Xabier Mikel Errekondo

Galdu ala irabazi

Hauteskundeen olatu artean bizi gara, surflarien gisan. Orain bat, orain beste bat. Olatuak baino lehertzean sortzen duen aparrak sarritan indar gehiago duen bezala, hauteskundeetako emaitzen zenbakiek baino biharamun aroko akordioek zehazten dute nork osatuko duen gobernua, nork irabaziko eta nork galduko duen.

Bozketa egunera arte irabazle izendatzen dira alderdiak eta biharamunean ere, zenbakiak zenbaki, irabazle. Nekez aitortzen da inor galtzaile. Herria hitzetik hortzera darabilte denek, merkantzia huts lez. Boz gehien lortu duen alderdiak beretzat aldarrikatzen du agintea, nahiz bozen erdira iritsi ez, nahiz ordezkarien erdiak bildu ez. Herritarrak nola mespretxatzen dute matematika bera ere.

Sistema petrala, hauxe: lau urtez behin herri ordezkariak aukeratu, zuzenago esanda… alderdietako ordezkariak. Ordezkari guztien lehentasunek, baina, lau mailako hierarkia bera betetzen dute, izan ezkerreko zein eskuineko: alderdia, alderdiaren inguruko interesak (enpresak), ordezkaria bera, eta, azkenik, herria eta herritarrak. Nago euskal ezkerraren eta eskuinaren arteko aldea lausotzen ari dela, ezkerrak ere alderdia duela lehentasun herritarra baino.

2015ean Gasteizerako udal hauteskundeak Marotok irabazi arren, galtzaile nagusia bilakatu zen. Larrionek Urtaran agintera igo zuen… “mal menor”, politikaren aplikazio gordina. Alta, gasteiztarrek irabazi egin al zuten? Erabaki hark ondoriorik izan al du? 2019an Larrionek galdu ala irabazi egin du? Eta Gasteizek?

Herritarrak beti dira galtzaile, nahiz aurreko lau urteekiko zerbait irabazi. •