen bidegabekeria guztien jarraipena egitea. Bidegabekeria horiek guztiek gure sentsibilitatea ere kutsatu egiten dute, ohitu egiten gara bidegabekeriotara eta ez gaituzte lehen bezainbeste asaldatzen. Horri buruz asko dakigu Euskal Herrian. Horregatik kanpoko norbaitek gurean gertatu den zerbait ez dela batere justua gogorarazten digunean, maila batean, esnatu ere egiten gaitu. Ez dezagun perspektiba galdu, bataila hau epe luzeko gerra da, ez da egun batetik bestera ez galduko ez irabaziko. Demokratizatuko ez den eta autodeterminazio eskubidea onartuko ez duen Estatu baten menpe gaude, eta horrek gure taktika eta estrategiak guztiz baldintzatzen ditu, baita gure barne zein kanpo politikak ere. Gehiengoaren babes argia eta nazioarteko estatuen aitortza eskuratu behar ditugu, nahitaez, baina baliteke hori ere nahikoa ez izatea. Estatuaren helburua statu quo-a mantentzea da, eta jakin badakigu helburu hori lortzea, eta, bereziki, mantentzea, ez zaiola erraza izango. Guk beste bi gauza lortu behar ditugu: Estatuaren deslegitimazio demokratikoa nazioartearen begietara, eta, horrekin batera, gatazkaren konponbidea ekarriko lukeen proposamen demokratiko eta zentzudun bat lau haizeetara zabaltzea.

Orain arte bakoitzak bere jokoa bakarrik jokatu du. Euskaldunok gurea, katalanek beraiena. Ez batzuek ez besteek ez dugu/dute garaipenik lortu. Bide, modu, diferenteak saiatu dira, elkarrizketa eta akordioaren bidea, alde bakarrekoa... Borroka tresna oso diferenteak ere erabili dira, baina emaitza beti berdina izan da. Bada partida elkarrekin jokatzeko unea. Madril, Brusela eta nazioartearen aurrean elkarrekin agertzeko momentua. •