Joshua MELVIN (AFP)
FILIPINAK

Lur azpiko ur gehiegi ponpatzeagatik, hiriak hondoratzen ari zaizkie

Orain hogei urte baino gehiago, Mary Anne San Jose izeneko emakumea Sitio Pariahan Filipinetako artxipelagoko iparraldeko herrira bizitzera joan zenean, elizara oinez joaten zen. Gaur egun igerian joan beharko luke, bai behintzat paretak dagoeneko moluskuz beteta dituen tenpluan otoitz egin nahi balu.

Arrazoia ez da itsasoaren mailak, klima aldaketaren eraginez, gora egin izana (fenomeno horrek milioika lagun ditu kezkatuta Filipinetan bertan eta mundu osoan), Sitio Pariahan herriko lurra hondoratzen ari dela baizik.

Eskualdeko beste herri batzuetan gertatzen den moduan, Manila badiako ur gazikarak uholdeak eragiten ditu itsasertzean, eta milaka herritarrek alde egitea beste erremediorik ez dute izaten. Adituek garbi dute hondamendi geldo horren sorburua gizakien jarduera dela: geruza freatikoko ura ponpatu egiten dute etxebizitzetan, lantegietan eta landetxeetan erabiltzeko. Ez litzateke arazo izango hori egiten duten pertsonak gutxi izango balira. Baina oso kaltegarria da herrialdeko populazioa ikaragarri hazten ari denean eta ekonomiak berak ere gora egiten duenean.

Espezialistek esaten dute lurra hondoratzeak suposatzen duen mehatxua itsasoaren mailak gora egitea baino okerragoa dela herritarrentzat. Kontuan hartu behar da Manila Filipinetako hiriburuan 13 milioi lagun bizi direla.

Edonola ere, manilatarrek eta beraien ondasunek uraren mailarekin duten arazoa larriagotu egiten da baldintza jakin batzuetan: itsasgorarekin eta, jakina, urtean izaten dituzten hogeiren bat ekaitza tropikalek eta tifoiek eragindako uholdeekin.

«Lehen toki hau oso polita zen eta umeek kalean jolasten zuten. Orain, berriz, beti itsasontziren bat behar dugu mugitzeko», adierazi dio France-Presse agentziari Mary Anne San Josek.

Kapera, urak hartuta

Testuinguru horretan, ez da harritzekoa Sitio Pariahanen gero eta jende gutxiago bizitzea. Familia gutxi batzuek alde egiteko tentazioari eutsi egin diote; haur eskola bat badute, baita saskibaloi kantxa bat ere. Garai batean kapera zena, gaur egun urak hartuta dago. Familia horien etxeak banbuz egindako piloteen gainean eraikita daude. Edo lur pilen gainean. Oraingoz eusten dute.

Manila hiriburuko iparraldean dauden eskualdeetan larri daude. Pampanga eta Sitio Pariahan dagoen Bulacan probintzietan urte asko daramatzate arazo berarekin: urtean lau eta sei zentimetro bitarteko altuera galtzen dute 2003az geroztik, satelite bidez egindako neurketen arabera. Beraz, hamasei urteko epean metro bat behera egiten du lurrak, Narod Eco zientzialariak esplikatu duenez.

Zenbaki horiek ulertzeko alderaketa bat egin daiteke: Nazio Batuen Erakundeko adituek egindako kalkuluen arabera, munduan, itsasoaren mailak hiru milimetro egiten ditu gora urte batean. Bulacan eta Pampanga probintzietan, lurra berrogeitik gora milimetro jaisten da urtean.

Lurraren hondoratzea konpontzea oso zaila da. Adituek diote leku horietan buztin-lurra dutenez, geruza freatikoko ura ateratzean buztina kuzkurtu egiten dela. «Abian dagoen hondamendia da, ezinbestean», kexatzen da Narod Eco zientzialaria.

Arazoa, larriagotzen

Arazoa konpontzerik ez, eta agintariek leku batzuetan ondorioak hain larriak izan ez daitezen neurriak hartu dituzte: errepideen maila igo egin zuten. Ondorioz, irudi harrigarriak izaten dira, esaterako, autoek erabiltzen duten bidea, inguruko etxeetako atearen eskutokia baino gorago dago.

Azken hamarkadotan gutxienez 5.000 lagunek egin dute ihes hiriburuko iparraldeko eskualde horretatik. Beraien lurrak urak hartuta izanik beste irtenbiderik ez dute ikusi, hondamendiak kudeatzeko zerbitzuko arduradunek jakinarazi dutenez. Eta mehatxua badiako auzo askotara zabaltzen ari da.

Geruza freatikoko ur gehiegi ponpatzeak dakarren arazoa oso ezaguna da eskualde honetan. 2004az geroztik, putzu berriak zulatzea debekatuta dago Manila Handian. Baina erabakitakoa betearaztea eta legez kontrako putzu guztiak ixtea, herritarrek debekua errespetatzea, oso zaila egiten ari zaie, nahikoa baliabide ez dutelako.

«Ez dugu nahikoa giza-baliabide. Ahal dugun guztia egiten dugu», adierazi du Sevillo David Ur Baliabideen Kontseilu Nazionaleko zuzendariak.

Ekonomiak, gora

Ur eskaria ikaragarri hazi da Manilan 1985az geroztik, populazioa asko hazi baita. Aldi berean, barne produktu gordina ere askoz ere handiagoa da: azken boladan hamar aldiz handiagoa bilakatu da. Horrek eragin du gero eta ur gehiago behar izatea, batez ere nekazaritza industriak eta lantegiek.

«Herria hondoratzea mehatxu larria da herritarrentzat zein beraien kultura eta bizimoduarentzat», ohartarazi du Joseph Estadilla eskualdea babesteko sortu duten aliantzako eledunak. «Etorkizun hurbilean egoerak okerrera egingo du», aurreratu du ekintzaileak.

Manila ez da arazo bera duen hiri erraldoi bakarra. Beste leku asko daude tankerako egoeran, batez ere Asian. Jakarta Indonesiako hiriburuan, esaterako, eremu batzuetako lurra 25-30 zentimetro jaisten da urtean.

Arazo bat Houstonen...

Thailandiako Bangkok, AEBetako Houston eta Txinako Shanghai dira datozen urteetan uholde asko sufritu behar izango dituzten hiri erraldoietako batzuk. Espezialistek diote hiri horietan neurri okerrak hartu izan dituztela arriskuari aurrea hartzeko garaian, eta ur freatiko gehiegi ateratzen dutela lur azpitik. Gainera, itsasgorak eta gero eta maizago izaten diren ekaitz bortitzek arazo asko sortuko dituzte etorkizunean.

Sitio Pariahanen, berriz, Mary Anne San Josek ahal duena egiten du bere luxurik gabeko etxean jarraitu ahal izateko: «Urtero igotzen dugu lurra. Orain buruarekin sabaia ukitzen dut ia».